Bidaide  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

2002: India azpikontinentean zeharreko abenturak (IV)

Taj Mahal eta bestelako jauregi batzuk...

Duda barik, Varanasi izan zan guretzako Indiako lekurik ederrena. Hori bai, Agrako Taj Mahal jauregia be zoragarria da. Sartzeko 750 rupia (15 euro) pagau behar ziran eta egun oso bateko aurrekontua izan arren, geroago ez ginan damutu. Taj Mahal eraikinaren argazki asko geunkazan ikusita baina hain ederra eta neurriz jauregitzarra dan eraikina zuzenean ikusteak estasi edo lilura berezia sortarazoten dau. Dana dala, eraikin hori kenduta Agra urian ez dago denporea galtzeko moduko eraikin askorik; akaso, arkitekturea maite dabenek gotorlekua be bisitau beharko leukie. Jaipur, Rajastango uriburua, Indian egin genduan azken geldialditxua bestelakoa da. Larrosa koloreko uri lez ezaguna da, izan be, kolore horretakoak dira alde zaharreko etxebizitza gehienetako fatxadak. Jaipur uria basamortuaren erdi-erdian kokaturik dagoala kontuan hartuta, ganerako herrietako saltsa eta zarategaz batera, giro berezia igarten da. Elefanteak, dromedarioak, palmondoak, harea... ohiko elementuak dira eta, gure uste apalean, Rajastan Indiako eskualderik ederrenetakoa da; ganera, bisitari edo turista gehien erakarten dauen uria da. Halan da guztiz be, Jaipurren egunero ehundaka turista sartzen badira be, uriko bazter eta ingurualde ederrenak ez dira bape ezagunak. Uriaren barren-barrenean sartzeko eta Rajastan kulturala ezagutzeko asmoagaz, taxi bat alokatu genduan gidari eta guzti egun osorako. Lehenengo geldialdia nekazaritza giroko eskola bat izan zan eta, geroago, lekutako herritxuetan larrua lantzen eben artisauen beharra hur-hurretik ezagutzeko aukera izan genduan. Momentu gogoangarriak: lantzean behin, dromedarioen indarrez ebiltzan gurdiak aurreratzea, tarteka, artalde handiak pasetan ixtea edo trenbideetako beharginen bizimodua hurretik ezagutzea.

Ostatura kantsau-kantsau eginda heldu ginan baina pozik, izan be, Indiako ohiko saltsea eta zaratea ahaztu eta leku baketsuetan zehar ibili ginan. Egun bi baino ez jakuzan falta Indiatik alde egiteko eta ordurako Delhirako autobus txartela patrikeran geunkan. Delhitik Vienara hegazkinez eta handik etxera salto baten. Bidaia luzea India azpikontinentean zehar egindakoa eta, beharbada, gogorrenetakoa, besteak beste, ospitalean ingresauta egon ginalako eta maoista gerrillearen erasoa be bizi gendualako.

Kontuak kontu, kanpoan luzaroan egon osteko ohiko sentsazinoa euki neban, etxean kanpotar ikusi neban neure burua. Dana dala, azken lerro honeek idazten nagoan bitartean, ezin dot burutik kendu laster Filipinas, Indonesia, Ekialdeko Timor eta Singapurrera egingo dogun osterea. Datorren urtean eukiko dozue guztiaren barri Bizkaie!-ren Bidaide atalean.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Zigor Aldamak eta Demelsa Gonzalezek India azpikontinentean zehar egindako osterearen azken txanpa Indiatik bueltan.

Gandhiren etxean atzera be

Benetako odisea izan zan Dacca eta Calcuta bitarteko itzulerea. Lehenengo eta behin, Dacca eta Jessore, Indiako mugatik hur dagoan herrira arteko bidea Bangladesh Airlines konpainiako Fokker 28 zahar baten egin genduan. Aireportuan taxia hartu eta ordubeteko bidea egin ondoren, mugara heldu ginan. Han, taxi konpartitua geunkan zain Calcutako Howrah tren geltokira joateko. Azken txanpan, trenez heldu ginan Varanasira. Abenturea goizeko bederatzietan hasi eta egun bat beranduago amaitu zan. Pentsetan genduan lez, hegaldia ordubeteko atzerapenagaz urten arren, horixe izan zan bidaiako zatirik gozoena. Mugara heltzeaz batera, planak goitik behera aldrebestu ziran. Hasteko, pare bat ordu edo emon genduzan Indian sartzeko, izan be, inmigrazinoko ofizialak era guztietako galderak egin euskuzan: ezkonduta zagoze?, zelako hartu-emonak dagoz zuon artean? eta antzekoak; guk lagunak ginala erantzun geuntson baina antza ez zan bape gustora geratu horregaz eta gure aurretik ehun bat lagun pasetan itxi ostean, gure aldartea aldatzen joiala ikusita edo, belarritik belarrira arteko irribarrea agertuz, pasaportean zigilu markea jarri eta pasetan itxi euskun. Galdutako denporearen ondorioz, ezin izan genduan taxi konpartiturik topau Calcutara joateko. Taxia betetako jentearen zain ordubete inguru egon ondoren, beste hiru lagun hurreratu ziran eta hogeita hamar urteko kotxean, mobiduteko be lekurik ez geunkala ekin geuntson bideari. Laurogei kilometro baino ez egozan Indiako metropolira heltzeko baina sei ordu behar izan genduzan, izan be, manifestazino batzuk tarteko bide nagusiak zarratuta egozan. Azkenean, izerditan busti-busti eginda eta oso kantsauta heldu ginan geltokira. Hurrengo erronka gogorra izan zan: ehundaka leihatila eta oharrak hindueraz. Demelsa motxilak jagoten itxi eta leihatila horreetako batera joan nintzan. Zelan edo halan, gura genduan lekurako eta kategoriako txartela erosi neban: Varanasirako lehen mailako txartela. Hirutan edo errepetidu neutsan eta patxada handiagaz emon eustazan txartel biak. Merkeegiak! Pentsau neban. Dana dala, trena martxan jarteko hamabost minutu baino ez ziran falta eta geltokiko trenbideetan egozan hogei bat bagoi-andana luzeen artean gurea topetea ez zan lan erreza. Zamaketari baten laguntzinoagaz, gure lekura heldu eta zur eta lur geratu ginan: ehundaka gizonezko bata bestearen gainean, inoiz ikusi dodan bagoirik zikin eta bildurgarrienean. Han sartzeari uko egin eta atzerritarrentzako leihatilara joan ginan. Asko kostata, azkenean gure gustoko txartelak erosi genduzan. Ordubeteko tartea geunkan zeozer afaltzeko baina alperreko ahalegina egin genduan ze pikanterik bako jatekoa topetea ezinezkoa izan zan. Sats eginda gengozanez, trenera igo, literan sartu eta atoan lo geratu ginan.

Ganges

Varanasi, lehenagoko Benares Indiako uririk sakratuena da eta bertan dago Ganges, herrialdeko ibairik garrantzitsueneko zatirik ezagunena. Trenez egindako bidaia 'barrokoaren' ondorenak ahaztu eta deskantsetako lehenengo goiza lotan emon genduan. Hurrengo egunean, goizeko bostetan jagi ginan goizargia edo egunsentia ibai bazterretik ikusteko eta hinduen errezuak entzuteko. Ikuskizuna sekulakoa da: hinduek bainua hartzen dabe purifiketako baina kontua da ze, ibaiertzean hildakoak errausten dabezala gero errautsak uretara botateko. Demelsak eta biok ikusitakoa ez dogu ahaztuko: txakur bat galapan ibaiertzeko eskilaratan gora, ahoan erdi erretako edo gardostutako giza beso bat eroiala.

Kontuak kontu, ezatsegina edo nazkagarria baino gehiago esperientzia interesgarria otu jakun, izan be, gureagaz zerikusirik ez daukan gizartearen kultura eta ohitura lez hartu genduan. Ganera, egoerak parekatzerik ez dagoan arren, gure Euskal Herriko hondartzak jentez gainezka egon dira aurtengo udan eta galipotagaz batera uger egin beharra egon da...