Euskerearen erabilerea Interneten
Zein izan da ikerketarako metodologia?
Gehienbat, AllTheWeb bilatzailearen datuak aztertu izan dira (www.alltheweb.com). Oro har, hizkuntza bakotxeko zenbat web orrialde bideratzen diran aztertu da, baina badagoz egon salbuespen garrantzitsu batzuk. Berbarako, lehenengo eta behin zenbat orrialde dagozan kontuan euki behar dogu: Google (www.google.com) bilatzailearen ustetan, 9.000 – 12.000 milioi orrialde dagoz sarean. Orrialde horreetatik, Google-k 3.000 miloi bideratzen ditu eta AllTheWeb bilatzaileak ia-ia 2.100 milioi. Halan da be, sarritan orrialde ugari errepikauta dagoz eta Ekialde Urruneko herrialdeetako orriak (txineraz egindako asko eta asko, berbarako) aitatutako bilatzaile horreen zerrendetatik kanpo geratzen dira.
2000. urtean Vilaweb-en txostenean katalana hemeretzigarren postuan kokatuta egoan, baina sasoi haretan ez ziran hizkuntza batzuk kontuan hartzen (indonesierea, thai hizkuntzea, estonierea edo kroazierea), besteak beste, AllTheWeb bilatzaileak momentu haretan hizkuntzak bereiztuteko zailtasunak ebazalako.
Oraingo ikerketan, orrialdeetan berba batzuk zenbat aldiz agertzen diran kontuan hartu izan da hizkuntzen bereizketa hori egiteko (ingelesez “term frequency” sistemea); baina sistema hori be ez ei da guztiz fidagarria, ze orrialdeak txikiak diranean edo hizkuntzak familia batekoak diranean eta oso hur dagozanean (berbarako, katalana eta okzitanierea edo galegoa eta portugesa), sistemak akatsak euki leikez.
Esandakoak esanda, ikerketea oso interesgarria da, eta fidagarritasun osorik ez dakarren arren, errealidadetik nahikoa hur egon daitekelakoan gagoz. Hona hemen datuok:
Postua Hizkuntzea Zenbat web orrialde
1 Ingelesa 1.208.041.397
2 Alemana 182.005.546
3 Frantsesa 99.737.704
4 Japonierea 69.730.375
5 Gaztelania 65.814.567
23 Katalana 2.926.550
39 Galegoa 274.132
40 Euskerea 154.709
Hizkuntza bakotxean zenbat orrialde dagozan jakitea ondo dago, baina hizkuntza bakotxaren hiztun kopurua jakitea be ona da. Hona hemen jakingarriak:
Postua Hizkuntzea Web orriak Hiztunak Portzentajea
1 Islandierea 1.391.302 250.000 5,57
2 Ingelesa 1.208.041.397 341.000.000 3,75
5 Alemana 182.005.546 100.000.000 1,82
8 Frantsesa 99.737.700 72.000.000 1,39
20 Katalana 2.926.550 6.565.000 0,45
23 Euskerea 154.709 650.000 0,23
24 Gaztelania 65.814.567 322.000.000 0,20
26 Galegoa 274.132 2.250.000 0,12
Euskerearen harian
Euskerearen ganeko datuak 1996an egindako inkesta soziolinguistikotik hartutakoak dira: 650.000 euskaldun (hiztun) elebidun, Iparraldeko datuak kontuan hartu barik. Azken urteotan, euskaldunen kopuruak gora egin dau, baina datu zehatzik ez daukagu. Halan da be, hiztunen kopurua kontuan hartuta, portzentajea nahiko dexentea da, eta horrek, besteak beste, ondokoa adierazoten dau: euskaldun hiztunen artean badagoala egon Internet eta teknologia barrien erabilerearen zeozelako kontzientzia; gauzak holan, oso garrantzitsua da saltsa barri honeetan geure burua ikustea (geure burua eta geure hizkuntzea be bai).
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Internet Sarean ingelesa lehenengo hizkuntzea dana guztiok dakigu, baina geure euskerearen egoerea zein izango ete da? Zenbat erabilten da euskerea Interneten? Zenbat orrialde dagoz euskeraz? Zein da eukerearen eragina web orrialdeetan?
Galdera horreen guztien erantzunak Katalunian plazaratutako ikerketa batek argituko deuskuz. “Softcatalà” izeneko erakundeak (www.softcatala.org) azaldu dauen lez, Sarean erabilten diran hizkuntzen artean, katalana 23. postuan dago, eta euskerea, barriz, 40. lekuan.
Aitatutako ikerketa hau 2000. urtean “Vilaweb” egunkari elektronikoak egindako txosten bateko aurreikuspenean oinarritzen da. Ikerketa hau Internet munduan katalanaren erabilerea neurtzeko egin zan orain hiru urte. Datuok gaurkotu eta osotu egin ditue, eta txostena oso interesgarria da.
Dana dala, Internet lako mundu erraldoi eta basatian hizkuntza baten erabilerea neurtzea ez da gauza erreza. Kontua da ze, web orrialdeetan, posta elektronikoan, txat-foroetan, eztabaidarako gela birtualetan eta bestelakoetan erabilten dan hizkuntzea aztertu beharko litzatekela ondorio orokorrak atarateko, eta hori ia-ia ezinezkoa da.