Beñat Gaztelurrutia: 'Durangaldean kulturea, euskerea, lagunartea eta jaiak buztartuko ditu Kafe Antzokiak'
Berbaro Alkartearen ekinbidez, durangaldean euskalgintzearen eta euskal kulturearen erreferentzia izateko asmoagaz, laster ateak zabalduko dituan Durangoko Kafe Antzokiaren (DKA) ganean berba egiteko Beñat Gaztelurrutiarengana jo dogu.
Beñat Gaztelurrutia, 27 urteko abadiñoarra, bertsolaria, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren koadrilakoa, besteak beste, 1998an eta 2002an Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketako finalistea izandakoa, musikari batzuen letragile, Berbaro Alkartekoa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kolaboratzailea, Durangoko Kafe Antzokiko arduraduna...
Gaia aztertzen hasi aurretik, labur-labur baino ez bada be, datu batzuk emotea komeniko da: Berbaro Alkartea 1989an jaio zan, batez be, euskereari eta, oro har, euskal kultureari, arlo eta maila guztietan zor jakon begirunea aldarrikatu eta prestigioa emoteko. Sorreratik urte batzuk joan dira eta tarte horretan ez dira geldi egon: kultur ekitaldiak antolatzen, aldizkarigintzan, gazteen aisialdian eta euskerearen arloan aparteko ahaleginak egin dabez eta, gaur egun, erronka barriagaz dabilz buru-belarri: Durangoko Kafe Antzokiaren proiektuagaz hain zuzen be. Proiektua baino gehiago da dagoeneko eta ezustekorik ezean, 2004ko udan edo zabalduko ditu ateak.
1. Antzokiaz aparte Berbaro Alkartearen jarduna zelakoa da gaur egun?
Berbarok orain ia-ia 15 urte ekin eutson beharrari eta hasieran euskalgintzeagaz lotutako ekitaldiak antolatzea zan helburu nagusia. Apurka-apurka, heldutasuna hartu ahala, azkenengo 10 urteotako helburua euskalgintzeagaz lotutako proiektuak abiarazotea izan da, proiektu zehatzak eta buruaskeak, behin proiektuak martxan jarrita, euren kabuz funtzionetako asmoagaz abiarazotakoak; bide horretan, gauza asko egin dira: alkartearen ohiko ekitaldiez aparte, euskeraz bizitzen pertsonak gaztetatik hasi daitezan, momentu honetan gazte talde bat dago beharrean, udalekuak, haur literatura aretoa, kanpamentuak eta bestelako ekintzak antolatzen. Bestalde, orain dala urte batzuk komunikabideen munduan be sartu ginan: Eraz aldizkaria argitaratu genduan lehenengo eta, geroago, haren ordezkoa: Anboto. Gaur egun, aldizkari hau durangaldeko euskera alkarte guztien artean ataraten dabe eta aurreratuko deutsut urriaren 13an inauguratu dabela Anboto Irratia, egunero pare bat orduko emisinoa landuko dau durangalde osoan zabaltzeko. Euskerearen arloan, Durangoko Udaleko euskera zerbitzuaren ardurea daroa Berbarok eta euskeraz bizitzeko guneak sortzeko helburuagaz, txoko bat dogu, tabernea be bai eta AEKgaz batera, Berbalagun proiektua martxan ipiniko dogu datorren urtean. Horrezaz ganera, gaur egun era autonomoan beharrean dabilen Di-Da izeneko komunikazino, itzulpengintza eta diseinu enpresea abiarazo eban Berbarok.
2. Berbaro Alkartearen jarduera oparoan zehar, euskerea eta euskal kulturea izan dira ardatza. Durangon Kafe Antzokia egiteko ideia nondik nora sortu zan?
Guk hasieran ez genkian formulea Kafe Antzokia izango zan ala ez baina argi geunkan kulturea, euskerea, lagunartea eta jaiak buztartuko ebazan aterpe bat behar zala eskualde honetan. Orain 9-10 urte Berbaro tabernea zabaldu genduanean, asmoa horixe zan baina leku hori txiki geratu zan ateak zabaldu eta nahikoa arin. Eszenatoki txiki bat ipini gendun eta ekitaldi asko egin ziran luzaroan. Dana dala, esan deutsudan lez, txiki geratu jakun eta orduantxe hasi ginan buruari bueltak emoten. Bilbon Kafe Antzokia zabaldu ebenean, begiak zabaldu jakuzan, orduan konturatu ginan holako bat behar genduala geuk be. Hori bai, inbertsino handia behar zalako eta abar, hasieran gatx edo ezinezko ikusten genduan proiektua baina, orain urte batzuk, Liburu eta Disko Azoka baten suertau zan Azokearen ondoan egoan diskoteka bat hartzeko aukerea. Hor sartu ginan Gerediaga, AEK, ikastolak, Eraz eta geu. Azoka denporan hainbat kontzertu, bazkari, afari eta bestelakoak preparau genduzan eta jentearen erantzuna sekulakoa izan zan. Hor izetu zan garra eta orain arte ez gara geldi egon. Ideiaren jatorria horixe da.
3. Lehenengo Bilboko Kafe Antzokia eta gero Ondarroakoa be hor dagoz. Zuon proiektua mamintzeko ze erreferentzia erabili dozue?
Lehen be esan deutsut, Bilboko Kafe Antzokia izan da gure erreferentzia, Ondarroakoa geroago etorri zalako eta Bilbokoaren harian; ganera, ez dira bakarrak izango ze entzun dodanez, beste proiekturen bat be badago.
Dana dala, argitu behar dot Bilbon Kafe Antzokiak beteten dauen funtzinoa eta gureak beteko dauena ez dirala bat izango. Jakina, Bilbo Bilbo da eta Durango Durango. Uriburuak beharrizan batzuk daukaz eta Durangok beste batzuk. Ingurunearen eta hiztun kopuruaren aldetik ez dago biak parekatzerik eta, beraz, gure aldetik asmoa herriko alkarte, talde eta kultur eragileentzat gunea zabaltzea da, ingurunearen berezitasun eta beharrizanak kontuan hartuko dituan gunea.
4. Aurten, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ateak zabaltzea zan asmoa. Data zehatzik barik, inaugurazinoa datorren udan egingo dozue. Bidean zeintzuk izan dira traba nagusienak?
Oztopoak asko izan dira baina gu lako alkarte apal batentzako traba nagusiena aurrekontua izan da duda barik. Kafe Antzokiaren proiektua lantzen hasteagaz batera, dirua eskatzen hasi ginan; dirua euki ezkero, normalena lehenengo proiektua egitea eta gero ideia zabaltzea izaten da baina gure kasuan ezinezkoa izan zan hori. Hortik aurrera, proiektu bera gauzatzea be gauza korapilatsua izan da, alde batetik, aurrekontura egokitzeko eta, bestetik, zonaldera egokitzeko; kontuan euki, gurea ez dan eta Udalak babestutako eraikin baten eregiko dogula Kafe Antzokia, hiltegi zaharrean hain zuzen be. Beste alde batetik, administrazino beharretan be denpora asko joan jaku.
5. Zeintzuk izango dira Kafe Antzokiaren ezaugarriak?, zelako zerbitzuak eskainiko ditu?
Kafe Antzokia kulturgunea izango da gauza guztien gainetik, Euskal Herriko zein mundu osoko kulturak hartuko dauzena: gurea munduan ezagutzera emoteko eta kanpokoa gurera ekarteko. Alkargunea be izango da, euskaltzale eta kulturzaleen alkargune hain zuzen. Duda barik, zerbitzugunea be izango da ze tabernea egongo da eta bazkari eta afariak emongo doguz.
Herriko elkarte, talde eta kultur eragile guztiek euren lekua eukiko dabe DKAn eta esan behar deutsut, obrak hasi doguzan momentuan bertan, gero Kafe Antzokiko programazinoaz arduratuko dan pertsonea beharrean hasi da, talde, alkarte edo kultur eragile guztien artean hartu-emonak bideratzen.
6. DKAren ideia Euskal Herri osora zabaldu gurean, proiektuagaz bat egin daben kultura munduko ordezkari batzuekaz agerraldi publikoa egin zenduen aspaldi. Zerenbesteko oihartzuna euki dau orain arte?
Gure ustez, nahiko erantzun ona euki dau. Bilboko Kafe Antzokia ezaguna da Euskal Herri osoan eta kafe antzoki barri batek laster ateak zabaldu behar dituala arin zabaldu da hor zehar. Aitatu dozun agerraldi hori musikari, idazle eta bertsolari batzuekaz egin genduan eta hasiera-hasieratik euren babes eta laguntzino osoa eskaini euskuen. Kontuan euki, Berbarok hainbat urtetan makinatxu bat ekitaldi antolatu dituala eta hartu-emon sendoak sortu dirala; ganera, proiektu hau kulturea konsumiduten dogunoi interesetan jakun moduan, kulturea sortzen dabenei be interesetan jake.
7. Hasieran nabarmendu zenduenez, 'herritarren laguntzino barik ezinezkoa izango da proiektu hau aurrera eroatea'. Alde ekonomikoari begiratuta, oso oker ez bagagoz, milioi bat euroko dirutzea behar zenduen zeozertan hasteko. Durangoko Kafe Antzokia Sozietate Mugatua da eta orain pare bat aste egin zenduen akzionisten batzar nagusia. Zelan dagoz gauzak?
Bai. Hasierako aurreikuspenetan datu eta kopuru batzuk erabili genduzan. Milioi bat euroko inbertsinoa eta berrehun euroko bost mila partizipazino zehaztu genduzan. Gerora, aurrekontua osotzen joakeran, berehala konturatu ginan diru gehiago behar zala kafe antzoki bat zabaltzeko.
Gaur egungo datuen arabera, DKAren inbertsinoa mila laurehun eta berrogeita hiru milioi eurokoa edo berrehun eta berrogei mila pezetakoa izango da. Momentu honetan, 230 milioi pezetako finantzazinoa lortuta daukagu. Oraingoz, 696 akzinodun gara eta partizipazinoak, barriz 3374. Dirutan, 632.800 euro dira. Berbaro Alkarteak berak, bultzatzaile eta akzionistea danez, kopuru horren % 40 ipini dau, 265.000 euroko esfortzua hain zuzen be. Orain udagoienean beste kanpaina bat abiarazo behar dogu gehienbat durangaldeari begira. Guretzat oso inportantea izango da azken ahalegin hori.
8. Ateak zabaltzeko asko falta bada be, antzokiaren hazurdurea edo egiturea tente egongo da laster. Zehaztu eiguzu zein izango dan Durangoko Kafe Antzokiaren kokalekua.
Landako Auzoan egongo da. Durangoko Udalak oraintxe eregi dau bertan erakustazoka erraldoia, urtean zehar ekitaldi askotarako erabiliko dan gunea, Euskal Liburu eta Disko Azokeak aurten estrainatuko dauena. Ingurua oso txukun geratu da eta DKA be hortxe kokatuko da, lehenagoko hiltegi zaharra egoan lekuan; orain 120 bat urte eregitako eraikuntzea zan eta goitik behera erabarrituta, hortxe kokatu dogu. Harlandu ederrak banan-banan desmontau eta gorde doguz gero barriro ipinteko. Egiturea eta teilaturaino otsailerako edo eukitea espero dogu. Guztira, 650 bat metro karratu eukiko ditu; sarrera bat eukiko dau, tabernea, eszenatoki zabala eta goiko pisuan anfiteatro txikia, ikuskizunak leku diferenteetatik ikusteko.
Beharrean dabiltzan gremio guztiek badakie ondo prisa handia daukagula eta nik uste dot atzerapenik ez dala egongo eta, ezuste handirik barik, inaugurazinoa bagilean egin gurako geunke.
9. DKAren ardura eta burukominagaz, bertsolaritzea eta bestelako zereginak baztertuta daukazuz?
Bai. Bertsolaritzeari buruz berbetan hasita, buru-belarri beste gauza batzuetan dabilenak normalean beti ixten dau albo batera ze bertsolaritzeak asko eskatzen dau, saioak egin behar dira, teknikak eta enparauak landu egin behar dira eta danetarako astirik ez dago, bertsotarako burua fresko behar da. Igaz, Bizkaiko Txapelketako finalean parte hartu ostean, saio bakarra egin dot udara arte. Uda inguruan pare bat dei edo jaso nebazan baina sei hilabete bertsotan ibili barik egonda ezinezkoa zan; orduan, irailean kantetan hasteko epea jarri neutson nire buruari eta Izurtzan egin dot azken saioa oraintsu. Dana dala, oso-oso lanpetuta nabilela konturatu naz bertsotan fundamentuagaz jarraitzeko eta dei gehiagorik jaso ez badot be, etorri daitekezan eskabideei ezin izango deutset erantzun. Aurrerago, apur bat trankiltzen nazenean ekingo deutsat.
10. Edozelan be, pare bat bertso eskainiko deuskuzuz, ezta?
EUSKAL HERRIAK DITU
ERRONKA UGARI.
BERTSO BITAN LEKURIK
EZIN EIN DANARI.
GUK KAFE ANTZOKIA
DAUKAGU GURARI,
BIZITZA EMOTEKO
GURE HERRIARI.
ERAIKITZEN GABILTZA
TA GUTXI FALTA DA.
TOPALEKU BARRI BAT
NAHI DOGU ATARA
ETA HERRI OSOA
EKARRI BERTARA,
HERRIA BIZI BADA,
IZANGO BAIKARA.
Koldo Isusi Zuazo