Literaturea eta rock-a buztarturik
Nire uste apalean, liburu sano gomendagarria rock-a maite daben guztientzat. Liburuko pasarteen artean, hona hemen bat: “Paul-ek asteak eroiazan reggae erritmo bat lantzen bere baxuarekin. Estudiora heldu bezain pronto, egunero joten eban. Laster ikasi eben besteek be. Akorde ezbardinak probatuz, ensaio edo entrenamantuetan hasi ziren. Letra eta guzti dauka –esan eban Paul-ek egun batean. Probau gura dozue ia zer pasetan dan?. Berehala, Joe-ri letra zati bat emon eutson orri batean. Ez, abestu eizu zeuk. Baina nik ez dakit abesten. Kantau zeuk!. Taldekideek berak abestea gura eben eta holan egin ezean jarrera sendoa hartu eben kantua ez atontzeko. Paul bere kontura hasi zan kantuan eta Joe eta Mick-ek harro begiratzen eutsen Baker eta bion animoakaz batera. Azkenean, “Guns of Brixton” izeneko kantu ezagunak bere lekua hartu eban diskoan”.
Gotzon Uribe
Gauza jakina da musikea eta literaturea beti buztarturik joan dirana. Egun, Euskal Herriko liburudenda askotan rock kulturearen inguruko hainbat liburu topau daitekez eta ez rock-a bakarrik baita beste hainbat estilo ezbardin lantzen dabezan liburuak be. Biografia, autobiografia, dokumentu, ikerketa testuak eta bestelakoak.
Euskal Herri mailan, Hertzainak taldearen ganeko liburua lehenengoetarikoa izan zan, euskal rockaren sasoi bateko kontakizunak jorratzen ebazana hain zuzen; “Del Txistu a la telecaster” be argitaratu zan geroago edota Negu Gorriak taldearen diario bat be bai beste batzuen artean.
Musikearen harian, gaur egun, Bilbon argitaletxe barria dago; Gamuza Azul izenekoa da eta Malcom Scarpa eta Dave Alvin musikarien liburu bana argiratu ditu dagoeneko.
Orain denpora gitxi hirugarren errefentzia atara dabe “Nuestra Rebelion Personal. Dia y Noche con los Clash” izenburukoa hain zuzen be. Liburua Ray Lowry idazleak egindakoa da; gogoratu, berau 77an The Clash taldean sartu eta barru-barrutik taldearen historia idatzi dauela. Bere sasoian taldearen jarraitzaile amorratua izateaz ganera, road manager, gidari edota parranda lagun be bihurtu zan. Orain, barriz, New Musical Express, Observer edota Mojo moduko aldizkarietarako be kolaborazino ugari egiten ditu. Aitatutako liburua gaztelerara itzuli dabe Gamuza Azul-eko lagunek. Abenturaz beteriko nobelea dogu berau, gidoi zehatzik ez dauena eta gauzak era zuzenean esaten dituana. Taldearen entrenamentuak, Sex Pistols, drogak, tabernak, musikearen industria korapilatsua, hotelak, burrukak eta beste hainbat kontu eta pasadizu azaltzen dira.