2002: India azpikontinentean zeharreko abenturak (II)
Alfonbrea
Autortu behar dot Asiara bidaiari ekin aurretik enkargu bat egin euskuela, hau da, Nepalen alfonbra bat erostea. Dakizuenez, oso preziatuak dira bertako alfonbrak, munduko onenak ei dira, lodi-lodiak eta bigun-bigunak, ortozik ibilteko aproposak. Enkargua zehatza zan, bederatzi metro karratuko kolore bakarreko alfonbrea ahalik eta prezio merkeenean erostea. Uriburua jentez gainezka egoten dala kontuan hartuta, zentzuzkoena zuzenean inguruetako fabriketara joatea izango zala pentsau neban eta Bilboko dendaren bateko ordezkaria banintz lez tratua egitea. Gure harridurarako Euskal Herriko Unibersidadeko kamisetea jantzita eukan Chewang izeneko mutil jator baten laguntzinoagaz, itxura oneko fabrika batera heldu eta gerenteak egin euskun harrera. Orduantxe konturatu nintzan, batez be, artilearen kalidadeari eta metro karratu bakotxeko korapilo kantidadearen ganeko itaunak egiten hasi zanean, alfonbren munduan ezjakin galanta nintzala. Halan da be, aktore beharra ondo egingo neban ze iruzurra ez eben igarri!
Azkenean, prezio ona lortu neban, turistei eskaintzen deutsenaren erdia gitxi gorabehera eta danok pozik geratu ginan tratuagaz. Alfonbrea eskuz egiteko hamabost bat egun beharko ebezala azaldu euskuen eta gero hegazkinez bialduko ebela Bilbora. Tratua egin ostean, duda-mudak argitzeko itxarotea beste zereginik ez egoan, izan be, alfonbragileak dirua hartu eta hanka egitea aukeratako bat zan kontuan hartuta hamabost egun beranduago gu Indian egongo ginala. Zorionez, duda horreek zentzunik bakoak izan ziran eta egun batean alfonbrea eskatu eustanaren e-maila jaso neban 50 bat kiloko alfonbrea Loiuko aireportura ondo heldu zala eta bere gustokoa zala esanaz. Tratu horren ondorioz, Chewangen lagun handiak egin ginan eta Kathmandun emon genduzan egunetan geugaz egon zan denpora guztian; azken egunean, haren etxera konbidau euskun afaltzen eta familia osoa ezagutu genduan. Hareentzat lujo handikoa zan afaria preparau euskuen 'Dhal Bhat' (arroza lentejakaz) eta oilo okela eta guzti. Chewang eta bere senitartekoek eskuak erabiliz jaten eben bitartean, barre algara handiak egiten ebezan guk sarda, kutxilo eta bestelako tresna batzuk erabilten genduzala ikusita. Bien bitartean, Chewangen 'Aitita' bakarrik egoan beste gela batean jaten, izan be, ezinezkoa da berarentzat leinu txikiagoko jenteagaz mahai baten inguruan egotea. Duda barik, esperientzia ahaztezina izan zan guretzako.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
India azpikontinentean zeharreko abenturearen kontakizunagaz jarraitzen dogu eta oraingoan Nepalen bizitakoak kontauko deutsuedaz; oro har, herrialde ederra begitandu jakun, besteak beste, jentearen abegikortasun eta jatortasunagaitik.
Lehenengo ezustea
Herrialdean zehar eroso ibilteko Bilbon 'lur guztietarako' ibilgailua alokatu genduan txofer eta guzti baina kotxerik eta txoferrik be ez zan agertu. Fernandoren lagun bati esker, Mahendranagarren Indiako kotxea eta Nepalgo edadeko gidaria lortu genduzan mendebaldetik ekialdera joateko. Edozelan be, lehen egunean hasi ziran arazoak. Kilometro gitxi eginda, kotxea ez joiala ondo igarri genduan eta handik gitxira ibilgailua geldi geratu zan, ez atzera ez aurrera. Antza, enbragearen kablea apurtu jakon. Errepide bazterrean, gerrila maoistearen erasoen bildurrez, ejerzitoaren kontrolpean egoan Sukar izeneko herritxu baten ondoan gengozan geldi. Herrian ez egoan edateko urik ezta argi indarrik be eta hotel bakarra obretan egoan; besterik ezean, hortxe lo egitea pentsau genduan, goiko pisuan metraileta eta bestelako armakaz ondo hornidutako destakamentu militarra egoala. Gau hori izarrik emon genduan, izan be, ohe bakarra eukan gela goiko pisuko gotorlekura bidean egoan eta kristalik bako leihotik soldaduen begiradak eta bisitak ugari izan ziran gau osoan. Zorionez, ez zan ezer pasau nahiz eta goizean, 'bunkerra' whisky botila hutsez eta kristal zatiez gainezka topau.
Herri nekazaria
Gogaituta gengozala, Mahendranagarretik gizon bat heldu zan enbrageko kable barriagaz eta sekulako poza hartu genduan bai guk eta bai gidariak be ze gure arteko hartu-emonak eta komunikazinoa nahiko eskasak ziran. Halan da be, poza ez zan luzarorako izan ze kable barriagaz be, kotxea ez ebilen bape ondo eta bide bazterrean barrriro botata itxi ez arren, gidariari eta kotxeari agur esan eta beste ibilgailu bat kontratetako tentazinoa euki genduan. Dana dala, bestelako aukerarik ez egoanez, geunkanagaz jarraitu behar izan genduan eta geroago ez ginan damutu.
Nepal zoragarria begitandu jakun eta egia esan ez dauka zerikusirik mendebaldean daukagun irudiagaz, hau da, edurrez jantzitako tontorrak eta mendietan gora doazen sherpa eta mendizale piloak. Horrezaz ganera, lautada gunea be badago, Terai hain zuzen be, amesetako lekua nekazaritzan eta abeltzantzan eguzkipean goizetik gauera gogor lan egin behar ez dogun bidaiariontzako. Kasu batzuetan, sendoak eta diseinu berezikoak dira pezo edo adreilu gordinez egindako etxe tipikoak eta nekazaritza guneetan bizi dan pobrezia gorria ostendurik geratzen da. Jentearen abegikortasuna, barriz, bete-betekoa da.
Surkhet, Tansen, Butwal eta Nepalganj herri txiki baina zoragarriak bisitau genduzan gure gidariagaz batera. Tata Spacio ibilgailuko gidariari 'Aitita' ezizena jarri geuntson maitasunez; benetan maitagarria zan gizona, beti dotore jantzita eta 'chettri' leinukoa, hau da, gerraria zala erakusteko buruan Nepalgo txano tipikoa eroiala.
Batera eta bestera bueltaka, ehundaka kilometro egin eta makinatxu bat kontrol militar pasau ostean, Nepalgo bigarren uri garrantzitsuenera heldu ginan, Pokharara hain zuzen; hor lehenengo kontaktua izan genduan Himalayagaz baina 3.000 metro azpiko lurretan baino ez ginan ibili. Annapurna erraldoiaren estalki zuria eta argiaren arabera okre koloretik zurira aldatzen dan harritzarra ikuskizun ederra izan zan; hori bai, lehenengo berde eta gero beilegi koloreko arrozalak nagusi diran lautadak be ez daukaguz ahaztuteko.
Kathmandu
Mugling herrian gerrilak hildako polizia baten gorpua agertu eta ibilaldiko esperientziarik gogorrenetakoa bizi ondoren (kronikea Bizkaie Aldizkariko 30. zenbakian irakurri zeinkie), Nepalgo uriburura heldu ginan. Kaleak gainezka topau genduzan eta azokak be bardin antzean; jauregiak sekulakoak, horixe izan zan lehenego irudia. Kathmanduk ez dauka zerikusirik Nepalgo ganerako uri edo herriekaz. Uri handia da, milioi bat bizilagun ingurukoa eta Indiako uri erraldoi horreetako baten antz handiagoa dauka. Dana dala, ez da uri estresantea eta nahikoa errez joan daiteke batetik bestera.
Nepalen Taj Mahal era edo estiloko monumenturik ez dago baina Kathmandun zenbait jauregi eder eta Patan eta Bhaktapur antxinako uriak bisitau daitekez; azken bi horreek Txina gogorarazoten deuskuen edertasun arkitektonikoaren erakusgarri dira. Pasautako sasoien isla diran leku horreetan paseoan zabiltzala burua Erdi Arora joatzu konturatu barik baina uriotara sartzeko eskatu euskuen dirutzak uste baino arinago gogorarazo euskun zein sasoitan bizi garen....; beste alde batetik, urian gauza erakargarri asko dagozan arren, argi esan behar deutsuet Kathmandu dala turista gehien dagoan Nepalgo uria eta, beraz, prezioak beste inon baino karuagoak dira eta turistei iruzur egiteko ahaleginetan dabiltzanak be ugari.