Arraunaren bitsak
Lekeitiarrak eta ondarrutarrak Kontxako estropadearen inguruan
Kontuak kontu, irailaren 5 eta 12an egin ziran Kontxako estropadak eta hor Ondarroako Club Deportivo Aurrerakoek irabazi eben. Ondarroako kaleetan ospakizunetan egozala, bertatik pasau zan Lekeitiar sendia. Hareek ezagututa, etorkizunean fundamentuzko arraunlariak gura bazituen, alabak bertan ixteko esan eutsien familiako nagusiari. Honegaz batera, hurrengo egunetan, pasadizuaren ganeko bertsoak argitaratu ziran: 'Bertso Berriac, José Bronchec jarriac' eta 'Bertso berriak Burgoak jarriak' izenburuagaz. Bietan Lekeitiarren kontrako hainbat asmakizun eta broma botaten ziran.
Lekeitiarrei ez eutsien bape graziarik egin eta bertoko alkatea zan Leon Okamikak zeozer egin behar zala pentsau eban. Argitaratutako orri biak hartu eta gobernadoreari idatzi eutson pasautakoaren barri emonaz. Gobernadoreak bere baimen barik orriak argitaratzeagaitik 100 pezetako isuna edo multea ipini eutson Jose Burgoari eta beste 100 orrietan agertutako estrofa batean esandakoagaitik. Aitatutako estrofea zortzigarrena zan:
“Desaide asko aditu degu
Bizkaiko portu batetik
Asarre samar gaur ere dira
Ezdakit ori zergatik;
Zer kulpa degu arraunlariak
Zuek ez izateagatik?
Emengo kastak ateratzeko
Bialdu pare bat ortik”.
Azkenean, herri bien arteko hartu-emonak nasaitu eta indartzeko asmoz, herri bietako udalek anaikidetzako ekitaldia antolatzea pentsau eben eta holan egin be zemendiaren 24an.
Pasau ziran ba urteak. Ondarrutarrek ez eben hurrengo urteetan holako estropada ospetsurik irabazi. Lekeitiarrek, ostera, 1977ra arte ez eben trainerurik atara. Urte horretan jaio zan Isuntza Arraun Elkartea eta sekulako hasarre eta beroaldiak sortarazo zituan traineruaren izena ipini eutsien alkarteari: 'Isuntza'.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Ez dago dudarik. Beste garai batzuk ziran. Kontxako estropadak bardin egiten ziran, baina orduan Donostiako udaletxea ahalegintzen zan hainbat herriko arraunlariak konbidatzen. Eta danak ez ziran joaten. Batzuk ez eukielako trainerurik, besteak ez eukielako dirurik hara heltzeko edo beste hainbat arrazoik eraginda.
Gaur egun, barriz, aurretiaz hainbat estropada egiten dira Kontxako egun handiko estropadan nortzuk parte hartuko daben jakiteko. Gainera, aurten lehenengoz Kantauri Aldeko Liga atondu dabela eta, gauzak goitik behera nahastau dira.
Oraingo idatzian, Kontxako estropaden inguruan pasautako bitxikeri baten barri emongo dogu. Urtea: 1926. Protagonistak: Lekeitioko eta Ondarroako arraunlariak.
Auzoan bizi izanda, lekeitiar eta ondarrutarren arteko tirabirak eta ikusiezinak aspalditik datoz eta honeen zergatia azaltzea ezinezkoa izango geunke gaur egun. Kontua da ze, arazoak, bizitzako beste hainbat arlotan izanda, arraunean be baegozala.
Nahiz eta Lekeitio arrantzale herria izan, estropadetarako ohiturea eta zaletasuna egonda be, Lekeition ez egoan arraun alkarterik. Baziran, bai, estropadak, baina gehiago apostuen eraginez kirol zentsuagaz baino.
1926an Ramon Solanok behar zan moduko trainerua egitea eta pagetea erabagi eban. Trainerua listo egoanean, Solano desietan egoan bere trainerua uretan ikusteko, baina arazoa arraunlariak topetea izan zan. Batzuk beharra zala, beste batzuk beste edozer zala, azkenean lekeitiarrentzat egindako trainerua ezin izan zan bete.
Baina alboko Ondarroan baegozan arraunlariak eta prest gainera lekeitiarren trainerua erabilteko. Ondarrutarrek baeukien trainerua baina lekeitiarrena aproposa zala entrenamentuetarako eta holan jakinarazo eutsien Ramon Solanori. Honek, trainerua uretan ikusteko pozarren egoanez, beharbada Ondarrutaren eskaintza beste era batera aitu eban, edo ondarrutarrak trainerua probetako gogoagaz egozanez, ez eben kontua behar dan moduan argitu. Dana dala, danak konforme eta pozik, ondarrutarrak lekeitiora joan ziran trainerua hartzeko asmoz. Bertan hasi ziran gauzak nahasten, Ramon Solanok bere trainerua entrenamentuetan baino ez zala erabiliko ikusi ebanean. Orduan, ondarrutarrei bera ez egoala konforme esan eutsien eta holan izan ezkero, salgai eukala trainerua eta erosteko.
Azkenik, konponketea lortzeko asmoz, Ramon Solanok trainerua Kontxan erabilteko itxiko eutsiela agindu eutsien ondarrutarrei eta bertan zeozer irabazi ezkero, Ramonek berak be saria emongo eutsiela. Baina tratu hori be ez zan ondarrutarren gustokoa izan eta azkenean esku hutsik egin eben alde Lekeitiotik.
Hasarre, euren herriko portuko kontramaisuarengana jo eben, ondarrutarrek, lekeitiarrek aurretik zarratutako tratua apurtuz, guzurra esan eutsiela esanaz. Ordainean, portuko kontramaisuak lekeitiarrei Ondarruko portuan sartzea eta bertan arraina saltzea galarazo eutsien.
Lekeitiarrak ez egozan konforme. Euren ustez, tratua Ramon Solano eta Ondarrutarren artekoa izanda, lekeitiarrek ez euken zerikusirik eta beraz ez zan bidezkoa lekeitiar guztien kontra hartutako neurria.
Hasarrealdia baretu beharrean gauzak larritu egin ziran eta hurrengo egunetan, garagarrilaren erdialdera, itzelezko gorabeherak izan ziran Ondarruko portuan, Lekeitioko itsasontziak arraina saltzeko asmoz hurreratu ziranean. 1926ko uda osoan zehar izan ziran arazoak bai Lekeition zein Ondarroan herri bietako biztanleen artean.