Topaketak ikasturtea hasteko
Xenpelarrera bisitea
Zapatuko lanak amaituta eta gauean bertso-parrandeari bere lekua egin ostean, domeka goizez bertso-eskoletako irakasleak Xenpelar Dokumentu Zentrura joango dira bisitan. Bertan bildutako materialaren barri jasoko dabe, baita beronen antolaketa eta erabilpen sistemearen nondik norakoak ezagutu. Bisita honen helburua Dokumentu Zentrua bertso-eskoletako eragileei ezagutzera emotea da eta, bide batez, eskolako jardunean euki leiken erabilgarritasuna aztertzea.
Bertan ezagutuko dabe ganera Bertso-Eskolen Datu-Basea, aurten sortua eta 2001-2002 ikasturtetik aurrerako datuak jasoten dauzana. Bertso-eskolen zerrendea eguneratzeko eta ikasle zein irakasleen ibilbidea jarraitzeko lehenengo ahalegina dogu datu-basea. Igazko ikasturteko datuak be ezagutzera emongo dira bisitan, eta hemen aurreratu geinkez datu nagusienak: igaz 75 bat eskola aritu ziran, 120 bat talde, 100 irakasle inguru eta 1000 ikasletik gora. Kontuan hartzeko moduko datuak dira, azken urteetan sendotzen doazen zenbakiak izanda, bertsolaritzearen geroa ziurtatzen dabelako.
Aurten, igazko parte-hartze mailari eustea espero da. Ehundik gora arduradun eta irakasleri egin jako konbitea eta irakasle guztiak gaztetxoakaz lan egingo ez badabe be, guztientzat lagungarria izan leitekeela uste dabe Transmisino Taldekoak, baita epe laburrean irakasle zereginetan hasi leitekezan bertsolari eta bertsozale gazteentzat be. Urnietan daukie zitea, IV. Bertso-Eskolen Topaketan, irailaren 20 eta 21ean .
IƱaki Aurrekoetxea
Urte barri on. Bai. Egia esan, irailean hasten dogu urte barria, beharra, ikasketak, asmoak, amesak, gehienak urte sasoi honetan barrizten doguz. Ikasturteak denporalizetan dau gure bizimodua. Plan barriak ezagutarazoteko sasoia ei da eta bertso-eskolen ikasturtea hasteko, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak aurkeztu dau berea: IV. Bertso-Eskolen Topaketea.
Igazko Topaketea abiapuntu
Irailaren 20 eta 21eko asteburuan alkartuko dira bertso-eskoletako irakasle eta arduradunak Urnietako Salesianoen aterpetxean. Aurtengoa, igazkoaren jarraipen moduan ulertu leiteke, data bardinak errepikau ez eze, orduko balorazinoetatik sortu diralako aurtengo helburuak eta egitaraua. Orain urtebete, Seguran, 50 bat laguneko partaidetza aberatsagaz, bertso-eskoletan zer eta zelan lantzen dan aztertu ostean, Bertsozale Elkarteko Transmisino Taldeak Bertso-Eskoletarako Lan-Gida banatu eban irakasleen artean. Gida horretan, bertso-eskolan emon leitekezan edukiak sailkatu eta berauek lantzeko zenbait ariketa eta baliabide proposatzen dira, metodologia zehatzik deskribiduten ez bada be. Tresna lagungarria da, baina argi geratu zan igaz adin eta maila ezbardinak kontuan hartuz lan sakonagoa eskatzen dauela ahalegin honek.
Lan-ildoak zehazteaz ganera, ondorio interesgarriak atara ziran igazko topaketan. Batetik, hasi gara bertso-eskoletan esparru pedagogikoa eta antolaketa esparrua bereizten eta bide batez, curriculum, plangintza eta programazinoa moduko kontzeptuei bildurra galtzen; bertso-eskolako jardunean integrau beharrekoak dirala jaubetu gara. Bestetik, Topaketea bere lekua finkatzen hasi da, bertso-eskolen jardunean lagungarri izan leitekezan ondorioak atarateko mintegi lez eta eragileen elkargune lez.
Helburuak eta programazinoa
Abiapuntu horregaz, errez euki dau Transmisino Taldeak aurtengoak antolatzeko. Bertso-eskoletako irakasleek elkargune hau eta bertotik bere jardunerako atara leiken prestakuntzea baloretan dabe eta asmo horregaz dator IV. Bertso-Eskolen Topaketea. Bi dira aurten jarritako helburuak: ikasturte bateko programazinoa lantzea eta bertso-eskoletako arduradun eta irakasleei Xenpelar Dokumentu Zentroa ezagutzera emotea. Aurten, 12-14 urteko ikasleakaz lantzeko programazinoak egingo dira, mailaren arabera beti be, hastapeneko maila, ertaina eta bat-batekoa bereiztuta. Lehen egunak beteko dau asmo hau. Baina Euskal Herriko bertso-eskoletako irakasleak taldeka lanean imini aurretik, mahainguru bategaz hasiko da Topaketea: Jon Lopategi, Pello Esnal eta Oihane Perea irakasleek adin horretako gazteakaz daukien esperientzia eta erabilten daben metodologiaz berba egingo dabe.
Teoriatik praktikara pasauko dira gero. Programazinoak egiteko kontuan hartu beharko dira bertso-eskolearen kokagunea, taldearen bertsozaletasuna eta maila eta, horreen arabera jarritako helburuek baldintzauko dabe gure programazinoa. Hor zehaztuko dira, helburuez ganera, langai izango diran edukiak, erabiliko diran metodologia eta baliabideak, denporalizazinoa eta ebaluaketea.