Ardaoaren gerrea edo Euskal Herriko udalak jagi ziranekoa
Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria
1934an Espainiako Errepublikeak hiru urte baino ez zituan arren, ordurako, hasikeran zan ezkerreko gobernua agintetik kanpora egoan, eta haren ordez eskumako barri bat boterean. Arazoak arazoen ganean ziran Errepublika barri haretan, eta 1934an beste bi sortu jakozan, bata Euskal Herrian ardaoaren gerrea lez ezaguna dana eta, bestea, huelga orokor iraultzailea, batez be, Asturiasen.
Ardaoaren gerrea huskeria bategaitik hasi zan; halan uste eben Espainian behintzat. Aurreko urteetan mahats uztak ikaragarri onak izan ziran, eta horren eraginez ardao produkzinoa handia, eta saldu ezina. Hori zala eta, Gorteek zergea gitxitzea erabagi eben, soberakinak erbestera errazago atarateko asmoz.
Erabagia hartu eta Madrilgo Gobernuak Aldundiei jakitera emon eutsenean eta honeek udaletara zabaldu ebenean barria sortu zan okasinoa. Zergak gitxitzeagaitik gora-goraka jarri? Bai, ze gitxitze hori euskal udalen autonomiaren kontra egin eitekean kalterik handiena zan. Eta ez udalen autonomiaren kontra bakarrik, baita aldundien eta Kontzertu Ekonomikoaren izatearen kontrako erasorik handiena be. Udalen eta aldundien kontra, erakunde honeen diru sarrera handienetarikoa ardaoaren arieletik etorrelako. Eta Kontzertuaren kontra, diputazinoaren eskumena zalako kontzertuaren bidez zergen zenbatekoa ipintea. Ez zan, ganera, lehenengoz Errepublikako Gobernua euskal diputazinoen eskumen ekonomikoen kontra agertzen zana, ze hile batzuk lehenago be izan ziran Madrildik etorritako erabagiak kontzertuaren kontra joten ebenak. Esandako dana aspalditik eskatzen zan autonomia estatutuaren ez gauzatzeagaz lotu behar da. Hau guzti hau batu zanean izan zan eztanda soziala.
1934ko bagilaren 12an, Donostian euskal lau uriburuetako alkateak eta diputazinoetako ordezkariak batu ziran ardaoaren kontua aztertzeko. Bertan zerga kentzea gogor salatu ondoren, Madrilegaz hartu-emonetan jarteko batzorde bat eratzea pentsau eben. Alkateak oso hasarre egozan diputazinoakaz, euren ustez ez ebelako zuzen jokatu eta ez ebelako herriaren gogoa behar zan moduan ordezkatzen. Esan behar da diputazinoak ez egozala hauteskunde bidez aukeratuta, Gobernuak zuzenean jarrita baino. Ezkerreko Gobernua agintean egon zan bitartean, 1931tik 1933ra bitartean, EAJ eta eskumea gogor kritikau zituan diputazinoetako gestorak, eta 1934an eskumea agintean zala, ezkerra eta EAJ ziran probintzietako erakundeen eraketea salatzen ebenak. Horixe zan 1934ko uda haretan auzitan egoana, eta indar politikoak batera eta bestera banandu zituana, udalen autonomia eta diputazinoen eraketa demokratikoa.
Ogasun ministroagaz batu ziran euskal ordezkariak, baina handik ezer onik ez zan sortu eta ministroak destainezko berbak erabili zituan euskaldunen eskaeren aurrean. Honek danak giroa bero-bero ipini eban eta Euskal Herri osoan protestak zabaldu ziran. Udalen eta diputazinoen arteko batzarrean erabagi zan Bilbon udalen batzarra egitea. Batzar honetan, diputazino barriak eratzeko hauskundeak egitea onartu eben bertara heldu ziran ordezkariek.
Hau larregi zan Madrilgo Gobernuarentzat eta ordura arte okasinoari kasu handirik egin ez baeutsan, ordutik aurrera ez zan bardin izango. Isunak, egunkariak zarratzeak, atxiloketak, kartzelaratzeak eta bestelakoak eguneroko kontua izan ziran uda sasoi haretan.
Hauteskundeak deitzearen ondorioz, ordura arteko euskal alderdi politiko guztien batasuna ezerezean geratu eta protesta egin eben bakarrak EAJ eta ezkerreko alderdiak izan ziran.
Agorrilaren 12an errepresinoa zala eta hauteskundeak ez ziran herri guztietan egin, baina bai 100 udal ingurutan eta baliozkotzat emon zituen. EAJ, Euzko Abertzale Ekintza, PSOE, Izquierda Republicana eta Unión Republicanako hautagaiek urten eben ordezkari, eta ez monarkiko, tradizionalista eta erradikalek.
Ez atzera ez aurrerako une baten ondoren, Gobernuak negoziazinoetara deitu zituan Agirre eta Horn diputadu abertzaleak. Baina berbaldi horrek ez eban ondoriorik ekarri eta auziari bultzadea emoteko udalen eta diputazinoen Batzorde Iraunkorrak Zumarragara deitu zituan Euskal Herriko ordezkari guztiak, eta eurakaz batera Kataluniako ordezkariak be bai. Ordurako, agorrilaren azkenetarako, eskumearen eta ezkerraren arteko konponezina nabarmena zan eta eskumakoak EAJ euren aldera eroateko ahaleginen emoitzarik eza be bai. Ganera, Espainia osorako pentsauta egoan greba orokor iraultzailerako atontze lanak be ezin ahaztu. Giroa negargarria zan.
Irailaren 2an zan Zumarragako batzarra, eta agintariek ahaleginak eta bi egin zituen arren, ez eben lortu batzarra hankaz gora ipintea. Batzarra ez zan pentsau zan asmorako erabili, poliziaren eraginez ezinezkoa bihurtu zan eta; baina bai balio izan eban EAJ eta ezkerreko alderdiek adiskidetzeko eta abertzaleak Errepublikeagaz erabat lotzeko.
Hilebete geroago Asturiasko errepresinoa eratu zanean, han zan grebeari aurre egiteko Gobernuak ez eban bazterrean itxi EAJren kontrako erasoa. Alderdi honek be hainbat eraso sufridu zituan, besteak beste, isunak, atxiloketak... . Honen ondorioz, euskal udalen ordezkariek euren karguetatik dimitidutea erabagi eben, eta auzia ez zan guztiz konpondu harik eta 1936an hauteskundeak egin eta Madrilen Gobernu barria eratu arte.