Bertsotan  II. urtea // 35. zenbakia - 2003ko urriaren 1a

Epaileen epaia

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea

Hasi da honezkero gipuzkoarren txapelketea. Irailaren 26an abiatu ziran kanporaketak eta abenduaren 14an jokatuko da finala, Irunen. Aurtengo barritasunak bi dira: gaztetasuna eta lau urterik behingo sarritasuna. 71 bertsolarik hartuko dabe parte. Aitatzekoa da Andoni Egañak, Sebastian Lizasok, Peñak eta Jokin Sorozabalek ez dabela parte hartuko eta finalerdietarako zuzenean sailkatuta dagozala Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Maia eta Iñaki Zelaia. Bizkaie!-ren hurrengo alean zabalago emongo dogu txapelketa honen barri.

Bertsoak epaitzeko jartzen dira epaileak. Baina oraingoan epaileak jarritako bertsoak dakarguz. Aurreko irailean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Arabako Errioxara antolatutako bidaian, Bizkaiko Txapelketan antolatzen, gaijartzen eta epaitzen ibilitako hainbat lagun konbidau ebezan. Tartean zan Joseba Santxo eta okasinorako ondoko bertso honeek jarri ebazan.

Joseba Santxo Bizkaiko bertsolaritzearen erreferentzietako bat da. Berrogei urteko getxotar honek Industri Marrazketea eta Euskal Filologia ikasketak egin ebazan eta euskerea eta bertsolaritza irakasle moduan urteetan ibili ostean, azken urteotan Zubia argitaletxean dabil zuzendari lanak egiten. Algortako Bertso-Eskolako arduradun, eskola honek gaur egun daukan presentzia eta egitura sendoaren errudun nagusietako bat da. Bertso-jartzaile lez sari asko jaso izan ditu Josebak eta bertsolaritzearen inguruan artikulu eta kolaborazino ugari idazteaz ganera, haur literaturako liburu bat be idatzi dau: “Ditxosozko ditxolaria”. Bizkaiko Txapelketan epaile finkoa izan da azken urteotan eta Euskal Herrikoan be ibili da. Bertso honeetan, epailetza lanaren epaia egin eban, hainbatetan epaitu behar izan dauzen bertsolarien aurrean.

Iñaki Aurrekoetxea

EPAILEEN EPAIA

Doinua: Gogoratuko zara (Oskorri)

Imajinau txori bat
hegan, txirulika,
eta txorizale bat
atzetik jarraika
txoriaren kantua
zenbakitu nahi-ta
huts handiak eginez,
dozenan hamaika,
txoriaren kantua
zenbakitu nahi-ta;
bertsoak epaitzea
holako zerbait da.

Autokritikatzea
ona da, seguru,
baina zuzentasuna
hartuta helburu,
epaileok bertsoak
epaitzen ditugu,
presinoa tarteko,
muzin ta inguru...
epaileok bertsoak
epaitzen ditugu,
baina mundu guztiak
epaitzen gaitu gu.

Joseba Santxo