Gure bitamina beharrizanak
Bitamina osogarriak hartu beharko geunkez?
Gure Herriaren erdi-goi maila sozioekonomikoa kontuan hartuta, antzeko beste leku batzuetan lez, herritarren zati txiki batek baino ez dauka bitamina preminea edo eskasia, gorago adierazo dodan moduan, elikadura desorekatua darabiltenak edota beharrizan handiak eukita, maila egokietara heltzen ez diranak (berbarako, hazten dagozan kirolari batzuk, hazten egonda, gixti jaten daben umeak, absorzino arazoakaz dabiltzan aitita-amamak...).
Edozelan be, preminarik eta eskasiarik dagoan ala ez aditu batek adierazo beharko leuke eta eskasiak dagozanean, osogarriak hartu ala ez kasuan-kasuan balorau beharko litzateke. Hori bai, oinarri-oinarrizkoa da personen jateko moduak hobetzea, izan be, elikadura egokian dagoalako nutrizino onaren giltza eta ez, ostera, osogarrien menpekotasunean.
Gauzak holan, aditu batek balorau eta, kasu batzuetan, osogarriak neurriz (sekula ez kopuru handietan) hartzea komenigarria izan daitekela kontuan eukita, gai honetan gogoan euki beharreko beste kontu batzuk aitatuko deutsuedaz:
Produktu askoren propaganda komertzialek kontrakoa esan arren, persona guztiok bitamina osogarriak hartzea ez da beharrezkoa, ezta komenigarria be. Interes komertzialek zeozelako beharrizana sortarazo gura deuskue.
Bitamina batzuk gehitzen deutsiezan elikagaiak (berbarako, B bitamineagaz aberastutako ogiak) ez dira nahitaez aberastubakoak baino hobeak (gaur egun hobeto saldu arren). Ez da ez hobea ez txarragoa, bitaminetan aberastua baino.
Azken burukoa: premina edo eskasia bat dagoanean, gure elikadurea desorekatuegia danean edota gure beharrizanak oso handiak diranean, bitamina osogarriak hartzea bide egokia izan daiteke. Hori bai, beharrizan horreengaitik nori galdetuko deutsazuen ondo baloratu beti. Adituak zeozergaitik dira aditu!!!!!!!!!.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Behar beste bitamina hartzen dogu? Gure umeek hazteko behar dabezan bitamina guztiak hartuko ete dabez? Bitamina osogarriak hartu beharko geunkez?
Galdera horreek edo antzekoak sarritan egiten deutsaguz gure buruari eta, osasuna tarteko, gure berezko ardurea be ezin ahaztu; horrezaz ganera, bazter guztietatik sartzen deuskuen propaganda zaparradeagaz, sarritan ez dogu jakiten zer egin be.
Elikadura orekatuak edozein adinetako lagunen bitamina beharrizanak beteten laguntzen dau
Sarritan esan badogu be, elikadura orekatuan azken hilabeteotan ezagutzen joan garen talde guztietako elikagaiak agertu behar dira: esnekiak, okelea, arraina eta arrautzak, lekaleak eta zerealak, patatak, barazkiak, frutea, frutu sikuak eta orioak. Elikagai gehienek bitaminak daukiez baina gure gorputzak behar dituan bitamina guztiak elikagai bakarrean topetea ezinezkoa danez, talde guztietako elikagaiak jan behar doguz derrigor.
Beste alde batetik, elikagaiak kopuru eta proportzino egokietan hartzea be nahitaezkoa izango da eta hori lortzeko, geldiro-geldiro azalduko dogu razinoen gomendio orokorra.
Ume eta gazte batzuen kasuan, bitamina jakinen preminea sarritan agertzen da: B6 edo Piridoxina, B2 edo Riboflabina, folatoak, A, D eta E bitamina
Bitamina eskasia edo falta horren arrazoia argi dago: zenbait ume eta gaztek elikagai mota batzuetatik asko jaten dabe eta beste batzuetatik, ostera, gitxiegi edo bapez; azken jokera hori, gehienbat, barazki eta fruta gordinen kasuan igarten da baina baita arrainaren kontsumoan be. Egoera horren aurrean, zer egin? ahal dan neurrian, apurka-apurka, kopuru txikietan eta pazientzia handiagaz elikagaiok emon ume eta gaztetxuen ahogainak jatekoaren gusto, trinkotasun eta berezitasunetara ohituten joan daitezan. Bestalde, preparetako modu ezbardinak probau geinkez, berbarako: azanoria gordin apur bat birrindu lentejen gainean, preparazino moduakaz probau (arraina kroketetan erabiliz...), beste jateko batzuekaz nahastau (berbarako, esnea eta frutea nahastau batidoak eginda), erakargarriak izan daitekezan forma edo irudiekaz ipini platerean (sagarragaz egindako izarrak)...
Beste alde batetik, nerabezaroan egiten diran argaltzeko dieta desorekatuak oso arriskutsuak dira eta bitamina eskasia edo faltearen eragile.
Gomendio nagusienen artean, beste bi azpimarrauko neukez: alde batetik, egunean laupabost biderrez jan beharko geunke guztiok: armozua, hamaiketakoa edota meriendea, bazkaria eta afaria. Jateko tarte horreetan, elikagai mota ezbardinak hartzea da onena (gogoratu, aurreko atalean armozuaren eta hamaiketakoaren inguruan aholkuak emon genduzan).
Bestetik, ahaztu behar ez dogun beste faktore bat be badago: nerabezaroan persona asko tabakoa erretan hasten dira eta tabakoak C bitamina beharrizanak handiagotu egiten ditu. Badakizue, C bitaminea fruta eta barazki gordinetan dago gehienbat.