Antxina-barri  I. urtea // 2. zenbakia - 2002ko maiatzaren 15a - Hamaboskaria

Matxitxakoko gudua


Iñaki Goiogana Mendiguren,
Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria.

1936ko gerran, Euskadiko Jaurlaritzeak itsas armadea sortzerakoan hutsaren hurrengotik hasita ekin behar izan eutson. Horretarako ezer gitxi egoanez, orduko agintariei aproposenak eretxi jakezan itsasontziak hartu, halamoduzko kainoi batzuk ipini eta Euskal Herriko itsas bazterrak jagotera bialdu zituen. Ordukoak dira bou ontziak. Txalupok makailaotan Ternuan ekiteko preparauta zituan Pasaiako PYSBE konpainiarenak ziran. Gerra denporan bitarikoa izan zan bouon eginpidea. Batetik, itsasoa minez garbitzea eta, bestetik, Baionatik Bilbora eta Bilbotik Baionara bidea egiten eben txalupak jagotea.

Honako behar arrunta egiten egozala suertau jaken Matxitxakoko guduan parte-hartzea.

1937ko martiaren 4an urten eben Bilbotik Baionarantz Nabarra, Bizkaya, Gipuzkoa eta Donostia izeneko bouak, Iparraldeko uriburutik urteteko zan Galdames ontziari babesa emonaz, Bilboraino laguntzeko. Iluntze aldera heldu ziran Baiona parera eta ordurako itsaso zabalean zan Galdames ontzia lau bouen erdian hartuta Bilboranzko bideari ekin eutsen.

Ordura arte eguraldia lagun izan eben baina gauez itsasoa harrotzen hasi zan. Eguraldi txarraren eraginez eta euren artean, arerioei posizinoaren barri ez emoteko, irratiz berbarik egin ezin ebenez, bidea okertzen hasi ziran Galdames, Nabarra eta Donostia. Bizkaya eta Gipuzkoa, ostera, aurretiaz jarritako bidean joiazan eta ez ziran ganerakoen ibilbideaz konturatu, harik eta eguna argitu arte. Hilaren 5ean izan zan hori.

Jazotakoaz konturatu ziranean, alde banatara banandu ziran lagunen bila, Gipuzkoa mendebaldera eta Bizkaya ekialdera.

Baina ordurako Canarias gerraontzi handia euskal bouei hurreratzen hasita egoan. Zer esanik ez dago Canarias edonondik ikusita (abiadurea, tiro-potentzia...) gehiago zala arrantzontzien aurrean gerra kontuetan. Edozelan be, kainoiak ez zituan behar dan moduan kalibrauta, eta horri esker eta euskal arrantzale gudari barrien ausardiari esker lortu ziran egun hareetako balentriak.

Canariasek Ferroletik urten eban Errepublikarentzako armez ganezka etorren itsasontzi bat atrapetako amesagaz, baina bidean beste bategaz topo egin eta preso hartu eban. Yorkbrook zan bapore hori. Martiaren 5 haretako eguerdi aldera, bat-batean, eguraldia hobetu zanean, Canarias ontzia euskal bouen erdi-erdian zan, nahiz eta ez gudariok ez gerraontzi nazionalak jakin ez.

Hasikera baten Bizkaya konturatu zan Canarias aurre-aurrean egoala, baina laster jaubetu zan Canarias be, eta berehala bou txikiaren kontra ekin eutson. Esan dogun bezela, Canariasek armak ez egozan ondo kalibrauta, eta hori dala eta asko hurreratu behar eban huts egiterik nahi ez baeban tiro egikeran. Halan da be, hurreratzen egoala eta euskaldunen harridurarako, Canariasek bueltea hartu eta alde egin eban.

Beste bide bat hartzea ez zan kapritxoa izan, Canariaseko agintarien kalkulu bat baino, ordurako ikusi eben eta Gipuzkoa Abran sartzeko ahaleginetan zala. Canariaseko militar buruen erabagia hauxe izan zan: lehenengo Gipuzkoa hondoratu eta gero Bizkaia. Horretarako, Canariasek eskoltan eroian Yorkbrook merkantea alde batera itxi behar eban. Holan, babesik barik lagata Yorbrook Bizkayarekin topau zan. Honek, barriz, ikusita Canarias Gipuzkoaren kontrarako bidean zala, Bermeora jotea erabagi eban, baina ez lehenago Yorkbrook preso hartu barik.

Gipuzkoak, barriz, Abrarako bidean Canariasegaz egin eban topo, eta honen tiro batzuk hartu be bai, baina Bilboko errekarako sarrerea jagoten eben kainoien babesa lortu ebanean, frankisten ontziari iges egitea lortu eban.

Orduan, Bizkaiaren bila joan zan Canarias, bouak Yorkbrook atrapetan ebala ikusita. Halan da be, oraingoan be Bizkaiak suberte handia izan eban, ze Canariasek Nabarra, Galdames eta Donostia ikusi eta honeen kontra jotea erabagi eban, Bizkaya alde batera itxita. Orduan hasi zan, ba, batailako momenturik gogorrena.

Lehenago, barriz, arrantzan egozan ontzi bi gehiago be batu jakezan Nabarra eta konpainiari. Horren guztiaren ardurea hartuta, Enrique Moreno Nabarrako komandanteak Canariasi aurre egitea erabagi eban, pentsaurik horretara beste ontziei bidea zabalduko eutsela. Donostiak eta arrantza ontziek alde egitea lortu baeben be, ez Galdamesek ez Nabarrak ez eben holako suberterik izan. Halan da be, askozaz handiagoa zan gerraontzi baten kontra Nabarrak inongo ahalbiderik izan ez arren, ez eban amore emon, eta azken momenturaino tiroka ekin eutson. Behin jotea lortu eban behintzat.

Nabarrarentzat dana galduta egoala, Moreno komandanteak sorospen-potinak ikusi zituanean, arriateko agindu eban eta bizirik ziran gizonei alde egiteko agindu eutsen. Bera, ostera, ontziko bigarrenagaz bouagaz batera hondoratu zan, ez eban bere burua preso emon gura izan eta.

Amaitu aurretik esan behar da Nabarrako gizonak Canariasek hartu zituala preso, eta nahikoa ondo tratau ei zituen. Epaiketan heriotza-zigorra jaso eben, baina ordurako Canariasen tiro-zuzendari zan Manuel Calderón Francoren itsas aholkularia karguan zan, eta diktadoreari arrantzale-gudarientzat parkamena eskatu eutsan, eta lortu be bai. Horregaitik salbau ziran Matxitxako parean galdu ez ziran Nabarra bouko gizonak.