Kulturea  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

Igartza Saria 2003 // Irabazlea: Asel Luzarraga bizkaitarra

Igartza Sariaren nondik norakoak

Igartza Saria, idazle barrientzako literatur sorkuntzako beka lez, 1998an sortu zan, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolaturik. Idazle gazteen beharra laguntzea da bekearen helburua eta, horrenbestez, deialdira aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratu izan da urtero irabazletzat: idazle horrek, sariak beragaz dakarren dirua jasoteaz ganera, urtebeteko epea dauka bere asmoa borobiltzeko eta argitaletxearen bermea lan hori behar bezela plazaratzeko.

Seigarren urtea bete dau dagoeneko Igartza Sariak eta esan leiteke, bere historia laburrean, leku bat bereganatu dauela euskal literaturaren barruan, bai idazle irabazleak egiten dagozan bideagaitik eta bai irakurleek obra sarituei erakutsi deutsen onespen edo mirespenagaitik be.

Lehenengo deialdian, Julen Gabiria galdakaotarrak irabazi eban saria eta, horri esker, 'Connemara gure bihotzetan' nobelea idatzi eta 2000ko urte hasieran kaleratu eban.

Bigarren deialdian, jasotako proiektuen kalidade handia zala-eta, sari normalaz ganera, akzesit bat emotea erabagi eban epaimahaiak. Gauzak holan, Xabier Etxeberria zarauztarrak —saritu nagusiak— 'Egun denak ez dira berdin' eleberria idatzi eban eta Jasone Osoro elgoibartarrak, barriz, 'Korapiloak' izeneko ipuin eta poema bildumea. 2001eko martian argitaratu ziran biak.

Hirugarren aldian, Fernando Morillo azpeitiarrak eskuratu eban beka hau eta horri esker, 'Ortzadarra sutan' izenburuko nobelea idatzi eban. 2002ko udaberrian plazaratu zan.

Laugarren deialdian, sariketearen ibilbidea eta emoitzak kontuan hartuta bikoiztu egin zan dirulaguntzinoaren zenbatekoa, milioi erditik milioi bat pezetara. IV. Igartza Saria Unai Elorriaga algortarrari emon jakon (artean Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi barik egoala). Aurtengo martian kaleratu dau horren emoitzea: 'Van’t Hoffen ilea'.

Bosgarrenean, gauza bitxia pasau zan. Oinarrietan bi muga ezartzen dira: hautagaiak 35 urtetik beherakoak izatea eta bi liburu baino gehiago ez argitaraturik. Dana dala, posible da aurretik irabazitako batek barriro irabaztea eta horixe pasau zan 2002an; urte horretako irailean Julen Gabiriaren proiektuak eskuratu eban saria. Oraintxe amaitu barri dau 'Han goitik itsasoa ikusten da' izeneko nobelea, datorren urte hasieran kaleratuko dana.

Bizkaie!

Aurtengo Igartza Saria Asel Luzarraga bilbotarrak jaso dau 'Karonte' izeneko lanagaitik. Luzarraga Bilbon jaio zan 1971n eta Bermeon bizi da gaur egun. Enpresa-zientzietan diplomatua da eta euskal filologian lizentziatua. Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan dabil irakasle hizkuntza eta literatura arloan. Idazle zereginetan zenbait ipuin argitaratu ditu eta laster kaleratuko dau bere lehenengo nobelea: 'Hamaika ispilu ganbil', Labayru argitaletxean.

Sariaren seigarren deialdian 9 idazlan-proiektu aurkeztu dira eta Julen Gabiria Lara, Jasone Osoro Igartua eta Xabier Mendiguren Elizegi epaimahaikideen erabagiz, finalistak hiru izan dira: 'Ispiluak', 'Karonte' eta Pololoak'.

Idazlan-proiektu sarituaren argumentua eta ezaugarri nagusiak

Ametsek urtebete emon dau ospitalean, koma egoeran, eta inork osatzerik espero ez ebanean, etxera bueltan jarri dabe, guztiz osatuta. Han dauka zain Naroa, 18 urteko lehengusina argentinarra, urte batzuk lehenago Bilbora ikastera etorria. Hasierako normaltasun itxura horren pean, gauza arraroak hasiko dira igarten inguruan: Ametsen izakera eta ezagupenen aldaketea, zelatan dabiltzan pertsonak…; hemen eta gaur pasau arren, zientzia fikzinozko kutsua dauen nobelea idatzi gura dau Asel Luzarragak, teknologia barriak giza kontzientziaren kontrolerako erabilten diran gizartearen posibilidadean arakatuz. Zeozelan, komikiaren eta zinearen eragina ikusten jako (planteamentuetan 'Matrix' gogorarazoten dau). Horrezaz ganera, misterioa eta maitasuna dira testuaren elementu nagusiak; idazkera arin eta freskoa darabil; narratzaile eta hari ezbardinak nahastauta aurreratzen da narrazinoa.