Urdaibaiko zaindaria
Gautegiz-Arteagako gazteluaren historia
Urteak aurrera joan ahala eta sendi loturak eta oinordekotzak jarraituz, gazteluak beste hainbat jaube ezagutu zituan. Beharbada ezagunena Eugenia Guzmán eta Portocarrero, Montijoko Kondeen alabea izan leiteke. Beragaz ezkondu zan 1856an Carlos Luis Napoleón, Napoleón III.a izenez ezagutuko zan Frantziako agintaria (ez daigun nahastau Napoleón ospetsuagaz, sarri Arteagako gazteluaren gainean berba egiterakoan pasetan dan moduan).
Honen seme nagusia jaio zanean, Eugenio Luis Juan Jose Bonaparte, Bizkaiko Batzar Nagusiek 'jatorriz bizkaitar' titulua emon eutsen. Hori jakinda, beharbada harrituta edo lurralde horretaz zeozer gehiago jakin guran, Bonapartek eta bere emazteak Arteagako lurretaz galdetu eutsien, Miarritzera Gernikatik bialdutako ordezkariei.
Semeari emondako titulua eskertu guran, erreginak Arteagako gaztelua barriztetako asmoa agertu eban. Horretarako, Frantziatik M. Couvrechef eta Mr Ancelet arkitektoak bialdu zituan Arteagara 1857an. Horreekaz batera, Mr Newman, Versalleseko lorategiko arduradun nagusia zana be etorri zan. Hau izan zan, gaur egun gaztelua inguratzen daben lorategien egilea. Arkitekto frantziarrek kanpoko hesia lehendik egoan modun itxi, torrea bota eta neurri bereko barria eregi eben.
1870erako obrak amaituta egozan. Nahiz eta jai handiak egin gazteluaren zabaltze ekitaldirako, antza danez, ez ziran hurreratu Luis Napoleón, bere emaztea, ezta 'jatorriz bizkaitarra' zan euren semea. Holan amaitu ziran ba Frantziarren eta euskaldunen arteko hartu-emonak.
1919an Montijoko Maria Eugenia bertara bizitzera etorriko zalakoan, tapiz eta alfonbra ikusgarriekaz apaindu eben gaztelua, baina hau urtebete geroago hil zanez, ezin izan eban gaztelua ikusi. Heriotzearen ondoren, gaztelua haren lobea zan Carlos Fernando Fritz Stuarten eskuetan geratu eta familia horren senitartekoen eskuetan egon zan 1978. urtera arte.
Historian zehar izen handiko jaubeen ondarea izan ondoren, gaztelua egoera negargarrian egon da oraintsura arte; 1978an ostalaritza munduko enpresa gizonek erosi ebenean argi geratu zan eraikinaren etorkizuna bermatzeko urtenbide bakarrenetarikoa hotel eta jatetxe bihurtzea zala, orain dala hilebete batzuk gauzatu dan moduan.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Bizkaiko Busturialdeko eskualdera osterea egin gura izan ezkero, ezinbestekoa dogu Urdaibaiko erreserbara begiradatxua emotea: Gernika, Antzoraz, Mundaka, Laida, Bermeo edo Laga dira bertan ikusgarrienetarikoak. Erreserbearen erdian nagusitzen dan eraikina Arteagako gaztelua da, Ereñozar mendiaren magalean.
Historian atzera eginaz, gaztelu honen lehenengo aitamena XIV. mendean topetan dogu, nahiz eta torretxea baino ez izan hasieran. Ordurako, baegoan bertan beste eraikin bat, baina aurreko etxe horretaz ez dakigu ezer. 1356 edo 1358. urtean, Arteagako Fortun Garciak etxea barriztau eban baina 1398an Pedro I erregeagaz Legution izandako gerran hil eta Arteagako torretxe barria haren seme, Avendañoko Martín Ruizen ardurapean geratu zan. Orduantxe hasi ziran Urdaibain kokatzen dan eraikin horren urterik ospetsuenak.
Bizkaiko lurraldea ordurako Ganboa eta Oinaztarren arteko gudetan sartuta egoan eta Bandoen Gerra edo Ahaide Nagusien Gerra izenez ezagutzen dan guda horretan, Avendañoko Martín Ruizek ganboatarren alde egin eban. Gauzea da, Gernikako sarreran dan Errenteriko auzoan, Muxikako Juan Alonsok oinaztarren kontra burrukan egin ebala. Arteagakoak mila soldadu eroan arren, haren aurkariak bi mila eroiazan eta, beraz, gerrea ez zan bape orekatua izan eta Arteagakoak azkenean onartu egin behar izan eban porrota.
Dana dala, bizia eta lurrak ez galtzeko asmoz, Fortun Garciak tratua adostu eban Muxikakoagaz, baina honek, bizia parkatu bai baina ez zituan haren lurrak errespetau. Hurrengo hilebeteetan, Juan Alonsoren gudariek eta jarraitzaileek Arteagakoaren lurrak erre egin zituen eta han joan zan Arteagako torretxea be. Sutearen ondorioz, 1468an Arteagako eraikina ia guztiz hondatuta geratu zan.
Fortun Garciak, bere burua engainatuta ikusita, Urdaibaiko inguruko eraikina barriro jasotea erabagi eta holan egin eban 1476an, horretarako aurreko etxearen materialak aprobetxauta. Horrezaz ganera, ordura arte torretxea baino ez zana, gaztelu bihurtzea otu jakon.
Gazteluak gaur egungo egiturea hartu ebala esan daiteke, hau da: laukia zarratzen eben hormak edo harresia eta honen erdian torre haundi eta luzea. Torre horren hormearen kontra hainbat etxe eta txabola be altxau ziran, jauntxoaren zerbitzarientzat eta abereentzat. Dana dala, gaztelu barriak, amaitutako urte berean balio izan eutson Fortun Garciari, Muxikako Juan Alonsoren kontra izandako guda barrian, oraingo honetan garaile izateko.