III. Soziolinguistikako inkestea (I)
Euskerea Euskal Herrian, ispiluaren aurrean
Hizkuntza-gaitasunari jagokonez, elebidunak gutxiengoa dira lurralde guztietan, baina, emoitzetan ez eze, joeretan be lurraldeen artean ezbardintasunak dira. Izan be, Euskal Herriko biztanleriaren laurena elebiduna bada (%25,4), EAEn elebidunen ehunekoa Euskal Herrikoa baino handiagoa da (%29,4); Iparraldean apur bat murritzagoa (%24,7) eta Nafarroan hamarretik bat da elebidun. Barriz, joerei jagokenez: 1991ren aldean 5 puntu hazi da EAEn (%20 gora); bederatzi puntu galdu da iparraldean (%26,7 jaitsiera) eta kasik bere horretan segitzen dau elebidunen kopuruak Nafarroan (puntu bat egin dau gora 1991 urtekoaren aldean).
Euskerearen transmisinoari jagokonez, bestalde, euskeraz dakitenak lehen hizkuntzea euskera eukenak baino gehiago dira Iparraldean ez beste toki guztietan. Emoitzak EAEn eta Nafarroan, 1991koen oso antzekoak dira eta Iparraldean, barriz, orduan baino askoz txarragoak. Bada, bi hausnarketa dirateke egin beharrekoak; Iparraldearen kasuan, familia bidezko transmisinoari jagokonez, orain arte igarri dan eten nabarmena apaldu egin dala bezelako baieztapenak eginaz INSEE inkesta etxeak hizkuntza gitxituei buruz 1999ko erroldatik ataratako emaitzak ez dirala erabat egiaztatu, eta, EAE eta Nafarroako datuei jagokenez, euskerearen bilakaerarik baikorrena belaunaldi gazteenetan jazo danez, aurrerapausoak antzeman arren, belaunaldi barri horreen etorkizuneko hizkuntza jokabideak erabagiorrak izango dirala euskerearen transmisinoa belaunaldi batetik bestera igaroteko.
Euskerearen erabilereak apur bat gora egin dau Euskal Herrian, aitatzen ari garen epealdi horretan: %13,9tik %14,9ra pasau gara 1991tik 2001 urte bitartera. Baina, hasieran esan dogun legez, emoitzak eta joerak ez dira bardinak. EAEn %15,7tik %18,7ra igo da euskerearen erabilerea. Nafarroako egoereak bere horretan segitzen dau (%6,1 1991 urtean bezala) eta Iparraldean, ostera, hamarkada batean jazo dan galerea ikaragarria izan da %15,4tik %10,2ra (herena jaitsi da). EAEn berrogeita hamar urte baino gutxiagokoen artean hazi da euskerearen erabilerea.
Euskerearen erabilerea normalizetako neurriak hartzeari buruz galdetzean, biztanleen gehiengoak aldeko eretxia agertu dau. Euskal Herrian, aldeko jarrerea daukenak kontrako jarrera daukenak halako bi dira (aldeko eretxia %45,5 eta kontrakoa %20,1). Baina, lurraldez lurralde egoerak oso ezbardinak dira. Izan be, EAEn, erdiak baino gehiagok (%50,2) aldeko eretxia agertu dau; Iparraldean, barriz, ez alde ez kontra agertu direnak pare-parean egongo litzatekez (%41,7 eta %41,9); eta Nafarroan, kontrako jarrera agertu dabenak aldeko jarrera dabenak baino gehiago dira (%28,5 alde eta %34,5 kontra), halan da be, aldekoak 1991n baino askozaz gehiago dira (orduan %22,3 baino ez ziran).
Beraz, egoereari buruz berba egiteko ez eze, egin beharko gendukeenari buruz hausnartzeko eta lehentasunei buruz ere erabagiak hartzeko, azpimarrau doguzan datuak kontuan hartu behar dira. Izan be, gura gendukeenaren eta, herritarren gogoa aintzat, lurralde bakotxaren arabera egin geinkenaren artean badira oinarri-oinarrizko ezbardintasunak, biak buztartzen asmatu ezean aurrera egiten lagunduko ez deuskuenak.
Erramun Osa
Udabarrian III. Soziolinguistikako Inkestearen barri emon genduan, halan da be, orduan Euskal Autonomia Erkidegoko datuak baino ez genduzan ezagutu. Orain, Nafarroakoak eta Iparraldekoak argitara emon diranez, Euskal Herriko datuen laburpena aurkeztuko dogu, datozan artikuluetan, Nafarroan eta Iparraldean jazoten ari danaz ez eze, EAEn be aurreikusten diran joerez hausnartzeko tartea hartuko dogu.
Argitaratu barri dan soziolinguistikako inkestea burutzea Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak (Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza gaur egun) 1989an Soziolinguistikazko Mapa. 1986. urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko azterketa demolinguistikoa izeneko lanean egindako gomendioen emaitza izan zan. Hori dala eta, 1991n Euskal Herriko I. Soziolinguistikako Inkestea eta, 1996an, II. Soziolinguistikako Inkestea egin ziran, hurrenez hurren. Bada, oraingo datuak 2001 urteko inkestako emoitzak dira, ez dira, bada, zentsu eta erroldan oinarritutako datuak, horreek, besteak beste, bigarren Soziolinguistikako Mapan argitaratu diralako.
III. Soziolinguistikako Inkestarako informazio-bilketa 2001eko abendua eta 2002ko martia bitartean egin zan. Inkestatu bakotxari aurrez aurre egindako inkestaren bidez. Hamabost urtetik gorako biztanleei zuzendutako laginak 6.821 inkesta batu zituen: EAEn 3.600, Iparraldean 1.717 eta Nafarroan 1.504. Beraz, ikusi leitekenez mahai ganeratutako datuak gaurkotasun handikoak dira. Emoitzei erreparau ezkero, lurraldez lurraldeko joerak oso ezbardinak izateaz ganera, lurraldez lurraldeko egungo egoerea be oso ezbardina dala nabarmendu leiteke: