Sarean  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

Desleialtasun kontuak Interneten

Gaiagaz lotutako webgune interesgarriak

www.chatcheaters.com

Orrialdaren sortzaileak, Kalifornian bizi dan John LaSage jn.ak ondo sufridu ebazan bere bizitzan e-desleialtasunaren ondorioak: emazteak alaba biak hartu eta senarrari agur esan eutson Internet bidez ezagututako Zelanda Barriko gizon bategaz joateko. Sufritutakoak sufrituta, orrialde honetan aholkuak eskaintzen dira, antzeko beste historia batzuk irakurteko aukerea be emoten jaku eta programa informatiko berezien barri emoten da. Programa horreekaz detektibe elektronikoaren lana egiteko moduan egongo garelakoan. Berbarako, “SpyAgent” programea salgai dago 44 eurotan, gitxi-gora behera); programa horregaz, Interneten sartzen garenean, bisitetan doguzan orrialde guztiak aztertzen dira eta egindako bisita horreen laburpena bialtzen jako gure bikotekideari korreo elektronikoaren bitartez. Holan, laster jakingo dogu gure senar-emaztea nondik nora dabilen mundu birtual horretan, ligetako asmotan edo zertan.

www.marriedandflirting.net

Ingeleraz dagoan “Married and Flirting” www.marriedandflirting.net orrialdearen modukora sartuta, bestelako sentsazinoak esperimentauko doguz: orrialde honetan ezkonduta dagozan senar-emazteak txateetako eta ligetako asmoz sartzen dira desleialtasun elektronikoaren arloa jorratuz.

Bestelako aukerak

Teknologia barriak tarteko, gaur egun, uste baino arinago aldatzen doaz ligetako erak. Orain arte aitatu ez badogu be, patrikako telefonoetako mezu laburren kontua be hor dago. Telefono jakinetara deitu eta 'lagun taldera' sartzeko aukerea dago (txat gela birtualaren antzera baina sms mezu laburrak bialduz). Teknika hau oso arriskutsua da, batez ere, ikuspuntu ekonomikoa kontuan hartuta; gogoan izan, telefono zenbaki jakinetara deitu behar dala eta 906 horretakoak izaten dirala gehienetan.

Gotzon Plaza,
Informatikoa

Gizakion ezaugarrietako bat da, bikoteetan bizitzeko eta egoteko daukagun jokerea. Sentimentuak eta maitasuna munduari indarra emoten deutsen eragile nagusiak dirala be esaten da sarritan. Dana dala, bikoteen bizimoduagaz batera, desleialtasun egoerak be aspaldiko kontua dira. Voltaire frantziar idazle ospetsuaren berbetan, 'lehen momentuan gizakion artean ezkontzea asmau zan eta atoan, desleialtasuna'. Ironiaz beteta dagoan esalditxu hori egia galanta da. Maitasuna eta engainua edo trufea Iparralden esaten dan moduan, gai klasikoak dira gizakion bizitzan.

Dana dala, gaurko teknologiak beste ikuspuntu eta beste bide batzuk be jorratzen deuskuz desleialtasun klasiko horren aurrean. Azken ikerketek azaltzen deuskuen moduan, gaurko gazte eta ez ez hain gazteek ligetako erabilten daben elementu barria Internet sarea da: korreo elektronikoa, eztabaidak sortzeko foroak eta txat gela birtualak dira jokoan sartzen diran bide barriak. Ikerketa horreekaz jarraituz, ligetako erabilten dan teknika hau norberaren bikotekideak jakin barik apliketan da kasurik gehienetan. Ligetako modu hau mundu birtualean gauzatzen dan arren, sarritan desleialtasun birtual batetik desleialtasun material edo fisikora pasetan da. Ohikoa da, korreoz edota txat bidez ligau eta, azkenean, benetako zita bat preparetea era bisrtualean ezagututako laguna aurrez aurre ezagutzeko.

Pelikula klasikoak eta literaturea aztertu ezkero, ugari topauko dozuez senar-emazteen ikerketa edo inbestigazinoak bikotekidearen nondik norakoak jasoteko: jake edo praketako poltsikoak arakatu, kolonia edo perfumearen arrastoak usaindu, ezpanak margozteko erabilten dan margoa han edo hemen topetako ahaleginak, detektibeari bikotekidearen pausu guztiak jarraitu dagiazala eskatzea eta antzekoak. Kontuak kontu, gaur egun gauzak goitik behera aldatu dira, besteak beste, komunikazinorako aukerak be asko ugaldu diralako. Txataren aukerak sekulakoak dira: jente askogaz hartu-emonetan hasteko modua dago eta, gura izan ezkero, norberaren benetakoizena eta personalidadea argi eta garbi plazaratu barik. Datu lez baino ez bada be, AEBetako Floridako unibersidadean egindako ikerketa baten ondorioz, bikotea apurtzeko arrazoi nagusienetarikoa Internet bidez txateetako eta ligetako jarrerea da.

Aitatutako ikerketako datuekaz jarraituz, txateko hartu-emonetan parte hartu eben hirurogei ta hamasei gizonezkoetatik hogeitalau hartu-emon sexualetara heldu ziran, Interneten egindako txateetako jolas horregaz hasi eta desleialtasun “klasikora” helduz. Horrezaz ganera, hartu-emon birtual horreek sarritan ez dira hartu-emon sexualetara heltzen baina ezkontza zoriontsuak desegiteko kapaz dira. Gaiaren harian, www.infidelitycheck.org orrialdeko arduradunek azaltzen daben lez, dibortziora heltzen diran kasuen artean, ia-ia herena Internet sarean izandako affaire ezbardinetan oinarritzen dira.

Sasoi bateko detektibeen lana be aldatzen doa. Orain ez dago morroi baten atzetik ibili beharrik eta ezkutuan argazkiak ataraterik, izan be, oraingo detektibeen beharrak asko erreztu dira informatikako tresnei esker.