Embrassez qui vous voudrez
Ipar Euskal Herrian 'Embrassez qui vous voudrez' eta Hego Euskal Herrian 'Besen a quien quieran' izenagaz pantailaratu dan film sarkastiko eta bikain honetako protagonistetariko batek, Bertrandek, ondokoa dino pelikulako pasarte baten: 'Bizitzea tragedia bat da, baina sigi-saga bizitzen badozu, komikoa be izan leiteke'”.
Guzur, hipokresia eta sarkasmoaren ganeko istorio honek beharrezko osogai guztiak ditu ikusleek ondo be ondo pasau eta barrez lehertu daien. Kontakizuna bilbatzeko ardatzak be guztiz interesgarriak dira: luxuzko hotelak, postaleko hondartzak, egoera sinesgaitzak, umore baltzez jantzitako nahasteak eta sekretu txikerretan gordetako guzur handiak. Eta hori guztiori kutsu existentzialistez jantzita eta Frantzian egin ohi diran filmen fintasunak horniduta. Carole Bouquet antzezleak ondokoa aitatu eban filmaren inguruan: 'giza hartu-emonen inguruko hausnarketea eragiten dauen komedia bat da'.
Eta gillotina baten modura jarduten dauen kamereak burua ebagiko deutse aurrean paretan jakozan guztiei: senar posesiboei, emazte lesbianei, aberaskume ninfomanoei, eskrupulu barik ligetan ibilten diranei, ama ezkonbako eta txoriburuei... ganerakoen eretxiaren menpe bizi diran guztiei, hatan be.
Barregarria eta ez oso zuzena, 'Embrassez qui vous voudrez' pelikuleak benetako bizimodu argiago baten aldeko aldarria egiten dau, bankuko txekeak, Loewe-ko tangak eta luxuzko Mercedes-ak bizimodu gazbako eta zuri baten leit motiv bihurtu ez daitezan. Era berean, egiazko desioak eta gurariak ezkutatzen dituan gizarte bati begiratzeko modu sarkastiko eta garratza da. Protagonista guztiak besteen bildur bizi dira, ganerakoek zer pentsauko ete daben bildur, eta horrek hipokresiarik zurienera eroan eta noraezean murgilduko ditu.
Uda honetako filmik burutsu, zorrotz eta, batez be, barregarriena begitanduko jatzue; guztiz gomendagarria barre egin eta ondo pasau gura daben guztientzat.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Michel Blanc.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Charlotte Rampling, Jacques Dutronc, Carole Bouquet, Michel Blanc