Kulturea  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

Patxi Iturregi: 'ipuingintzan oso gustora nabil'


Patxi Iturregi oso gustora dabil ipuingintzan eta irakurteko be ipuinak gustetan jakoz. Nobelea zergaitik ez dauen idazten galdetzen deutsienean, argia da Patxi Iturregiren erantzuna: 'ogibidez irakaslea naz eta tarte libreetan idazten dot; nobelea idazteko jarraiko beharra nahitaezkoa da eta, oraingoz, ez daukat astirik horretarako. Ipuinak idazteko 'hasi-itxi-barriro hartu' sistemea erabilten dot eta hori ezinezkoa izango litzateke nobelearen kasuan.

'Behi eroak' liburuko ipuinen harian, egileak adierazo dau itxuraz behintzat ipuin solteak dirala nahiz eta azpian ipuinon ordena jakina egon, zeozelako batasuna edo haria badagoala.

Aurreko lanotan legez, lehentasuna beti istoriari emoten deutsola jakinarazo dau egileak eta, oraingo honetan, absurduaren erabilerea dala nagusi ipuinotan. Ipuin urbanoak dirala, fikzinozko Bilbon kokatuta eta, beti be, umore eta ironia puntu bategaz.

Lubuaren aberastasunaz jaubetzeko derrigorra da 12 ipuinak irakurtea baina, badaezpada, gogoan euki egilearen faboritoa 'Inoiz ez dit kasurik egiten hitz egiten diodanean' izeneko ipuina dala.

Bonny

Patxi Iturregi Laudion jaio zan 1952an. Nautika ikasketak egin zituan Portugaleten eta munduko zazpi itsasoetan zehar ibili zan urteetan. Gaur egun, jaioterrian bizi da eta bertako euskaltegiko irakaslea da. Hainbat sariketa irabazi ostean, 1996an kaleratu eban bere lehenengo liburua, itsas giroko kontuez osotutako 'Haize kontra' ipuin bildumea.

Zazpi urte beranduago, itsasotik urira egin dau salto 'Behi eroak' liburuan, uria be ozeanoa bezain leku zabal eta misteriotsua dalakoan. 'Fikzinozko Bilbon' kokatuta dagoz ipuinak bat izan ezik.

Elkar argitaletxeak argitaratu dau egunotan hamabi ipuinez osotutako liburua. Bilboko aurkezpen ekitaldian (irailaren 12an), Xabier Mendiguren (ELKAR), Edorta Jimenez (Idazlea) eta Patxi Iturregi izan ziran.

Era guztietakoak dira bilduma honetako hamabi ipuinak. Drogaren mundu marjinala, uriko oligarkia, musikazale modernoak nahiz baserritarrak eta bestelakoak topauko ditu irakurleak. Xabier Mendigurenen (ELKAR) esanetan, 'giro sozial desbardinak trebeziaz islatu ditu egileak'.

Edorta Jimenezen hitzaurreagaz argitaratu eban Patxi Iturregik 'Haize kontra' eta 'Behi eroak' liburuaren aurkezpenean, mundakarrak argi esan eban: 'Xabier Mendigurenek bialdu eta goizaldeko bostetan akordau nintzan egun batean irakurri neban, hasi eta amaitu. Liburuak bere osotasunean funzionetan dau baina ipuin batzuk ederrak dira beste batzuen aldean, tarteka gorabeherak dagoz eta, zorionez, azkenean gora doa intensidadea'. Edorta Jimenezek beste pare bat kontu nabarmendu zituan: alde batetik, Athletic, Urzaiz, Guggenheim eta antzeko erreferentziak eginaz, zeozelan gizartea literaturearen bidez islatzeko gogoa igarri dauela eta, bestetik, ipuinotan 'hizkera' bat lantzeko gogoa dagoala.