Zinea  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

'Las mujeres de verdad tienen curvas'


Sundancen eskuraturiko epaimahaiaren eta ikusleen sari biek eta Donostian igaz jadetsitako gazte sariak melodrama honen kalidadearen barri emoten deuskue. Izan be, pelikulea sano apala izanagaitik be, 'Real Women Have Curves' filmak uda honetan arrakasta handia lortu dau ahoz aho eta lagunartean zabaldutako barriketei esker. Pelikuleak AEBko latinoen komunidadearen errealidadea aurkezten deusku behar baino kilotxu batzuk gehiago dituan protagonistearen eskutik. Gazte hau institutuko graduatua lortzeko dago, baina, oso ikasle ona izan arren, amak ez dau gura unibersidadera joan daiten, beraren eretxiz, behar egiteko sasoia ailegau jakolako. Ama eta alabearen arteko gatazka honi gehitu behar jako bizimodu amerikarrean ondo be ondo zuztarturiko belaunaldiaren eta Mexikotik ekarritako usadioei eutsi gura deutseen gurasoen arteko aurrez aurreko enfrentamentua.

Rol protagonista dauen familiak ezin hobeto beteten dau klan latinoaren idiosinkrasia. Los Angelesko auzo umil baten dagoan jantzi lantegi baten jaubeak dira; horrek Anaren senide zaratatsuei bizimodua aurrera ataraten laguntzen deutse, beharrean gogotik eta esplotazinotik hur ahalegindu behar izaten diran arren. Gaztelania eta ingelesa egunero tartekatzen dira euren artean egunaro izaten diran sesinoetan. Neska gazte protagonisteak familiaren lantegian izango dauen lehenengo lana eta birjintasuna kenduko eutson mutilagaz izandako zitak izango dira bizitzearen ibilbide gogorrean gainditu beharreko lehenengo probak; traba horreek gainditzeko azalduko dauen grinak erakatsiko deutso bere burua maitatzen eta aurrera joten.

'Real Women Have Curves' filmak gizatasunez oratzen deutse txikanoen eguneroko arazoei. Barre zantzoka ibilteko baino gehiago, umore finak lagundutako irribarretxuak egiteko filma da. Ganera, antzezleen jarduna bikaina da eta filma girotzeko erabilitako musikea benetan zoragarria. Horrezaz ganera, oso eskertzekoa da egunerokotasunean oinarrituriko bizimodu baten zertzeladak emoteko modua istrionismo zein gehiegikeriatik aldendu eta soiltasun zein eztitasunaren eremuan sartzea. Osogarri xumeak baina nahikoak film ona eta gomendagarria egiteko.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Patricia Cardoso
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 85 minutu
- Antzezleak: América Ferrera, Lupe Ontiveros, Ingrid Oliu, George López...