Internet, mundu magikoa
Laster Interneteko domeinuen arazoaren gaia aztertzeko ustea dogu. Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektroniko honetan, aurreko zenbakian, 0 zenbakian hain zuzen be, dantzearen ganeko helbide bat aitatu genduan, www.dantzan.com. Beharbada, baten bati (neuri bai behintzat) holakoren bat pasauko jakon: helbide hori ipini beharrean beste honako hau jartea: www.dantza.com, ba, nahikoa harridurazko arpegia suertauko jakon, ze dantzeari buruzko informazinoa lortu beharrean 'Dantza - Conservas vegetales' Nafarroako enpresearen web orrian sartuta ikusi dogulako gere burua. Internet munduaren magikotasunak ez dau behar justifikazinorik, baina Internet Sarea zehaztasunaren mundua be bada eta sorpresarik edo ezustekorik gura ez badozue behintzat, kontuz ibili: www.bizkaie.biz eta ez, ostera, www.bizkaie.bis
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Munduari zabaltzen deutsagun lehio barria dala esaten ei da azken urteotan. Hau da, informazinoa, hartu-emonak, enpresako negozioak, eta beharbada bizitzako alde asko aldatuko deuskuzan elementu barri baten aurrean gagozala dinoe adituek. Horrenbesterako izango ete da ba? Batzuek esaten daben moduan, Internet eta honen ganean dagozan aldaketak iraultza industrialak eragin eban aldaketearen antzerakoak izango dira, handiagoak ez badira behinik behin. Hau entzunda gero, posible da holako ikara bat sentidutea gure barrualdean; baina guk ez dogu pentsetan larritzeko kontua izango danik. Egia esan, aldaketak egunero-egunero izaten dira gure inguruan eta sarritan konturatu be ez gara egiten aldaketa horreezaz. Nork pentsauko eban orain dala bost-hamar urte eskuko telefonoek gaur egun daben arrakastea izango ebenik gure bizitzan? Gaur egun inor ez da ikaratzen eskuko telefonoa belarrian inkauta dauen morroia ikusten dogunean. Teknologia aurrera doa, eta teknologiaren atal bat Interneten eta Internetegaz lotuta dogu. Lehenengo pausuetan informazinoaren eta hartu-emonen munduan izan eban eraginik handiena, baina, duda barik, bizitzako beste arlo batzuk be hankaz gora jarri ditu eta aurrerantzean be jarriko ditu Internetek.
Esandakoak esanda, hasieran informazinoa izan zan Interneten ardatz nagusia: informazinoa lortzeko aukera zabala eta mundu guztiari zabalik. Horregaitik, informazinoa lortzeko hainbat eta hainbat web orrialde doguz eskuragarri. Oraingo lerroetan horreetako bat baino ez dogu aitatuko, gaurkoz behintzat. Estadistikei erreparetan badeutsegu, sarri, beharrean Internet erabilten da egunkariak irakurteko. Horretarako, kiosko birtualak be badagoz egon Interneten, baina hemen aitatuko dogun web orria mundu osoko egunkariak irakurteko aproposa dala esango geunke.
www.onlinenewspapers.com
Helbide horretan, benetan mundu osoko egunkariak geure begietara eroateko modua izango dogu. Orri nagusi horretan aukeratu behar da zein herrialde arakatu gura dogun. Era horretara, herrialde horretako egunkariak agertuko jakuz, eta izen bakotxean klik egiten dogunean, egunkari horrek Interneten dauen web orria, bertsino digitala izango dogu gure aurrean. Informazinoa jasoteko edota beste hizkuntza batzuk ikasten dagozan personentzat be interesgarria izango dalakoan gagoz, klaseetan ikasitakoa hemen idatzita irakurteko aukerea dagoalako.
Beste alde batetik, web orri honen egiturea nahiko garbia da: herrialdea eta herrialde horri jagokon kontinentea aukeratu (Europa, Amerika, e.a) eta bertan bilatu gura dogun herrialdea aukeratu behar da. Beste aukera bat be badago, hau da, bilatu gura dogun herrialdearen izena kontuan hartuta, zein letratik hasten dan izena, ba web orrian doguzna hiru leihotxuetatik bat aukeratu, zabaldu eta bertan gure herrialdearen izena bilatu eta aukeratu. Atoan agertuko jaku herrialde horretako egunkarien zerrendea. Dana dala, kiosko birtual erraldoi horretan ez bada agertzen guk gura dogun egunkaria, orrian bertan dago (klik bat egin ezkero) arduradunen e-mail helbidea, eta egunkari barri baten helbide elektronikoa emon geinkioe, hurrengo baten helbide hori be kioskoaren zerrendan agertu daiten.
Bitxikeria lez, aitagarria da herrialdeen tartean Euskal Herria (Basque Country) be agertzen dala eta hau aukeratu ezkero 'Egunkaria', 'El Correo', 'El Diario Vasco' eta 'Gara' baino ez jakuzala agertzen. Hori ez da guztia, ze, gauza bitxiakaz jarraituz, espainiako egunkariak aukeratzen badoguz, horreen artean 'Deia' agertzen da. Beharbada, baten batek e-posta bat bialdu behar leuskie orrialde horren arduradunei akats hori ahalik eta arinen zuzentzeko.