Jon Arretxe: '...eguneroko bizimoduan zoriontsu izatea da benetako abenturea'
Bizkaitarra, Basaurin jaioa 1963an. Aspalditik Gasteizen bizi da. Euskal Filologian doktorea, Heziketa Fisikoan lizentziatua eta pianoko ikasketak amaituta ditu. Abenturazale amorratua. Ogibidez idazle eta hizlari. Jon Arretxek zenbait literatur genero landu ditu, besteak beste, nobelea, ipuinak, bidaia-kronikak...
Gure protagonistearen ibilbidean atzera eginaz, 'Hakuna matata' ipuin-bildumea aspaldiko liburua da, 1991koa zehatz esateko. Ondoren, besteak beste, ondoko liburuak etorri ziran: 'Urrezko triangelua' nobela laburra, 'Tuparen seme-alabak' kronika-liburua eta 'Ostegunak', 'Ostiralak' eta 'Larunbatak' trilogia arrakastatsua.
Udagoienaren usaina hartuta gagoz dagoeneko eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako be gero eta gitxiago falta da. Urtero, sasoi honetan ohikoa dan lez, liburu zaparradea izaten da, eta aspalditik iragarrita dagozan Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi edota Jasone Osororen nobela barriakaz batera, Jon Arretxeren liburua be jasoko dogu.
1. Sarreran esan dogu genero asko landu dozuzala. Zeinetan ikusten dozu zeure burua gusturago edo seguruago?
Danetan nabil gustura, neuk aukeratu ahal badot behintzat zer idatzi momentu bakotxean. Bidaia interesgarriren bat egiten dodanean, oso motibauta idazten dot gero berorren kronikea. Ideia originalen bat bururatu ezkero nobelea idazteko gustura idazten dot genero horretan. Beste alde batetik, ipuinak idazteko esperientzia politak bizitzen badodaz, ba bardin. Gauza bakotxa bere momentuan. Hori bai, poesiagaz ez naz ausartzen oraingoz eta ez dakit inoiz ausartuko nazen.
2. Igaz argitaratutako 'Ekialdeko mamuak' liburuan, Istanbuletik Teheranera bizikletaz egindako bidaia kontetan dozu. Oraintsu, fikzinoa lantzeko gogoa azaldu zenduan. Liburu barriaren nondik norakoak aurreratu zeinkez?
Bai. Igazkoa liburu serioa izan zan, bidaia-kronikea eta aurten guztiz bestelako zeozer toketan da, horretarako gogoa daukadalako batez be. Detektibeen giroko nobelea izango da oraingo hau, fikzino hutsekoa. Gasteizko alderdi zaharrean kokatuko da eta protagonista nagusia Clouseauren estiloko detektibe bat izango da, berari ondo jatorkon laguntzailea eukiko dauena. Giro marginalenetan bizi diran pertsonaiak agertuko dira kontakizunean zehar: ijitoak, magrebiarrak, baltzak...
Horrezaz ganera, prostituzino giroak be pisu handia eukiko dau nobelan. Dana dala, liburuaren tonua ez da tristea izango. Kontakizun barregarria egiten saiatu naz, eta oso ondo pasau dot idazten. Liburuaren izenburua "Manila konexioa" izango dala uste dot, baina ez da guztiz ziurra. Orain irakurlearen erantzuna jakitea baino ez da falta.
3. Gauza guztien ganetik, zer zara zu, irakasle, idazle ala abenturazale?
Irakasle seguru ezetz, ze orain dala lau urte itxi neutsan lanbide horri. Nire bizitzan zehar, irakasle izan naz tarte batzuetan, euskerakoa, heziketa fisikokoa..., baina orain ez dot horretzaz ezer jakin gura. Idazlea pentsetan dot banazela, ze idatzi idazten dot, eta horixe da nire diru iturri nagusia.
"Abenturazale", bestalde, bape gustuko ez dodan berbea da, ze nik ez daukat argi zer esan gura dogun kontzeptu horregaz. Niretzat benetako abenturea ez da munduan zehar ibiltea leku eta pertsona interesgarriak ezagutzen. Benetako abenturea da hemengo eguneroko bizimoduan murgilduta egotea eta zoriontsu izatea. Abenturearen ideia askotan lotzen dogu bildurra emoten deuskun zeozegaz. Batzuei bidaiek emoten deutsee bildurra. Niri neuri lehen esan dodan horrek emoten deust bildurra: gure gizartean eguneroko bizimodua egiteak.
4. Bernardo Atxagak aspaldi esan eban: 'Idazleon lanbidea basatia eta arriskutsua da'. Literaturearen jungla edo oihanean gustura zabilz?
Ez dakit basatia eta arriskutsua izango dan mundu hori, baina ni oso zoriontsu bizi naz neure bizimoduagaz, ze neuk aukeratu dot. Momentu jakin baten apustua egin neban: ohiko lanpostua itxi eta probau ia bizi neintekean nire idazlanetatik. Momentu "arriskutsua" eta gogorra izan zan, baina, zorionez, ondo urten eustan apustuak eta orain nasai eta gustura nago mundu horretan. Dana dala, autortu behar deutsut ez daukadala tratu handirik jungla horretako ganerako biztanleakaz. Hori bai, baleiteke batzuk basatiak eta arriskutsuak izatea.
5. Literaturan baino arrisku eta burukomin handiagoak biziko zenduzan bidaietan. Sentidu dozu inoiz bildurrik? Ikusi dozu inoiz bizia arriskuan?
Bai, bildurra bidaia guztietan sentidu dot momenturen baten, adibidez basamortuan erdi galduta ibili nintzanean, Amazonian pizti batek ia-ia jan ninduanean, Pakistango txoko batzuetan jenteak harriak botaten eustazanean...; egia esan, bidaia guztietan dagoz holako momentu puntualak, baina balantzearen beste aldean be esperientzia eder mordoa egoten da eta zeozelan orekatu egiten da. Edozelan be, nire biziko momenturik arriskutsuena ez zan jazo bidaietan, hemen Euskal Herrian baino: gau baten Bermioko jaietatik etxerantz bueltan nentorrela, kotxe barruan lo geratu nintzan eta istripu larria izan neban. Kotxe barik geratu baina sikeran be bizia kontserbau neban. Ez da urrunegi joan behar egoera arriskutsuak sufritzeko.
6. Gogoa zabaltzeko eta gauza asko ikasteko tresna ezin hobea ei da bidaiak egitea. Bidaiak, abenturak, zer dira zuretzat, esperientzia gozagarria ala beharra?
Hasikeran esperientzia sano aberasgarriak ziran, ilusinoz abiatzen nintzan eta beti ikasten neban zeozer, gogoa zabaltzeko tresna onak ziran, zeuk esan dozun lez. Baina denporearen poderioz, galdu egin dot hasikerako ilusino hori. Orain ez dago lar erakarten nauen lurralderik eta bidaiak egitea gehiago da droga baten modukoa, beharra. Edozelan be, nahiz eta oso konbentziduta ez abiatu, bueltan beti egoten dira alforjak esperientzia interesgarriz beterik.
7. Dana antolatuta dagoan bidaietara joan zara inoiz?
Behin joan nintzan Egiptora holako baten, aspaldi, eta kokoteraino amaitu neban: milaka tenplu, ordu zehatzak abiatu eta itzultzeko, dana goitik behera programauta...; seguruenik neu nintzan taldeko "arrarotxua" eta ez nire bidaiakideak, baina ez dot bape gogoko bidaia mota hori eta ez dot besterik egin
8. Munduko makinatxu bat bazterretan ibili zara, Amazonia, Sahara, Mali, Turkia, Iran...; zein da zure amesetako bidaia?
Zorionez edo zoritxarrez ez daukat amesik. "Zorionez" dinot, orain arte izan dodazan amesak bete ahal izan dodazalako sortu ahala, eta "zoritxarrez", galdu egin dodalako zeozer barria deskubriduteko irrika edo emozino hori. Makina bat eszena errepikau egiten dira munduko oso bazter ezbardinetan eta batzuetan iruditzen jat beste okasino batzuetako esperientziak bizitzen nagoala, nahiz eta lehenengo aldiz egon herrialde horretan.
9. Bidaietara bakarrik joaten zara. Bakardadea maite dozulako ala gehiago disfrutetan dalako holan joanda?
Danetik dago apur bat, masokismotik be bai, ze disfrutau baino gehiago ia-ia sufridu egiten da nire bidaietan, batez be bizikletaz egiten ditudan tarte luzeetan. Dana dala, momentuko sufrimentu fisikoa, nekea, gosea, etsialdia... oso lagungarriak dira gero hemengo eguneroko bizimodua gehiago estimau eta gozetako.
Bestalde, ez dago dudarik, benetako bidaiak bakarrik egin behar dira, ze holan denpora gehiago eukiten dozu gauzak hausnartzeko, asimiletako, nork bere burua ezagutzeko, barne-bidaiaz gozetako.
10. Bidaietan sortu daitekezan hutsarteak beteteko libururik sartzen al dozu motxilan? Zelako liburuak aukeratzen dozuz?
Beti eroaten dot libururen bat. Alde batetik, bisitauko dodan eskualdearen ganeko gida-liburua. Ondo aukeratu ezkero, datu zehatzetatik aparte, oso gauza interesgarriak kontetan dira herrialdeko ohiturei buruz, eta ipuinak eta bestelako jakingarriak be aitatzen dira normalean. Horrezaz ganera, bidaia-liburu politen bat be eroaten dot. Liburuak maite dodaz eta, normalean, beti erosten ditut liburuak bidaietan zehar, uri handietako liburudendetan. Asko gustetan jataz lekuan lekuko herri literaturea, ipuinak, legenda edo elezaharrak eta holakoak, eta beti topetan dot zeozer interesgarria ezagutzen dodan hizkuntzaren baten idatzita.
Koldo Isusi Zuazo