Eretxia  I urtea // 1 zenbakia - 2002ko maiatzaren 1a - Hamaboskaria

Galdamesko Loitzaga dorretxearen sekretua


Auto horreek guztiak ospe eta izen handiko sasoia bizi eta gero, gaur egun atsedena hartzen dagoz, nasai baina harro, Galdamesko Loitzaga torretxe eder honetan. Beraz, egun atsegina igaro gura badozue, erakusketa hau zabalik dozue zapatu, domeka eta jaiegunetan goizeko 11etatik arratsaldeko 7etara.

Joseba Terreros

Enkarterriko Galdames herrian, gure lurraldeko eskualde ezezagun eta misteriotsuenaren sortaldean, torretxe dotore bat harro eta tente agiri da, justuri batek suntsitua eta ostera be eregia. Gizaldi askotan zehar bertako historiaren jaubeak ganboarren aldekoak izan ziran; gaur egun, ostera, sekretu bat ostentzeko toki ezin aproposagoa da. Izan be, eraikin honen hormen atzean munduko Rolls Royce bildumarik osotuena eta garrantzitsuena topau leiteke: Loitzaga torretxearen automobilen museoa.

XX. mendea definiduteko ezaugarrietariko bat, zalantza barik, ordura arte ezezagunak ziran hamaikatxu garraiobide sortu eta ugaltzea izan da. Abioiez egindako bidaiak sortu eta automobilaren erabilerea arian-arian asko gehitu zan, gaur egun uri handietan trafikoagaz dogun arazo larria sufritzeraino.

Ikuspegi honetatik, Loitzaga torretxeak aparteko garrantzia hartzen dau, izan be, horma sendoen barruan, ardura, arreta eta maitasunez gordeten dabe kalidade zein kantidadeagaitik auto klasikoen eremuan munduko onenentzat jo leiteken bildumea. Azken hilebeteotan, ganera, sekretu horrek ateak zabaldu deutsoz munduari eta kotxe honeen historiaren maitaleek, gauza bitxien nontzebarritxuek edo eguna beste era batera igaro gura dabenek gozau leikie erakusketa interesgarri hau ikusten.

Loitzaga torrearen sekretuaren arrakastea pasa dan mendeko ikonorik garrantzitsuenetako bat erakusteko gaitasunean dago, autoak izan dira-eta XX. mendean amesetara edo porrotetara abiatu eta ailegateko izan dogun ikur eta sinbolo nagusia.

Hemendik adituta, Loitzaga torretxeak erakusketa ederra eskaintzen deusku, 43 Rolls Royceren karrozerietan izkutaturiko historia eta pasadizoak azaltzeko sekulako balioa dauena. 43 istorio bitxi horreek, museoaren ibilbidea beteten daben beste marka batzuetako 27 ibilgailuakaz batera, aukera ezin hobea emoten deuskue garraiobide honen eta, jakina danez, XX. mendearen historian zeharreko bidaia ederra egiteko.

Rolls Royce-ak

Etxe honetako ezaugarririk bereziena 60ko hamarkadara arte autoen modelo bardin bat bera be egin ez izana da. 1904an sortutako Rolls etxeak autoak berezitasun bitxi bati segiduta egiten zituan: aurrea, bastidorea eta motorra. Hori zala eta, kotxea jaubeari emon behar jakonean, persona horrek ez eban topetan aluminio finduan egin eta modu sendoan bernizaturiko karrozeria besterik. Halandaze, ibilgailuaren jaubeak bere Rolls Royce-ari gustuko diseinua ipinteko modua izaten eban.

Hori dala eta, auto mueota honi zuzendutako hiru pabiloietan modelo bitxiak eta erakargarriak dagoz, euren jaubeek modu xelebrean ipinitako karrozeriak, kolore eta detaileakaitik argiak eta distiratsuak diran modeloak... Azken baten, auto horreek gobernuburu, errege-erregina, emir, handi-mandi edo aberatsen gutiziak baino ez ziran.

Besteak beste, kopuru handitan egindako lehenengo Rolls Royceko 'Silver Ghost' modeloaren hainbat auto ikusi daikeguz (6.173 baino ez ziran egin). Arabiako Lawrencek edo Vladimir I. Lenin errusiar iraultzaren aitak, kasu baterako, modelo honetako autoak gidatu zituen. Erakusketan dagoan 'Silver Ghost”'zaharrena 1910ekoa da.

Horrezaz ganera, 20ko hamarkadatik 60kora egindako 'Phantom' modeloaren hainbat auto ikusgarri topauko doguz, bai eta 'Silver Wraith' muetakoak edo bildumearen autorik barriena, 1989ko 'Spur' modelokoa be. Horreek guztiek agirian jarten dabe bildumearen garrantzia, auto honeen sorreratik XX. mendeko azken hamarkadara arteko bide osoa aztertzeko modua dogu eta.

Fabrikatik urtekeran, Rolls Royce etxeak erosleari emoten eutsonaren moduko 'Phantom II' bat bilduma honen bitxietariko bat da, aluminio finduan egin eta bernizaturiko karrozeria baino ez dauena. Honi esker, argi eta garbi atzemon geinke zeintzuk ziran erosle dirudunek karrozeriari egiten eutsiezan aldaketak.

Erakusketan 'Phantom IV' modeloaren auto bat be badago. Bigarren Mundu Gerraren ostean, modelo horren 18 unidade baino ez ziran egin eta erabiltzaileen artean Saudi Arabiako Talaf printzea, Pertsiako Shaha edo Franco bera aitatu geinkez.

Automobilaren historiaren hasikerea

Laugarren pabiloia automobilaren historiaren erlikiatzat hartu daiteke. Gelearen lehenengo alderdian Rolls-en 'Silver Cloud II' modelo bi agertzen jakuz, batak bastidore barria dauka eta besteak antxinakoa. Handik abiatuta, XX. mendeko lehenengo urteetarako bidaia egiten dogu, hau da, beste marka batzuek, berbarako Ford, Peugeot edo Cadillac-ek egindako lehenengo modeloetarako ibilaldia.

Erakusketa gela honetako buru lez, 1913ko 'Delvnay Belleville' bat dogu, 'frantsesen Rolls' ezizenagaz ezagunagoa izan zana; honen alboan bildumearen autorik zaharrena, 1900ko 'Gladiator bat'. Egurrezko karrozeria dauen 1903ko Peugeot eder bat be ezin dogu aitatu barik itxi.

Hamargarren hamarkadako 'Ford-T' modeloaren hainbat auto be agertzen jakuz, guztiak itxura ederrekoak. Ford enpresea izan zan, denporearen kontrol eta muntaia katearen sistemea 1913tik aurrera erabilita, produkzinoa seriean egitea lortu eban lehenengo etxea; halantxe jadetsi eban ibilgailuen konsumoa handitu eta orokortzea.

Automobilaren bilakaerea

Lau pabiloiak bisitau ostean, hiru 43 Rolls Royce-ei zuzendutakoak eta bestea marka desbardinetako antxinako modeloei, ondino be gela bi ikusi behar dira. Honeetan, autoen bilakaerearen nondik norakoak aztertu eta marka askoko autoakaz gozau daiteke; halandaze, Jaugar, Ferrari, Porsche, BMW, Cadillac, Mercedes... markako kotxe ederrak eta suhiltzaileen 1936ko kamioi ikusgarri bat be.

Loitzaga torretxea

Hormen atzean auto bilduma zoragarria gordeten dauen Erdi Aroko gotorleku honen interesa eta edertasuna be ez dira gitxietsi behar. Mendiz inguratuta, Loitzaga torrea museo honetarako pentsau leiteken kokagunerik aproposena da.

Galdamesko Concejuelo auzoko torretxe hau abendañotarren alde egiten eben ganboarren bando-kideen esku egon zan. Justuri batek hondatu eban arren, ostera be eregia izan zan. Harresi sendo eta indartsuen barruan, automobilaren historiaren barri emoten deuskuen sei pabiloi dagoz.