Femme fatale
Pelikulea Cannesko luxuzko hotel baten hasiko da; bertan ulehori misteriotsu eta berba gitxiko bati, Laure-ri, beharrezko aginduak emongo deutsiez gau horretan, zine jaialdiaren sari banaketan, modelo batek aldean eroango dituan diamante izugarriak osteko. Lapurretearen eszena luzea andre bien arteko topaketa lesbiko eta erotikoa ikusteko atxakia izango da, sintetizatzaile baten moldaturiko Ravelen boleroak lagunduta. Protagonisteak diamanteak eskuratuko ditu, lapur-kideei ziria sartuta. Ondorioz, mozorrotu behar izango da ulearen kolorea aldatuz eta etxe ezezagun baten ostenduz. Laure bainuontzian sartu eta loak hartuko dau.
Halan, persona bat sartukeran, izartu egingo da; etxeko jaubea da, negar baten, eta lar pentsau barik tiro egingo deutso bere buruari, ezbehar lazgarri baten gizona eta semea galdu ditualako. Laurek eszena ikusi bai, baina ez dau zirkinik be egingo; ganera, hildakoaren nortasuna hartzea erabagiko dau Ameriketara joateko asmoz. Hau guztiau, pelikulearen hasikerea baino ez da izango; izan be, amaiereak ezustean landuko ditu amesetakaz, denporeagaz eta patuagaz zerikusia daben ustezko alderdi filosofiko eta psikologikoak.
Brian De Palmak ezusteko handia emon gura deutso ikusleari, eta egia esan, lortu egin dau, ikusleak adarra jo deutsielako sentsazinoagaz urtengo dauelako zine aretotik. Izan be, ospe eta izen handiko zuzendari ezagun hau giro ilun eta misteriotsua sortzen ahalegindu da, berrogeiko hamarkadako noir generoaren ukutu batzuk berreskuratuz; ahaleginak ahalegin, filmak ez dau aparteko tensinorik sortzen, ez dauka ikuslea istorioan sartzeko beste indar edo sendotasunik eta sarritan pelikulearen haria noraezean galtzen dala emoten dau. Ganera, amaierea nahiko xelebrea eta zentzunbakoa da eta, transzendentaltasunaren mailara ailegau gura dauen arren, ikusleak txarto jositako ipingi baten antza hartuko deutso.
Hori bai, Rebecca Romijn-Stamos ikusgarri agertuko jatzue, baina ez hain zuzen egindako interpretazinoagaitik, ezpada berez dituan eta ederto erabilten dituan beste ezaugarri batzuekaitik. Antonio Banderasen kasuan, ez dago asko esan beharrik, pelikulearen maila eskasaren pare ibiliko da eta.
Halandaze, pelikulearen gune eta propaganda ofizialean noir generoaren eta Hitchcock maisuaren eraginak behin eta barriz aitatu arren, film hau marketingaren produktu hutsa da; beharbada balio izango dau Rebecca Romijn-Stamos antzezleari mito erotiko barri baten ospea emoteko, baina ez besterik.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Brian De Palma.
- Herrialdea: AEB eta Frantzia.
- Iraupena: 110 minutu
- Antzezleak: Rebecca Romijn-Stamos (Laure Ash), Antonio Banderas (Nicolas Bardo), Peter Coyote (Bruce Hewitt Watts), Eriq Ebouaney, Edouard Montoute (Racine), Rie (Veronica)...