Euskaldunak Colonen espedizinoan
Edozelan be, ez ziran hor amaitu euskaldunen kontuak. Behin lehorreratzea lortu eta gero, Colonek eta berak agindutako hiru ontziek, kostaldetik egindako bidaiaren bidez, lur barriak topetan emon zituen hurrengo egunak. Abenduaren 24an, gabon gaua ospatzen egozala-eta, lemazainak bere postua, txo lanak egiten zituan Martin Urtubia Natxituarraren eskuetan itxi eban, arriskurik ez egoala pentsaurik. Baina kostaldea ez zan bape apoposa aprobetan ibilteko eta bertan egozan koralezko atxetariko batek, ontzia ebagi eta handik ordu gitxira 'Santa Maria' bertan hondoratu zan.
Colon haserre jarri zan, baina pasautakoa, Jaungoikoak bialdutako seinalea izango ete zan eta bertan Ameriketan europarrak egindako lehenengo eraikina altxau beharra egoala erabagi eban. Gabon eguna zala eta Fuerte Navidad ipini eutsien izena lehorreko lehenengo eraikinari.
Bertan 39 gizon itxi eta beste guztiak bueltan joan ziran Europarantz. Bertoko arduradun Diego Arana geratu zan. Bigarren bidaian bueltan etorri zanean, Fuerte Navidad guztiz erreta eta apurtuta egoan eta bertokoen barririk ez zan agiri. Batzuen ustez, bertan ziran euskaldun eta espainolen arteko tirabirak izan ziran eraikinaren azkena ekarri ebenak.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
1492ko urriaren 12an Rodrigo de Trianak lurra ikusi eta oihu egin eban. Holan hasi zan Ameriketako 'aurkikuntzea' edo deskubrimentua deituko zana.
Dakigunez, Cristobal Colon zan espedizinoko burua eta hiru ontzik osotutako taldeak, hainbat bizipen igaro eta gero, azkenean lehorreratzea lortu eban, nahiz eta euren ustez Indietako lurrak ziranak azkenean kontinente barri bat suertau.
Ameriketara egindako lehenengo espedizino honetan be ez ziran euskaldunak falta. Batzuek Juan de la Cosa, 'Santa Maria' izeneko ontziaren jaubea eta maisua euskalduna zala diñoe. Ez zan ba harritzekoa izango ontzi honetako hainbat marinel be euskaldunak izatea. Antza danez, zazpi gitxienez euskaldunak ziran: kontramaisu modura, hau da, agintea kontuan hartuta ontziaren hirugarrena izango zana, Txantxu lekeitiarra zan. Izaera gogorreko gizona, aginterako jaioa. Kupela egilea, Antxiako Txomin genduan, Ipazterrekoa bera. Txo modure, gaur egun Eako udalerriaren parte dan Natxituko Martin Urtubia joian. Erandioko Lope Areistik istinkari lanak beteten zituan. Aguazila be, euskal jatorriko Diego Arana kordobarra zan.
Horreekaz batera 'Niña' ontzian izatez Debakoak ziranak baina Huelvan bizi ziran Pedro Arraes eta bere semea Juan joiazan. Beste debatar batzuk be baziran: Juan Ruiz de la Peña eta Juan Martinez Akoke. 'Pinta' ontzian barriz, antza danez, Getxoko Algortakoa zan Juan Quintero eta Berastegiko Oier doguz. Egia esan beste euskaldun batzuk be izango ziran baina ez jaku euren barririk heldu edo doguzan barriak zalantzazkoak dira.
Ameriketara joian espedizino honetako agiriak ikusita argi geratzen da, bertan joiazan euskaldunak talde modura egiten ebela lan, hau da, euskaldun izaera edo nortasunaren garrantzia argi ebela eta eretxiak emokeran edo hainbat ekintzetan parte hartzerakoan danak batera egiten eben taldearen loturak estutuz. Honetaz aparte, esan beharra dago euskereak berak be zerikusia izango ebala euren arteko hartu-emonetan eta gure hizkuntzea erabilteak ontzian bertan egozan beste marinel batzuengandik desbardintzen zituan euskaldunak.
Euskal taldearen loturea azpimarratzeko ikusi daiguzan, esate baterako, 1492ko urriaren 6an sortutako arazoak. Ordurako Colonek agindutako lurrak ez ziran inondik inora agertzen. Gainera, berak esandako 750 itsas legoak gaindituta egozan eta marinelak gero eta larriago. Halan ba, eta ikusiz Colonek ez ebala ezelako arrazoirik emoten, euskaldunak batu eta bere kontra altzau ziran. Dana dala, Colonek beste ontzietako lagunei laguntzinoa eskatu eta euskaldunak beste marinelen onarpenik ez eukela ikusiz, atzera egitea pentsau eben. Baina gauzak ez ziran nasaitu.
Handik hiru egunera, 1.000 itsas legoatik gora ibilita ziranean, nahiz eta Colonek apropos gitxiago zirala esan, barriro be euskal marinelak Colonen kontra egitea pentsau eben, oraingo honetan beste ontzietako marinelen onarpenagaz bat eginez. Gauzak txarto egozala ikusirik, Colonek Martin Alonso Pinzonen bitartekaritzea eskatu eban, hiru eguneko epea lortuz. Halan ba bidea aldatu eta 12an azkenez bertokoek Guanahani deitzen eben uhartera heldu ziran gure protagonistak.