Zinemaldiaren amaierea ez zan kritikearen gustukoa izan
Kostnerren agurra eta eskerrona
Azken gau honetan be zinemaldiaren aktore handiak ekarri ziran gogora: Robert Duvall, Isabelle Huppert eta Sean Penn.
Donostian astelehenetik aurrera egoan Duvall aktore bikaina Kevin Costner izar handiagaz batera agertu zan oholtza ganean. Zinemaldiak 'Open Range' westerna aukeratu eban aurtengo ekitaldiari amaierea emoteko. Agur egiteko ordua izan arren, Kostnerrek ateak zabalik itxi ebazan, 'laster bueltauko gara' esanez eta Donostiari bere eskerronik beroenak azalduz.
Hona hemen, beraz, aurtengo zinemaldiaren amaiera ofizialaren nondik norakoak. Hemendik aurrera urtebete itxaron beharko dogu Zurriolako behe hotza alfonbra gorri distiratsu bihurtu daiten.
Bizkaie!
Donostiako Zinemaldiaren 51. edizinoa irailaren 27an amaitu zan eta, epaimahaiak hartutako erabagi guztiak kritikarien gustukoak izan ez baziran be, inork ez dau kolokan ipini aurtengo zinemaldian erakutsitako filmen kalidade ona.
Arazoak arazo, aurtengoa kalidade handiko zinemaldia
Epaimahaia osotzeko azken orduan izandako arazoak arazo eta Julio Medem zuzendari donostiarraren “Euskal Pilota, Larrua Hormaren Kontra” lanak sortu eragindako polemikak polemika, ikusleak eta kritikariak pozik agertu dira zinemaldian pantailaratutako film eta lanen maila dala eta.
Guztiagaz be, aurtengo edizinoari amaierea emoteko sari banaketan txistu batzuk entzun ziran, Hector Babenco epaimahaikideak Urrezko Maskorraren irabazlearen izena aitatu ebanean. Izan be, Dito Tsintsadze georgiarrak zuzendutako 'Schussangst' pelikula alemana ez zan inoren kinieletan sartzen. Dana dala, film honek jaso eban pelikularik onenari emoten jakon saria eta Dito Tsintsadze zuzendaria abaguneaz baliatu zan, aurreragoko saridun guztiek egin eben lez, filmaren talde osoari eskerrak emon eta une horretan zoriontsu sentitzen zala adierazoteko.
Edurne Ormazabalek eta Leonardo Sbaragliak aurkeztutako amaiera gala honetan azaldu zan nazionalidade-zerrendea luzea izanagaitik be, palmares ofizialean Europako izenak nagusitu ziran.
Sari nagusiak
Edozelan be, eszenatokira bi biderrez igon behar izan eban bakarra Bong Joon-ho hego-korearra izan zan; sari bi emon eutsiezan, zuzendaririk onenarentzako Zilarrezko Maskorra eta Zuzendari Barrientzako Altadis Saria, '“Memories of murder' filmeko azaleko soiltasuna eta pertsonaien magiaren alde egindako posturea izan zirala eta.
Ikusleen TCM saria 'Spring, summer, fall, winter... and spring' pelikuleari emon eta gero, palmares ofizialari ekin jakon. 'Fresa y chocolate' filmagaitik ezaguna dan Mirta Ybarra kubatarra kargutu zan 'Arven' filmeko Per Fly-ri eta Kim Leonari gidoirik onenarentzako saria emoten.
Argazkigintzarik onenari emondako saria Eduardo Serrak eskuratu eban Peter Webber-en 'Girl with a pearl earring' pelikulan egindako lanagaitik.
Saridunik gehienak ez ziran lar berbaldunak izan, guztiek lau edo bost aitamen eginda nahiko euki eben eta. Dana dala, sariagaitik guztiz zoriontsu azaldu zanetariko bat Luis Tosar izan zan. Zilarrezko Maskorra emon eutsien Iciar Bollainen 'Te doy mis ojos' pelikulan egindako antzezpenagaitik. Pilar Bardemenek saria eta besarkada eztitsua emon eta gero, aukerea aprobetxau eban Iciar Bollain zuzendariari eta 'trukean ezer jaso barik begiak emoten dabezan andrazkoei' eskerrak emoteko.
Pantailan Tosarren andra kolpatuaren lana antzezten dauen Laia Marullek aktoresarik onenarentzako saria jaso eban, Diego Luna aktore mexikarraren eskutik. Kataluniako antzezlea be pozarren agertu eta Iciar Bollain zuzendariari emon eutsozan eskerrak. Kritikari askoren ustetan, filmik onenarentzako saria irabazi behar eban arren, Iciar Bollainen 'Te doy mis ojos' pelikuleak sari bi honeekaz konformau behar izan eban. Kontuan hartu beharra dago 'A' kategoriako zinemaldietan pelikula berari ezin jakozana sari bi baino gehiago emon; beraz, sari biok jaso ostean, argi egoan aurtengo filmik onenari emon beharreko saria beste film batentzat izango zana.
'The station agent' filma be kritikearen begiko lana izan zan. Tom McCarthy estatubatuarraren istorio honek bat baino gehiago konbentzidu eban. Epaimahaiak sari berezia emon eutson; halandaze, Arturo Ripstein zinema-egile ezaguna izan zan Robert May filmaren ekoizleari garaikur hau emoteko erantzukizuna euki ebana.
Azkenik, palmares ofizialetik kanpo, aurtengo epaimahai gazteak Achero MaƱasen 'Noviembre' filma saritu gura izan ebala aitatu beharra dago.