2002, Elko jaietan
Amaya Ormaza naz, Elko, Nevadakoa; nire aita 1955ean etorri zan Bakiotik diru apur bat egin eta barriro Bakiora bueltan joateko asmoagaz, baina 1958an, nire amagaz, Estadu Batuetako bategaz ezkondu eta berton geratu zan.
Ni neu, Elkon berton jaioa naz; 1992an Donostiara joan nintzan gaztelania ikasten EHU eta Boise State Universityren arteko programa bati esker. Urtebete egin neban bertan, eta gero Boisen Finantzak ikasi nituan. Gaur egun, Elkon bizi naz familiagaz eta Biltoki Euskal Jatetxean egiten dot behar, baina finka artekaritzako bulego baten kudeatzaile lanak be egiten dodaz.
Elko, Nevada Estaduan, Ameriketako Estadu Batuetako mendebaldean isolatuta dagoan herria da, baina urtero-urtero Euskal Jaia antolatzen dogu. Aurten, ganera, jaiaren 39. edizinoa da eta pozarren gagoz. Garagarrileko lehenengo astegoienean izaten da, eta ia beti AEBko Independentziaren Egunagaz bat egiten dogu.
Aurten, garagarrilaren 4an ekingo deutsegu ekitaldiei AEBko txirrindulari profesionalek parte hartuko daben lasterketa bategaz. Aurten, lehenengoz antolatu dogu era horretako ekitaldi bat, eta ezustekorik ez bada, hemetik aurrera urtero egitea da gure asmoa. Beste alde batetik, urtero Euskaditik kirolariak eta trikitilariak ekarten doguz, eta aurten Zelai harrijasotzailea izango da izarra, beste aizkolari eta trikitilari batzuekaz batera. Horrezaz ganera, Reno eta Californiatik be badatoz aizkolariak Euskadikoen kontra lehiatzeko. Kirolariez ganera, dantzariak be izaten doguz, Elko, Boise, Reno eta Salt Lake Citytik etorritakoak.
Duda barik, barikua, jaia hasiko dan eguna, nagusiena izango da. Arratsaldeko seiretan txupinazoa botako dogu herriko plaza nagusian, eta ondorik zezenketea antolatu dogu euskal dantza eta kirolen erakustaldiagaz batera. Aitatutako ekitaldiak amaitu ostean, lagunakaz euskal jatetxeetara afaltzen joateko ohiturea dogu.
Zapatu goizean, desfile erraldoia dago Elkoko erdialdean hasi eta feriako parkean amaituko dana; hor, barriro, dantzariak eta kirolariak beharrean ikusteko aukera aparta egongo da. Zapatu gauean dantzaldia izango da, Utahko Salt Lake Citytik etorritako talde batek eta Euskaditik ekarritako trikitilariek alaituta. Hemen ez dago 'gau pasa' egiteko ohiturarik, baina egun honetan aparteko ahaleginak egiten doguz...
Domekan, azken egunean, mezea eta osteko bazkaria aitatuko neukez; menua honakoxea izaten da: entsaladea, indaba gorriak, artxo errea eta euskal pastela. Arratsaldean, azkeneko aukerea izaten da dantzariak eta kirolariak ikusteko, eta dantza eta irrintzi lehiaketak be ez dodaz ahaztu gura.
Elkoko Jaia oso berezia eta esanguratsua da guretzat; Euskal Herriko jaietako ohiko ekitaldiez ganera, amerikar eragina be ukaezinezkoa da eta, era horretara, gehienbat euskaldunak, euskal jatorrikoak alkartzen gara, baina amerikarrak be bai tarteka; honakoa, jakina, kulturen arteko buztarketea izango litzateke.