Barriketan  I. urtea // 2. zenbakia - 2002ko maiatzaren 15a - Hamaboskaria

Ibilaldia 2002: 'Lotu barik'

Maiatzaren 26an, Algortako San Nikolas Ikastoleak antolatuta

Hirurogeita hamarreko hamarkadearen azkenerantz lehenengo Ibilaldia egin zanetik, sarritan egin da Bizkaiko Ikastolen aldeko Jaia Getxon eta maiatzaren 26an, oso oker ez bagagoz, 22. aldia izango da. Hasikerako pausu hareetatik gauzak asko aldatu dira, onerako esan beharko geunke, baina, jakina, egitekoak oraindino piloa dira. San Nikolas Ikastolearen egoerea zelakoa dan jakin guran, Josu Elortegi Zuzendariagaz egon gara, eta hona hemen kontau deuskuzanak:

1. Egun gitxi batzuk baino ez dira geratzen urte osoan preparetan ibili zarien jai egunerako; prozesu luze horretan, zein izan da momenturik txarrena edo gogorrena eta zein, ostera, gozoena?

Momentu onak eta txarrak izan dira, baina onak gehiago txarrak baino; beharbada, hasikerako pausuak izan ziran gogorrenak, antolaketa orokorra, koordinazinoa, azken baten, dana martxan ipintea; momentu gogoangarriak, ostera, asko izan dira, ze benetan ederra izan da jente guztiaren gogoa eta parte-hartzea ikustea: gurasoak, ikastolako beharginak, ikasleak, irakasleak...; edozelan be, momenturik eta gozoena, seguruenik, maiatzaren 26a izango da, Ibilaldiaren eguna bera.

2. Geldiro baina lotu barik dabilen karramarroa hartu dozue aurton logotipotzat

Egia esan, hasieran beste aukera batzuk be aztertu genduzan; proiektua ikastolen alkartera bialdu genduanean, kostaldeko hatxak agiri ziran logotipoan, baina geroago 'lotu barik' leloari eutsi bageuntsan be, logotipoa aldatzea erabagi genduan, batez be gauza errazagoa behar zalakoan eta, zelanbait, mobimentua adierazo behar zalako; horregaitik, karramarroaren irudia hartu genduan, itsasertzeko edozein herriko elementu adierazgarri legez. 'Lotu barik' leloa, barriz, oso egokia begitandu jakun, alde batetik, gelditu barik edo eten barik mobiduten dagoan zeozer adierazoten dauelako eta, bestetik, ingurualdeko euskerea islatzen dauelako.

3. San Nikolas Ikastolara Algortako umeak bakarrik ala inguruetako herrietako umeak be badatoz?

San Nikolas Ikastolea Algortan sortu zan orain 43 urte, oso oker ez banago, eta ikasleen artean betidanik izan ditu Sopela, Berango, Leioa eta inguruko herrietako ikasleak; gaur egun be Algortakoak asko dira, jakina, baina inguruetakoak be badatoz ugari.

4. Algortako kaleetan eta, orokorrean, Getxon euskera gehiago entzuten al da gaur? Orain 10 urte baino gehiago ala gitxiago?

Datu zehatzik ezin deutsut emon, ni ez nazalako Getxokoa, Mungiakoa baino; azterketa batzuk egin izan dabez oraintsu, euskaltegien aldetik, esaterako, eta emoten dau euskerearen erabilereak gora egin dauela, maila txikian bada be; ganera, orokorrean barik esparru edo leku mugatuetan igarri da igoera hori, gehienbat eguneroko hartu-emonetan euskerea erabilten dabenen artean eta, dinodan lez, leku jakinetan: tabernan, lagunartean eta bestelakoetan. Kalean, ostera, zoritxarrez ez da euskera larregi entzuten.

5. Azken urteotan, ziur asko, aldaketak izango ziran, baina San Nikolas Ikastolearen gaur egungo egoerea zelakoa da, zenbat ikasle dozuez, zelako lantaldea, zelako beharrizanak...?

San Nikolas Ikastolea bidea urratzen hasi zanean egoerea oso gogorra zan; Francoren sasoian, euskal usaineko edozeren kontrako jarrerea zan nagusi, eta hasierako urte hareetan lekualdaketak ugari izan ziran. Oraingo eraikin honetan, barriz, urte asko daroaguz eta, jakina, ehundaka ikasle pasau dira bertotik; gaur egun be, urtebetetik hamasei urtera bitarteko 800 ikasle baino gehiago doguz. Lantaldeari jagokonez, oso harro gagoz, alkarlanean oinarritutako talde egonkorra eta dinamikoa dogu eta. Beharrizanen artean asko aitatu neikez, izan be, urteak aurrera doaz eta eraikinak berak be zaharbarrikuntzea behar leuke; teknologia barriei be aurre egin behar jake derrigor, eta irakaslegoaren prestakuntzan be aparteko ahalegina egin gura dogu; egitekoen artean, DBHko 3. lerroa indartzea be helburu handia da. Erronkak, beraz, asko dira gaur egungo gizarteari ahalik eta ondoen erantzuteko.

6. Urte batzuk joan dira Ikastolea martxan hasi zanetik; baina aurrera begira ze asmo edo ze proiektu dozue?

Momentu honetan, kudeaketa alorrean gabilz bete-betean; kudeaketa-estiloa aldatu gura dogu kalidadezko hezkuntzea eskaini ahal izateko; alde horretatik, irakasleen etenik bako trebakuntza edo prestakuntzeari garrantzi handia emoten deutsagu. Proiektuen artean, lehen be esan dot, teknologia barriei bultzada berezia emon gura deutsegula eta, horren harian, ordenagailu eta mundilab gela barriak zabaldu doguz oraintsu, solidaridade proiektuak eta baloreak lantzeko; dana dala, ikastolea osotzen dogun kolektibo osoa, hau da, gurasoak, ikasleak, irakasleak eta beharginak orokorrean gure proiektuagaz identifiketea izango litzateke asmo nagusia. Ez dogu atzera begira egon gura, estrategiaren aldetik, aurrera doan ikastola baten irudia sustatzea da helburua.

7. Zelan sartu zan Josu Elortegi jauna Ikastolako Zuzendari karguak dakarren saltsa-maltsa berezian?

Nire kasua apur bat berezia da; ikastolen munduan nahikoa barria naz, eta orain hiru bat urte etorri nintzan San Nikolasera, ikastetxe pribatu batetik. Aukera hau sortu jatan eta, erronka polita izango zalakoan, nire burua aurkeztu eta arin hartu neban erabagia. Ikastolen munduak bere-berea dan nortasuna dauka, eta ikasle, irakasle, guraso eta beharginek, orokorrean behintzat, ondo mamituta dabe hori; beharreko giroari jagokonez be berba onak baino ezin dodaz erabili eta oso gustora nabil.

8. Gaizka Elosegi eta Jon Etxeandia San Nikolas Ikastolako ikasleak izandakoak doguz, eta ikasleon ardurea izan da aurtongo Ibilaldirako kantua egitea, gero musikea beste batzuek sortu daben arren

Ibilaldiko Batzordeak pentsau eban San Nikolas Ikastolakoak izandako ikasleak gauza asko egiteko gauza izango zirala, izan be, lehen be esan deutsut ikastolatik ikasle asko pasau dirala eta horreen artean prestakuntza-maila desbardineko lagunak dagoz, tartean musikari eta letragile honeek. Nire uste apalean, kantu polita egin dogu, martxosoa eta arrakasta polita izango dauena.

9. Ibilbidearen edo zirkuituaren eta gune desbardinen ganeko kontuak jakin gura geunkez orain, hau da, zenbat kilometrokoa, urigunean zeharrekoa ete dan eta tartean ia aldatz gogorrik izango dan ala ez

Ibilbidea nahikoa luzea izango da, 7,5 kilometrokoa hain zuzen be; zati handi baten urigunean zeharrekoa izango da ibilbidea, baina kosta partean be pausuak emon beharko dira: Aixerrotan, Portu Zaharrean, Arrigunagako Hondartzan eta Ereagakoan zehar. Ibilbideak urigunea, baserri ingurua eta kosta partea buztartzen ditu. Beste alde batetik, trankil egon zaiteze, ibilbidean ez dago eta aldatz gogorrik; ibilbidea nahikoa laua da, baina hori bai, eguzkiak joten badau baltzituteko aukerea izango dogu ingurua nahikoa garbia da eta; dana dala, uste dot ibilbidean zehar ikuspegi ederrak dagozala eta jentea pozik geratuko dala. Badaezpada, gogoratu ibilbidean sei gune izango dirala: San Nikolas, Andra Mari, Aixerrota, Arrigunagako Hondartzea, Portu Zaharra eta Ereagako Hondartzea.

10. Ekitaldiak jai girokoak izaten dira holakoetan; baina zeozer aurreratzekotan edo azpimarratzekotan, zer esango zeunke?

Ibilaldiko Batzordeak sekulako lana egin dau eta egitarau bete-betea preparau dabe. Ohikoa dan legez, gune bakotxak bere nortasuna izango dau. Laugarren gunea, Arrigunagako hondartzea esaterako, kirolaren gunea izango da eta bertan, rugby, skate, hondartzako voley edo surfa egiteko aukerea eskainiko dogu; 6. gunean, Ereagan, Saharar kanpalekua egongo da. Orokorrean, txikitxuenentzako ekitaldiak ez dira faltako, eta musika-eskaintzea be zabal-zabala izango da; izen batzuk aitatzearren: Urgabe, Xabi Aburruzaga, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Las Hijas del Sol...

11. Igaz 120 mila lagun inguru izan ziran Bilboko Abusun egindako Ibilaldian. Aurten marka hori bardintzea edo gainditzea izango da helburua, ez da?

Bueno, Ibilaldia antolatzen dan bakotxean, helburua aurreko edizinoaren markea bardintzea edo gainditzea izaten da, baina ez aurreko edizinoa txiki ixtearren. Dana dala, garraioari jagokonez Getxoren baldintzak ikusita eta eguraldiak apur bat lagundu ezkero, uste dogu marka hori gainditu egin daitekela; kontuan izan behar dogu oraintsu zabaldu dabela metroaren 2. linea be, eta ondorioz, ezkerraldeko askok eta askok ez dabe kotxea edo autobusa erabili beharrik izango, ze askozaz be erosoago etorriko da jentea metroan: ibilbidean arin sartzeko, Algorta eta Bidezabaleko geltokiak erabili.


12. Maiatzaren 26rako gomendio nagusia garraio publikoa erabiltea izan daiteke; baina bestelako mezu batzuk be izango dozuz seguruenik

Ibilaldi guztietan emoten diran aholkuak edo mezuak oraingo honetarako be balio dabe, hau da, euskal giroko lagun guztiak konbidauta dagozala, garraio publikoa erabiltea dala onena eta pozik eta alai igaro daigula eguna; horrezaz ganera, azken boladan, alkoholdun edariakaz egiten diran gehiegikeriak tarteko, zuhur jokatzeko gomendioa egingo neuke eta, zer esanik ez, holako jai egunetan jente asko ibilten danez, gauzak eta personak errespetetea eta ingurua jagotea be eskatuko neuke.

13. Maiatzaren 26an, zama handia ganetik kenduta, nori emongo deutsazue testigua 2003ko Ibilaldia prestau dagian?

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak erabagi dau honezkero Lekeitio-Ondarruri emon behar deutsagula testigua; urte batetik bestera, kosta inguru batetik beste batera salto beraz.

14. Ibilaldiaren antolaketa prozesu horretan, aurreko edizinoetan beharrean ibili diran ikastolakaz hartu-emonetan edo kontaktuan egoten al zarie, laguntzinorik edo aholkurik jasoten al dozue?

Bai, duda barik; dana dala, antolaketa prozesuan, orain urtebete aldaketea egon zan igaz Ibilaldia Abusun egin zanetik; ordura arte, aurreko Ibilaldian eta Nafarroa Oinez, Kilometroak, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaialdietan beharrean ibilitako jenteagaz harreman zuzenak egozan eta oraindino be badagoz egon baina igaz, Bizkaiko Ikastolen Alkarteak arduradun bat izentau eban Ibilaldiaren ardureagaz eta aurten be arduradun hori, Maider Martinez ibili da lanean batzorde osoagaz batera jakina. Maider Martinezen esperientzia oso baliogarria izan da.

15. Maiatzaren 27an be behar handia egongo da egiteko, batez be, bazterrak garbitzeko baina beharbada Josu Elortegik normalean baino lo gehiago egingo dau aurreko egunetako nekeak baztertzeko...

Ez eizu pentsau; baten baino gehiagotan egin dogu berba gure artean Ibilaldiaren osteko egun horretaz; emoten dau 26an dana amaituko dala baina 27an be ikasleak hona etorriko dira eta behar eguna izango da; jakina, ez da egun normala izango eta egun berezitzat hartzea erabagi dogu: Ibilaldiaren aurreko azken egunetako dinamika horretatik hezkuntza dinamika prozesu arruntera salto egiteko jarduera bereziak preparau doguz saltoa ez daiten hain handia izan eta, beraz, ez dot uste lo gehiago egingo dodanik, ganera, kontuan hartu behar da ikasturtea amaitzeko be oso gitxi falta dala eta gauza asko dagozala egiteko. Uda sasoian egingo dot lo gehiago.


Ikastolen aldeko jaien artean, lehenengoa da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia: Ibilaldia; baina geroago datoz besteak: bagilaren 16an, Araba Euskaraz, Ondategi-Zigoitian; urriaren 6an, Kilometroak, Zumarragan eta urriaren 20an, Nafarroa Oinez, Tuteran. Badago, beraz, nora jo.

Bizkaie!