Arima bako oskolak eta habe bako etxeak
Zer dira hizkuntzak?
Hizkuntzak, eurek guztiak, hiztun taldeentzako, ideia, nahi eta esperientziak pertsonen artean trukatzeko bitarteko huts ez dira. Izan be, hizkuntzak, beste osogai batzuen artean, hiztun komunitateei loturiko kulturen erakusle edo adierazpen sinboliko be badira, halan da ze, hizkuntzak kultura horreen zati dira eta berorreei, neurri handi edo txiki batean, komunikazinorako oinarria emoten deutsie. Gure ingurura begiratuz, hamarkada luzeetan hatako eskuduntzak doguzala, zein dira gure herriko haur eta gazteek euskal kultureari buruz ezagutzen dabena?
Edo bestela planteauta, uniformizazinoak eta globalizazinoak hizkuntza eta kultura “nagusiak” ezartzea eta aniztasuna ezabatzea dakarren honetan, guk geure izakerea eta kulturea indartu gura badoguz, zein dira, besteak beste, DBH amaitzean, ikastetxeetan zein ikastoletan ikasten ari diran 16 urteko gazteek (Erreferentzia adina 16 urtetan jarri da, hori baita Frantzian eta Espainian derrigorrezko irakaskuntza amaitzeko urte kopurua. Hala eta guztiz be, ikasle askok hamazortzi urte bete arte ikastetxeetan segitzen dabela kontuan hartuz, malgutasunez hartu beharreko kontua da) euskal kultureari eta ganerako kulturei buruz ezagutu –gitxienez– behar dabezan jazoera eta kontzeptuak, egiten jakin behar dabezan prozedurak eta eurenganatu behar dabezan balioak eta jarrerak? Galdera honek zera itxi gura dau agirian, ezen gure eskuduntzak erabiliz eta curriculumaren zehaztapen maila ezbardinak gauzatzeari begira, arinkeriaz ez eze garrantzi handiko eremu honegaz ardurabako antzera be jokatu izan dogula. Hagaitik, gai honi ahalik lasterren heltzea garrantzi handikoa dala azpimarratu nahi dot.
Behar honi heltzeko, baina, zein litzateke oinarrizko abiaburua? Bada, Euskal Herriari jagokonez, euskal nortasuna indartu eta garatzeari begira, euskal kulturea ardatz izanik, euskal curriculuma eregitea eta horren inguruan etorkinen ukipen kulturalak, curriculum ofizialak eta Europako eta mundu zabaleko kultura molde unibertsalak kontuan hartzen dituan curriculum integratzailea gauzatzea. Madrili edo Parisi begira egon barik gure seme-alabei agindu aurretik badaukagu, bada, guk geuk be etxerako behar nahikoa.
Erramun Osa.
Motxila bete liburu dabezala hurreratu dira haur eta gazteak Euskal Herriko eskola eta ikastoletara. Ikasturte barria hasi da eta udako berotasunean apaldu eta epeldu dan euskerearen erabilerearen kontuak indarra hartuko dau barriro be. Han-hemenka euskerazko ereduetan ikasten ari diran haur eta gazteen euskerearen erabilera urria izango da hizpide. Gizarteak oro har, eskola giroak batez be, euskerearen erabilerea indartzearen aldeko jarrerak zein estrategiak bultzatzen ete dituan besterik da, baina.
Laster baten euskeraz jarduteko aukera urriak izan, guraso erdeldunak euki eta familia giroan gazteleraz ari diran auzokidearen semea edo lagun haren alabea laguntza eske etorriko jataz. Irakasleak agindutako lanen artean, besteak beste, hutsuneak betetea, ohiko komunikazinoan gitxitan erabilten diran aditz formak asmetea edota esaldi baten azterketa sintaktikoa burutzea dagozanez, euskeraz ozta-ozta berba egiten dabenak laguntza bila hurreratuko dira. Izan be, eskolearen ohiko hizkuntzearen trataeran, hizkuntzearen ikuspegi estrukturala nagusitu izan ohi da, hau da, hizkuntzea sistema formal moduan ikusi izan da (Testuinguru horretan, Txepetx-ek (1987) idatzitako 'Un Futuro para nuestro pasado' liburuan lau haizeetara barreiatutako ezagutza, erabilera eta motibazioaren inguruko errepresentazinoak, ikus, “El punto de partida: las condiciones de adquisición y aprendizaje de las lenguas”, 35-65 or.), erregela eta elementu multzo abstraktu eta orokor lez. Ondorioz, didaktikearen helburua sistema horren ezagutzea izan da, hizkuntza bakotxaren egiturea, erregela eta osogaiak ezagutu ostean, ezaguera hori aplikatuz hizkuntzearen jaubetzea zein erabilerea lortuko diralakoan, baina, ez da holan pasetan!. Ezen, askotan holakoak xedera heltzeko eragingarriak ez izateaz ganera, kontrako efektua lortzen da: euskerea eroan ezinagaz, nahi eta ezinagaz edota porrotagaz lotzea. Honek ez deutso gure hizkuntzeari ezelako mesederik ekarten, ez eta haur eta gazteek gure hizkuntzea erabiltea bultzatzen.
Neure eretxiz, hezkuntzan dihardugunon artean bestelako ikuspegia zabaldu eta nagusitu beharko litzateke (horretan be autokritikea egitea komenigarria da). Horren mugigarriak hizkuntza arloaren xedea ikasleen komunikazino eta errepresentazino gaitasunak garatzea izan behar dau, hizkuntzearen oinarrizko trebezia nagusiak (entzun, irakurri, berba egin, idatzi) menperatzea lortuz, bizitzan planteetan diran egoera ezbardinetan eta asmo ezbardinekaz hizkuntza komunikazino-tresna eragingarri lez erabili daien. Ondorioz, didaktikearen helburua giza behar guztietarako tresna horren erabilera egokia izango da, testuinguru eta zeregin ezbardinetan erabiliaz eta erabilera horren inguruko hausnarketak eginaz, hizkuntzearen jaubetzea lortuko da.