Euskadi erditzeko bidean dago. Bikotxak ete?
Ez dau inork ezer argi esaten, baina nire buruagaz berbetan nabilenean, aitortu egiten dot Legebiltzarrak erdituko dauen umea EAJk erdituko dauena bezain inportantea izango dala euskal gizartearentzako.
IƱaki Atxutegi
Xabier Arzalluzek esana: ez dakigu neskea ala mutila izango dan, baina euskaldunok 'umea' eukiko dogu hemetik denpora gitxira. Baiztapen borobila, duda barik. Argi ta garbi oraingo egoerea deskribidu egiten dau EBBko buruak.
Aldaketa politiko garrantzitsuak datoz Euskal Autonomia Erkidegoan. Politika Orokorreko Plenoan Ibarretxe Lehendakariak oraintsu azaldu ebazan bere Plan ospetsuaren nondik-norakoak eta pasa dan denporaldi politikoan zehar eretxi emoileek egindako aurreikuspen edo prebisino gehienek huts egin dabela esan daiteke.
Hainbat komunikabide ahohandik esan izan deuskue Lehendakariaren Planak zatiketea dakarrela, hau da, orain arteko egitura politikoa indarrik barik ixten dauela. Gaiagaz lotuta, dagoeneko topiko diran berba batzuk sarri-sarri entzun doguz eta aurrerantzean be entzun beharko doguz: soberanistea, sezesionistea, independentistea...
Plana ezagutu baino arinago, hamaikatxu eretxi entzun izan genduan betiko tertuliakideen aldetik. 'Jakitunen' pronostiko guztien kontra, Legebiltzarrean Estatutuaren erreforma baino ez eban planteau Ibarretxek. Kontua da ze Kataluinian eta Andaluzian be euren estatutuen erreformak planteau dabezala eta han, ostera, ez da horrenbesteko zaparradarik sortu. Zergaitik?
Aitatutako lurralde bi horreetan Alderdi Sozialistea izan da erreformen buru egon dana. Hortaz, nahiz eta popularren aldetik kritikak izan, ez dabe Estadua arriskuan ikusi. Euren erreforma egitasmoak azalekoak baino ez dira eta Estaduaren egiturea ez dabe kolokan jarten.
Gurean, ostera, abertzaleen aldetik etorri da Estatutua barritzeko planaren ideia. Eta Estatutuaren aldaketa hori gauzatu ahal izateko Estaduaren beraren egiturea aldatu beharko da. Hor dago gakoa. Aldaezina ete da oraingo Espainiako Estadua? Autonomia Erkidegoek jasaten edo sufritzen daben menpekotasun egoerea betirako izango ete da?, ez ete daukagu euskaldunok gure etorkizuna erabagiteko eskubiderik?
Duda bat baino gehiago azaldu dira. Egitasmo horrek ekarriko ete dau horrenbeste desietan dogun bakea? Gogoratu daigun, indarkeria desagertu bitartean, horrenbeste burukomin eragin dituan plan hori aplikau ezinezkoa izango dala, bide antzua azken finean. Euskal gizarteari kontsultea egiteko baldintza nagusia da indarkeriarik eza.
Euskal politika giroan jarraituz, galderak eta dudak zenbat-gura. Datozen asteotako berbagai nagusienetakoa segurutik EAJren zuzendaritzea aldatzeko prozesua izango da. Xabier Arzalluz joan egingo ete da?, agur esango ete deusku? joateko erabagia hartu ezkero edo ganerako hautagaiek aurrea hartu ezkero, zein izango ete da ondorengoa?, eutsiko ete deutso kargudun barriak orain arteko mami politikoari?, alderdiaren barruan eta euskal politikagintzan, oro har, zelako eragina eukiko ete dau Xabier Arzalluzek hurrengo urteotan?