Barriketan  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

Tere Irastortza (EIE): '...itzulpengintza politikeak on egin leikio euskaldunek euskal literaturearen ganean daukien ikuspegi ez baikorregiari'

Tere Irastortza (Zaldibia, 1961), ikasketaz filologoa, Euskal Filologian eta Filologia Hispanikoan lizentziatua. Gaur egun, EIEko lehendakari, Idazle Eskolako zuzendari eta Beasaingo Ikastolako zuzendari lanetan dabil. Dozena erditik gora poema liburu argitaratu ditu, eta Marià Manent, Edmond Jabès eta Maria Tsvietaievaren poema liburuak itzuli ditu.

Makinatxu bat gai doguz EIEko lehendakariagaz, Tere Irastortzagaz aztertzeko: alde batetik, 2001-2004 EIEren Plan Estrategikoaren aroa azken txanpan dagoanean, helburuetako batzuk gauzatzen hasita dagoz, besteak beste, idazle eskolea abiatuarazotea, izan be, pare bat urteko lehenengo ikastaroa urrian hasiko da. Bestalde, EIE itzulpengintza egitasmo zabalaren bila dabil, eta horren ganeko zehaztasunak ezagutu gura doguz. Azken buruan, Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, 'Historia eta oroimena' lemapean, Galeuscaren XX. edizinoa, hau da, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko idazleak batuko dituan topaketak Gernikan egingo dira aurten, datorren zemendian. Helburua, herrialde bakotxean XX. mendean jasandako gerra eta gerraosteei literatureak emon deutson tratamendua aztertzea da:

1. Euskal Idazleen Elkartea 1982an sortu zan, besteak beste, euskal idazleen eskubide moral eta profesionalen alde egiteko eta euskal literaturea gurean eta kanpoan zabaltzeko. Gaur egun EIEk 280tikgora bazkide ditu, gehienak gipuzkoarrak. Helburuak eta egitekoak asko aldatu dira?

Helburuak eta egitekoak aldatu baino gehiago, sakondu egin diralakoan nago, zenbait lan-ildo egonkortu eta landu diran neurrian. Halan da be, oraindino euskal literaturan eta euskal idazlearen eskubideen arloan zeregin handia dago.

2. Oro har, zeintzuk dira euskal idazleen erronka eta ardura nagusiak?

Gatxa da horrenbeste idazleren erronkak definidutea eta mugatzea. Euskal liburu eta euskal literaturearen erronka eta ardurez hiru kontu azpimarratuko neukez: euskal liburugintzeak, indartsu izateko, baditu oraindino gainditu beharreko arazo handiak. Alde batetik, idazleari jagokozanak. Egia da euskal idazleak, literatur idazleak nagusiki, badaukala neurri batean presentziarik euskerazko komunikabideetan, baina bere lana egiteko dituan baliabide-eskasia estaltzen dauen adabaki modura be jokatu daiteke holan. Euskal idazle asko dago momentuan, baina euskal literaturgile profesional gitxi dago, esan nahi baita, euskal literaturgileak, oro har, beste bizibide bat behar dauela.

Bigarrenik, euskal idazleak, irakurlego txiki batentzat idazten dau eta, salbuespenak salbuespen, saltzen dauenagaz bizitzea ezinezkoa jako, ez bada, beka, sari edo horrelakoren bati esker. Horren arrazoiak ez dira bakarrik hiztun-kopuruan justifikau behar; euskal liburua, esan geinke ziurtasunez, ez da oraindino kaleetara heldu eta ez da erderazkoen neurrian heltzen saltokietara.

Hirugarrenik, euskal idazleok euskerearen egoerearen, batasunaren eta gure literatur historiaren barri be izan behar dogu; egoera horretatik abiatu eta gainditzeko literatur eta liburugintza indartsua sortzea da beste helburuetako bat.

Egoera horri aurre egiteko Euskal Idazleen Elkartearen erronka nagusia euskal literaturearen eta euskal liburugintzearen barri hedabide guztietan eta indar handiz bultzatzea da. Horretarako, azken urteotan, Hegats, Kalegats, Komatxo Artean eta web orriagaz batera bultzadea emon gura deutsagu liburugintzearen presentziari, baina badakigu jakin, ganerako hedabideetan eraginkor suertauko dan politikea bultzatzea dala bidea. Beste helburu garrantzitsu bat euskal liburua munduan barrena hedatzea da.

3. Balearretako Gobernuko itzulpengintza politikea eredutzat hartuta, euskerazko lanak kanpoko hizkuntzetara itzultzeko EIE eta Eusko Jaurlaritzearen artean adostutako itzulpengintza politikea zertan dago gaur egun?

Euskal liburugintzea kanpoko hizkuntzetara itzultzeak helburu asko ditu. Alde batetik, Euskal Herria interesgunea da munduan, baina euskaldunak hizpide izatetik hiztun izatera ez gara gehienetan pasetan. Euskal literatureak eta euskal liburugintzeak ildo hori jorratzeko aukera ona eskaintzen dabe.

Bestalde, uste dugu politika horrek on egin leikiola euskal idazlearen profesionalizazioari eta baita euskaldunek euskal literatureari buruz daben ikuspegi ez baikorregiari. Ekimen hori garrantzi handikoa da eta EIEk antzematen dau, horretan, euskal literatureak hainbat zailtasun izango leukezala, horreen artean, praktikoa bata, hau da, atzerri-hizkuntzetara duintasunez itzultzea euskerazko liburugintzea.

Ekimen horretan aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzeagaz adostutako planteamentu bat bultzatzea garrantzi handikoa da, eta badogu bai horretara heltzeko esperantzea eta esperantzeagaz baita kemena be.

4. Literatura Unibersala bildumearen bigarren aroa martxan dago eta azken urteotan, besteak beste, Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' 19 hizkuntzatara itzuli da eta Unai Elorriagaren 'SPrako tranbia' liburu sarituaren erderazko itzulpena be hor dago. Kasu isolatuak dira, baina itzulpengintzea sistematizetako, oro har, ba al dago kalidaderik, eskaerarik, irakurle posibleen interesik?

Uste dogu hiru gauzak badagozala eta topau daitekezala, baina horretan, kanpo-herrietako irakurleen interesetik abiatu beharra dago eta ez bakarrik euskal liburugintzearen kalidadetik. Alde horretatik, Islandia eta Balearretako politikek zein bide jorratu daben aztertzea be interesgarria da.


5. Euskal Herrian ez dago idazle eta itzultzaile faltarik, baina orain arte autodidakta izan dira gehienak. Datorren ikasturtean, barriz, UNEDen Bergarako zentroan abiatuko da idazleen eskolea. Irakasleak, Jexux Eizagirre, Jon Alonso eta Tere Irastortza izango dira. Gaiaren harian, euskeraz ondo idazten jakitea nahitaezkoa da, baina sormen eta senik barik ez dago idazle treberik. Zeintzuk dira idazleen eskolearen helburuak eta zeintzuk, ostera, jorratuko dozuezan ikasgaiak?

IDAZLE ESKOLEAren helburua edozein lanetan euskeraz idazteko gaitasuna bermatzea da. Horregaz batera, baita orain arte gehienbat erderea nagusi izan dan alorretan eskolea sortzea be, hau da, alor horreetarako ereduak sortzea.

Gauzak holan dirala,eskola honek, euskerea oraindino ohikoa ez dan alorretan erabilgarri egiteko baliabideak eskaini gura ditu eta, aldi berean, hizkuntzen ukipenaren ondorioak ezagutu eta gainditzeko helburua dauka.

Hizkuntzearen egoera soziolinguistikoak idazle literarioaren eta idazle profesionalaren eremuetan dituan ondorioen artean, alkarren arteko ezezagutzea da nagusi. Hirugarren helburua, arlo horreetan euskeraz egiten danaren eta egin daitekenaren barri emotea da. Horretarako, idazle literarioak erabili ohi dituan baliabide erretoriko eta estilistikoak ezagutuarazoko jakez idazle profesionalei eta idazle literarioek beste zenbait alorretan egiten daben beharraren barri emongo deutsee profesionalei.

Ikasle mueta horreek kontuan hartuta, Idazle Eskoleak idazketa mueta bi landuko ditu: idazketa literarioa eta idazketa profesionala.

Horretarako, ikasturte bi beharko dira (300 eskola-ordu antolatzeko moduan). Zenbait gai ikasle guztientzako baliagarriak izango dira, baina leitekeana da ikasle kopuruaren arabera eta antolaketearen arabera, batera ez emotea.

Laburrean, beraz, Idazle Eskolearen oinarriak, honeexek izango dira :

1.- Hizkuntza gaitasunen eta baliabide estilistikoen ezagutzea.
2.- Euskal irakurlego erreala kontuan hartuko dauen idazketea lantzea.
3.- Sormenaren bideak egituratzea.
4.- Ikasleak , une oro,'tutore' edo kalidadezko irakurle baten eretxia jaso ahal izatea.

Laburbildurik, hona hemen, ikasturte bietan jorratuko dan programea:

Lehen ikasturtea (2003-2004):

1) Imitazinoa eta itzulpena sormenaren bidean

- Imitazinoa, kultur bidea. Latinaren kasua.
- Itzulpena, kulturen arteko zubia. Bibliaren itzulpenen garrantzia literatura zibil baten sorkuntzan.
- Imitazinoa eta itzulpena: euskerearen kasua.
- Idazlearen figurearen ganeko errepaso historikoa.

Ipuin bat idazteko armak zorroztuten.

- Genero literarioak.
- Ipuinen parteak: hasierea.
- Ipuinen parteak: amaierea.
- Ipuinaren egiturea.
- Ereduari begira egindako sorkuntzea.
- “Eder” egitea.

Estilo ariketak.

- Ipuin bat idazteko lantegia.
- Danetariko testu-sormena.

2) Argudiaketea

- Zergatik argudiatu?
- Zer da argudioa? (argudioaren eskemea).
- Zelan defendidu zure eretxia? (argudio estrategiak)
- Testu-antolatzaileak, argudio-testuetan.
- Modalizazinoa.
- Eretxi-artikulua.

3) Idazketea

- Idazketearen ganeko teoriak.
- Idazketarako baliagarri diran zenbait kontzeptu.
- Idazketea / irakurgarritasuna.
- Idazketea eta irakurlea.
- Idazkera motak eta testu motak.
- Idazten hasteko bideak.


4) Hiztegiari buruzko ikasgaiak.

5) Baliabide erretorikoei buruzko ikasgaiak.

6) Idatzi osteko zuzenketa prozesua.


2. Ikasturtea (2004-2005):

1) Idazketa literarioa (150 ordu).

2) Lan-arloko idazketea (150 ordu).

2.1.- Kudeaketea eta idazketea.
2.2.- Dibulgazinoa eta idazketea.
2.3.- Ahoz irakurteko idatzi.
2.4.- Idazketearen pedagogia.
2.5.- Administrazino mailako idazketea.

6. Idazleak trebatzeko lehen ikastarorako matrikula epea irailaren 30ean amaitu eta eskolak urriaren 18an hasiko dira. Zeintzuk dira izena emoteko baldintzak?, plazak mugatuak dira?

Aitatutako ikastarook graduondokoak dira eta, beraz, diplomatuak edo lizentziatuak izatea eskatzen da titulua jaso ahal izateko. Dana dala, diplomatu edo lizentziatu izan ez arren, lan-baldintzak dirala medio, idazketa lanean ibili diranak edo dabilzenak be onartuko dira (eta horreei diploma bat emongo jake ikastaroen amaieran).

Lehenengo ikasturterako onartua izateko, kontuan izango da baita, bigarren ikasturterako egiten dan modulu aukeraketea. Hau da, plazak mugatuak diranez, 20 ikasle hartuko dira 2003-2004. ikasturtean, bigarren ikasturteari begira. Bestalde, ahalik eta talde eraginkorrenak osotu aldera egingo da aukeraketea.

7. Igaz Palman 'Mugak hautsiz' eta, aurtengo zemendian, Gernikan 'Historia eta oroimena' lemapean egingo da Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko idazleen urteroko topaketea, Galeuscaren XX. edizinoa. Esperientziak trukatzeko zita garrantzitsua, duda barik. Aurten, Galeusca antolatzea egokitu jatzue; egitarauan zeozer nabarmentzekotan, zer azpimarrauko zeunke?

Hiru puntu nabarmenduko neukez: lehenengo eta behin, aurten, zapatuko lan-saioak hiru taldetan banatuko dira. Talde bakotxak gai bat aztertu eta landuko dau goizez eta, arratsaldez, amankomunean jarri beharko dabez euren ondorioak.

Bigarrenik, UNESCOko itzulpengintza saileko ordezkari bat izango dogu gure artean. Ordezkari honegaz, euskal liburuen itzulpengintzarako aurrera begirako pausuak zehaztu gura doguz.

Hirugarrenik, zapatu gaueko saioa, Gernika herri osoari eskainitakoa izango da, eta dantzariak, poesia irakurraldia, poesia musikatua, antzerkia eta musika jaialdi erraldoia preparau doguz.

8. EIEren 2001-2004 Plan Estrategikoaren azken zatian, zeintzuk izango dira burukominik handienak?

2001-2004 Plan Estrategikoaren azken zatian izango dogun burukominik handiena, duda barik, Plan Estrategiko horren ebaluaketea egitea eta, edukiari eta bai formeari jagokozan hobetu-beharrak antzeman ondoren, EIEren helburuak ondo finkatzea izango da. Onartutako helburuak gauzatzeko ekimenak ondo aukeratzea eta ekimen horreen bidez euskal liburugintzea indartzea eta gizartean errotzea dira, noski, helburu nagusiak.

Koldo Isusi Zuazo