Argentinatik bueltan
Martxan dagoeneko Artaburu Euskaltzale Alkartea
Orain hiru bat hilabete abiarazo eben Mar de Platako Denak Bat Euskal Etxean. Helburua argia da: euskerearen inguruan ahalik eta jente gehien batzea, Euskal Etxeko kideak zein interesautako guztiak.
Orain urte batzuk, 70. hamarkadearen hasieran, 73an gitxi gorabehera, euskerazko lehenengo ikastaroak emon ebezan Mar de Platan. Juan Ignacio Landeta 'Artaburu' bizkaitarra hasi zan zeregin horretan eta, orain, euskera ikastaroen 30. urteurrenean, lehenengo irakaslea omendu gurean, urteotan egindako beharra saritu gurean, gaur egungo maisu eta ikasleek 'Artaburu' izena aukeratu dabe.
Artaburu Alkarteko kideak oso arduratuta dagoz Euskal Herrian euskereak bizi dauen egoerea ikusita eta, ahal dan neurrian, euskerea berreskuratu eta sustatzeko ekintzak pentsetan dagoz.
Bizkaie!
Azken boladan, krisi politiko, ekonomiko eta sozial larria bizi dau Argentinak eta hankaz gora dago kontinente amerikarreko herrialderik aberatsenetakoa. Milaka euskaldunen bizileku eta euskal jatorriko askoren jaioterri dan herrialdearen suspertzea eta normalizazinoa ahalik era arinen gauzatzea da gure guraria. Edozelan be, Argentinako euskaldunen jarduna aztertzeko asmoz idatziko doguz ondoko lerroak.
Argentinako Juan de Garay Fundazinoaren 20. urteurrena
Urteurren berezia ospatzeko sekulako egitaraua preparau dau Juan de Garay Fundazino Eusko-Argentinarrak. Aurten, irailaren 19an egingo daben Fundazinoaren urteroko afarian zeozelako omenaldia eskainiko jake ondokoei: Mario Roberto Alvarez Elissamburu arkitekto emerituari, nazinoarte mailan ezagunak diran obren egileari; Francisco Amorrortu jn.ari, urteetan zehar Argentinako euskal erakundeak bultzatzen egindako beharragaitik; Carlos Gorriarena argentinar pintore ospetsuari eta Ana Belen Elgoyhen ikerlari gazteari.
Esandako moduan, Juan de Garay Fundazinoaren 20 urtebetetzeko ekitaldi nagusia hilaren 19an izango da. Urtean zehar hildako Fundazioko lagun eta kideen oroimenezko mezea goizeko 11:00etan hasiko da. Mezea Jose Erro monsignoreak emongo dau. Azkenik, afaria Buenos Aireseko Ingeniarien Zentruan egingo dabe.