Zinea  II. urtea // 35. zenbakia - 2003ko urriaren 1a

Zineak bere figurarik handi eta polemikoetariko bat galdu dau, Elia Kazan zuzendari handia


Zine munduko gorrotoa eta ezinikusia

Kazanek Estadu Batuen Kontrako Jarduera Batzordeari autortu eutson alderdi komunistearen kidea izan zala 1934tik 1936ra bitartean eta batzorde honi zortzi lankideren izenak emon eutsozan; horrek lankide askoren ezinikusia eta gorrotoa sortu eragin eutson.

Azkenean Ohorezko Oscar Saria emon eutsienean, gala horretara bertaraturikoek oso eretxi kontrajarriak azaldu zituen; izan be, guztiek zuzendari handi honen meritu artistikoak kontuan hartu arren, batzuek McCarthy senadoreak abian ipinitako errepresino-bideari emondako laguntzinoa gogorarazo gura izan eutsoen.

Literatur egile modura be jardun eban eta arlo honetan be irakurle nahiz kritikarien oneretxia jaso eban, besteak beste, 'America, America', 'The Assassins', 'The Understudy', 'Acts of Love', 'The Anatolian' eta hauts handiak harrotu zituan 'Elia Kazan: a life' izeneko memoriagaz.

Kazan hiru biderrez ezkondu zan. Molly Day Thacher-egaz 1932an (honegaz seme bat eta alaba bi izan zituan) eta Barbara Loden antzezlegaz 1967an. Frances Rudge-gaz 1982an ezkondu zan.

Joseba Terreros

Istanbulen jaiotako Elia Kazan zuzendari handia irailaren 29an hil zan New Yorken, 94 urte zituala.

Broadwayko titulu legendarioen jatorrizko produkzinoak zuzendu zituan, esate baterako 'Un Tranvía Llamado Deseo' (zinera be eroan ebana), 'Muerte de un Viajante', 'La Gata sobre el Tejado de Zinc' edo 'Dulce pajaro de Juventud', bai eta Hollywoodeko titulu handiak zuzendu be, berbarako 'Viva Zapata!', 'Al Este del Eden', 'Esplendor en la Hierba' edo 'America, America'.

'Actor’s Studio' izen handiko estudioaren sortzailea eta zuzendarietariko bat izan zan; bertan antzezpen eskolak emoten ziran Konstantin Stanislavskik garaturiko metodo ezagunari jarraituz; ganera, esan beharra dago antzerkigile bikainen belaunaldiko zuzendaririk gogokoena izan zala, besteak beste Tennessee Williams eta Arthur Miller-ena, eta hainbat Tony sari jaso zituan eszenatokiaren atzean egindako lanagaitik.

'The New York Times' egunkariak azpimarratzen dauenari jarraituz, Estadu Batuetako zuzendaririk onena izan da eta beraren merituen artean ez da ahaztu behar Marlon Brando, James Dean edo Warren Beatty-ren moduko izarrak topau izana.

Kazanek zuzendutako filmetariko zazpik danetara 20 Oscar jaso zituen; horreetariko bi zuzendaririk onenari emonikoak. Era berean, 1999an zinean egindako ibilbidea saritzeko Oscar eztabaidatsua be jaso eban, 'Sorginen Ehizan' izandako jokabide salataria izan zala eta.