Zinea  II. urtea // 35. zenbakia - 2003ko urriaren 1a

Noviembre


Achero Mañas zuzendariak film honetan darabilen berbakerea garbia, independientea, dinamikoa eta bortitza da. 'El Bola' film bikainaren ostean, Acherok antzeko bide bati ekin deutso: gustuko mezu bat aukeratu eta zinearen bitartez ikuslerik gehienak hunkitzen ahalegindu.

'Noviembre' filma idealen aldeko kronika bizia da, printzipio sendoei oratzeko asmoz, manifestua atontzen dauen kaleko antzerki talde baten bilakaerea azaltzen deuskuna. Eskuzabaltasun eta konpromisoari eusten deutso kontakizunaren ildo nagusi modura eta itxaropenaren aldeko mezua aldarrikatzen dau.

Mañasek 'Noviembre' taldearen antzezlanik gehienak kalean sortu eta garatzeko erronkeari aurre egin eta esparru honetan lortu ditu emoitzarik onenak, ikusleak grina eta irrikearen munduan murgilduz. Edozelan be, gune nagusi honen inguruan, erritmoari lar laguntzen ez deutsien beste osagai batzuk doguz. Talde honetako kideei nekez sinesteko modukoa dan etorkizun baten egingo jakezan alkarrizketek nahiko zamatzen dabe kontakizunaren haria; ganera, metodoaren irakaskuntzea kritiketako erabilitako sarrerea ez jako maminari ondoegi buztartzen.

Edozelan be, istorioa josteko zuzendari gazte honek erabilitako ausardia, umiltasuna eta teknikea berotasunaren eta bizi-pozaren aldeko aldarri garbia dira. Mundua antzerkiaren bitartez aldatzeko ekimen hori guztiz bideraezina izanda, ideia horrek pelikulea bultzatzen dau hunkiberatasunera abiatzen. Horrek ikusleak inpliketan ditu gazte idealistek osoturiko antzerki talde honen antzezlan irudimentsu eta frenetikoetan; pasarte batzuetan ikuslea bera performance horreen barruan dagoala emoten dau; horixe da film honen lorpenik handienetariko bat.

Ganera, Achero Mañas proiektu honetan belaunaldi barri bateko antzezleak sartzeko gauza izan da eta emoitzak ez dira txarrak izan. Oscar Jaenadak, kasu baterako, taldearen gidaritzeari ondo eusten deutso pantaila barruan zein kanpoan; Ingrid Rubiok sentiberatasun eta grina emoten deutso pelikuleari; Juan Diazek adorea eta umorea...

Donostian Gazteen Saria emon deutsie; ez da maisu lan bat, ez eta 'El Bolaren' mailakoa be, eta batzuetan erritmo faltan dagoala igarriko dogu; dana dala, norberak egiten dauzen gauzetan sinistea zein garrantzitsua dan gogorarazo eta hainbat pasartetan gure barrenak hunkitzeko gauza izango da.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Achero Mañas.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 104 minutu.
- Antzezleak: Oscar Jaenada (Alfredo), Ingrid Rubio/Paloma Lorena (Lucia), Juan Diaz/Juan Margallo (Daniel), Javier Rios/Angel Facio (Juan), Adriana Dominguez/Amparo Valle (Alicia), Jordi Padrosa/Fernando Conde (Imanol), Juanma Rodriguez/Juan Diego (Pedro), Nuria Gago/Amparo Baro (Helena), Hector Alterio (Yuta).
- Gidoia: Achero Maña, Federico Mañasen laguntzeagaz.