Bidaide  II. urtea // 35. zenbakia - 2003ko urriaren 1a

2002: India azpikontinentean zeharreko abenturak (III)

Umeen esplotazinoa

Adreilu fabrika batean, ume piloa ikusi genduan eguzkipean gogor beharrean, ortozik eta erdi biluzik, eta nagusienak ez ebazan zazpi urte be eukiko. Tenperaturea 40 bat gradukoa zan. Argazki-makina eta bideo-kamera eta guzti ginoiazan arren, inork be ez eban ume horreek ezkutetako ahaleginik egin. Horrezaz ganera, arduradunak agirika egiten eutsen umeei, gure bisiteagaz nahastauta, beharrari (sikatze prozesurako adreiluak pilatzea) ixten eutsielako hain zuzen. Bien bitartean, 40 bat urteko arduraduna txor-txorrean ebilen lankideakaz. 'Bisita turistikoagaz' jarraitzeko gerripeko txiki-txiki bat baino ez eukan gazte bat hurreratu jakun eta fabrikako bazter guztiak erakutsi euskuzan. Gorpuzkera atletikoa eukan mutilak, txikitatik egindako behar gogorraren seinale. Gidariak ez ekian ingelesik eta guk geuk be ez genkian bertako hizkuntzarik, baina, halan da be, komunikazinoa ona izan zan keinu eta irribarreen bitartez. Mutil horri esker, bizimodu berezia ezagutu genduan. Fabrikearen ondoko etxetxuetan be sartu ginan eta hor beharginen emazteak egozan umeak, gehienbat jaiobarriak, jagoten eta jatekoa preparetan. Edadekoak, barriz, etzunda eta berbetan ikusi genduzan. Kanpoan, eguzkiaren indarragaz ohituta, umeak eta nagusiak besterik ez. Fabrika honetan, hilabete osorako beharra dana mendebaldeko fabrika batean egun bakarreko kontua izango da segurutik.

Mundu honetako injustizia gehienak Bangladesh-en topau geinkez. Emoten dau azken gizaldiotan ez dala aurrerabiderik izan eta denporeak be ez dauela aurrera egin azken aldian. Dana dala, gau eta egunen joan-etorriak argi erakusten dau etenik ez dala izan.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Atal honetan, Sikkim, India eta Bangladeshen zeharreko kontuak eskainiko deutsuedaz, eta umeen esplotazinoaren ganeko esperientzia.

Agur Nepal, ondo etorri India

Nepaletik alde egin aurretik, 'Aitonak' bere alabearen etxera konbidau euskun, ekialdean dagoan Biratnagarrera hain zuzen. 'Tata' ibilgailuan nekazaritza guneak bisitau genduzan eta bazterretan pezoez egindako etxe ugari egozan. Inguruetan, emakumeak ebilzan arroza batzen eta umeak animaliakaz olgetan. Azkenean, ordubeteko bidean salto ugari egin ondoren, alabearen etxera heldu ginan. Han ezagutu genduan familia osoa, ilobak eta aitita-amomak. Errege-erreginen antzean tratau ginduezan eta bertako ohiko jatekoa eskaini: 'Dhal Bhat' eta jogurtaren antzeko zeozer. Demelsaren esanetan, orain pare bat urte kadukautako jogurta eguzkipean pare bat astetan eukitakoaren antzeko gustua eukan 'jogurt' horrek. Edozelan be, jatekoa gure gustukoa izan ez arren, esperientzia gogoangarria izan zan: lehenengo aitita-amomek jan eben, gero seme-alabek eta ilobek; azkenean, geratzen ziran apurrak jan ebazan emakumeak, hau da, gure gidariaren alabeak. 'Horixe da tradizinoa', azaldu euskun emakumearen senarrak. Gaiaren harian, etxeko lehenengo pisuan jan genduan guk, eta ganerakoek, ostera, beheko pisuetan. “Ezin gara nahastau beste gizarte maila bateko jenteagaz, gu 'Chettri' leinukoak gara" esan euskun senarrak. Kathmandun be 'Aitonak' beste leku batean afaldu behar izan eban.

Sikkim

Biharamunean, muga zeharkatu eta Indiako Darjeeling probintzian sartu ginan, te zoragarrien lurraldean. Gure asmoa Sikkim-era heltzea zan eta Darjeeling herrian Sikkim-en sartzeko baimena lortu behar genduan.

Pasaportean zigilu-markea jarri eta beste batzuekaz batera jeep batean joan ginan Sikkim-eko uriburura, Gantok-era. Errepidean bildurra pasau genduan, bihurgune arriskutsuakaz eta gidariaren gidatzeko moduagaz. Historian atzera eginaz, 1970era arte erresuma independentea izan zan Gantok, baina azkenean Indiagaz bat egitea erabagi eban eta, era horretara, Txina, Nepal eta Bhutan Indiaren kontrolpean geratu ziran. Lurralde isolatua, malkartsua topetea espero genduan, baina Indiako beste uri edo herri batzuk baino aurreratuagoa eta erreztasun handiak eskaintzen ebazana begitandu jakun Gantok; hori bai, militar asko egoan bazter guztietan; egia esan, militarrak ez ziran gitxi ikusi genduzan. Tsangu, 4.000 metroko altueran dagoan lakura igoteko 4x4 ibilgailu bat alokatu eta bidean armadearen instalazinoak baino ez genduzan ikusi. Kontuan hartu puntu horretatik oso hur dagozala Nepal, Txina eta Buthan.

Naturearen edertasuna zoragarria da paraje horretan, eta zeropeko tenperaturea izan arren, gustura ibili ginan: arre kolorez jantzitako lakua eta inguruetako mendiak, sekulako landaredia, haizeak zekartzan budisten errezuak, eta ikuskizun ederra izan zan batetik bestera joateko jak deritxen animaliak erabilten ebezan gizonak ikustea eta entzutea. Dana dala, egia esan behar badeutsuet, desilusino handia izan zan niretzat Sikkim, eta, besterik ezean, deskantsua hartzeko eta Bangladesh eta India iparraldeko lurraldeetara egin beharreko osterea preparetako aprobetxau genduzan egunok.

Ospitaleratzea

Sikkim-etik Kalkutara 16 bat ordu egin genduzan autobusean, eta benetan gogorra izan zan. Kalkutan jabetu ginan India iparraldeko Siliguru herri txikian hartutako azukre-kanaberearen urak kalte egin euskula. Gau horretan, Demelsa hasi zan botaka eta hurrengo goizean neu hasi nintzan errebezuka eta sekulako beheranzkoagaz. Gero eta okerrago gengozan eta likidoa edo botikak hartzeko gogorik be ez geunkan. Orduantxe erabagi genduan medikuagana joan ezean, gauzak larriago jarriko zirala. Hotelean medikuaren laguntzinoa eskatu eta hurreko klinika batera eron ginduezan. Hasieran malaria diagnostikau euskuen. Berehala, ospital pribatu batean ingresauta ikusi genduan geure burua, medikuen esanetan, Kalkutako onenetarikoan. Halan da be, ospitalea ganezka egoan eta ikusi genduzan makina apurrak joan dan gizaldikoak edo ziran. Medikuen agindurik barik, sueroa eta antibiotikoak ipini euskuezan gaixozainek, eta kontua da ze bakar batek be ez ekiala ingelesik. Azkenean, hiru egunetan 'tortura psikologikoa' sufridu eta jantzi zikin eta saretuakaz ebilen gaixozainetariko batek gure jatekoa jan ondoren, ordurako osatuta egoan disenteria diagnostikau euskuen. Altea jasoteko 200 euro pagau behar izan genduzan, baina hanka egiteko gogo itzela geunkanez, ba, aurrera!.

Bangladesh

Klinikatik urten eta ia-ia deskantsetako asti barik, goizaldeko bostetan jeep batean sartu eta Bangladesheko mugarantz joan ginan; hortik autobusez heldu ginan Dacca uriburura, inoiz ikusi dogun uririk motzenera. Bidean ingeles ondo egiten eban eta Espainian egondako morroi bat ezagutu genduan, bideo erreportajegilea hain zuzen. Jamil Shafi-gaz luzaroan egon ginan berbetan eta ondorengo egunetan bera izan zan gure gidaria urian zehar. Uri motz eta zatarra goitik behera ezagutzeko aukerea izan genduan; bitxia zan kalean ebilzan milaka 'rickshaw' (bizikleta-taxia) ibilgailuen joan-etorri zoroa ikustea. Trafikoan anabasa handia egoan, baina geldiro-geldiro baretzen joian nekazaritza edo baso giroetara hurreratu ahala. Adreilu fabrikak eta arrozadiak bisitau eta arin konturatu ginan Bangladesh munduko herrialderik pobreenetarikoa dala. Porlandegietan erabilten dabezan teknikak Erdi Arokoak dirala esan daiteke, eta mimenezko otarretan harritzarrak buruan eroiezan gizon-emakumeak ikusita, Jules Vernek deskribidutako esklabuak etorri jakuzan burura.