Musikea  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

Deluxe. 'If things were to wrong'. Mushroom Pillow 2003


Gotzon Uribe

Egunotan jaso dodazan diskoen artetik freskagarriena eta onenetarikoa otu jat Deluxe-en estudioko bigarren lan hau. Deluxe izenburuaren azpian Xoel Lopez izeneko A Coruñako mutil gazte bat azaltzen da. Disko bi eta ezin hobeak biak; hori bai, azken honegaz oihartzun nabarmena izan du azken hilebeteotan; uda sasoian hainbat jaialditan parte hartu dau eta geratu barik dabil hara eta hona kontzertuak emoten.

Lehenago Elephant Band taldean ibilitako musikari honen lan barrian, kinada edo eztenkadez beteriko abestiak azaltzen dira: alde batetik, 60. hamarkadako pop doinuak nabariak dira eta, bestetik, rock doinuak era ezin hobean sortu ditu. Osogai nagusiak kitarra soinu finak, tekladuen magia eta sonoridade 'retroa' dira eta, horreekaz guztiekaz, ironiaz eta kutsu erromantikoz ganezka datorren diskoa da. Labur-zurrean, disko alaia eta fresko-freskoa da, oso aproposa lasai-lasai entzuteko zein dantzan egiteko. Beck, Beatles, Ocean Colour Scene, Curtis Mayfield edota Paul Wellerren jarraitzaileentzat eta artista horreen musikea maite dabenentzat disko ederra seguru. Azken finean, pop musikeagaz disfrutetan dabenentzat erosi eta etxean euki beharreko diskoa.