JM Coetzee Literaturako Nobel saridunaren obra bat euskeratuko da
2003ko Nobel sariduna ezaguna da dagoeneko: John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarra (ingelesez idazten dauena). Titulu bat aukeratu beharko dabe orain Jokin Zaitegi Sariketearen antolatzaileek Coetzeeren obra zabalaren artetik. Ondoren, eskubideak eskuratu, itzultzailea aukeratzeko deialdia antolatu eta datorren urterako beste altxor bat eukiko dogu euskal liburutegia horniduteko.
Bizkaie!
Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak Jokin Zaitegi Itzulpen Saria antolatu dau azken urteotan eta igaztik, Elkar argitaletxeagaz batera, nortasun barria emon jako lehiaketa honi: urtero Literaturako Nobel Saria irabazten dauen idazlearen obra bat itzultzea hurrengo urterako. Gipuzkoako Kutxak jarten dau itzultzaileari pagetako dirua, AEDk eta Elkarrek antolaketea. Edizino-beharra Elkarrek egingo dau. Itzultzailea aukeratzea, barriz, lehiaketa bitartez egingo da, parte hartu gura daben guztiei lagin bera euskerarazo eta gero.
Igaz, Imre Kertész hungariarrak irabazi eban Literaturako Nobel saria eta itzulpena egiteko saria, barriz, Urtzi Urrutikoetxea bilbotarrak. 'Sorstalanság' eleberria itzultzeko hungarieraz dakien euskaldunik ez eban topau argitaletxeak eta, gehienbat, alemanetik egin dau behar Urrutikoetxeak, ingeles, frantses eta espainolezko bertsinoak be erabiliz. Aitagarria, Urtziren beharra Karoly Morvay hizkuntzalari hungariarrak gainbegiratu dauela, honek bai baitaki euskera apur bat. Itzulpena amaituta dago eta zemendian kaleratuko da (Urtzi Urrutikoetxeari egindako alkarrizketea Bizkaie!-ren 33. zenbakian topauko dozue 'Barriketan' atalean).