Bidaide  II. urtea // 33. zenbakia - 2003ko irailaren 1a

2002: India azpikontinentean zeharreko abenturak (I)


Ahuntz eta arroz afaria

Mahendranagarren egon ginan lau egunetan, giro orokorraz jaubetu ginan: pobrezia gorria eta sekulako beharrizanak bizi dituan herria da eta maoista gerrilleak arazoak larriagotu baino ez ditu egiten. Umezurtz-etxeko umeakaz eta ingurukoekaz lagun handiak egin ginan eta herritik alde egin aurreko egunean afari berezia preparetea pentsau genduan. Zer afaldu gura eben itaunduta zur eta lur geratu ginan erantzunagaz: ahuntza eta arroza. Gauzak holan dirala, umeakaz merkatura joan eta 30 bat kiloko ahuntza eta beste horrenbeste kilo arroz erosi genduzan. Arratsalde osoa, bost ordu inguru pasau zituen ahuntza erretan eta arroza preparetan eta dana irunsteko, ostera, ez eben denpora larregi egin. Guretzako mahaia ipini euskuen baina eurek lurrean jesarrita eta eskuak erabiliz jan zituen jan beharreko guztiak. Gu geu be gosetuta gengozanez, beste egoera batzuetan probau be egingo ez genduzan platerkadak gustora jan genduzan, pipermin eta gusto bizi-bizi eta guzti. Hiru platerkada edo iruntsi ostean, bakanala amaitu eta dantzaldiari hasierea emon eutsien. Erritmo bildurgarriak dituan hindu musikeagaz, gazteek profesionalen antzean egiten eben dantzan eta, antza, gu geu be antzeko dantzariak izango ginala pentsau eben. Eszenatokira ez genduan inondik inora urten gura baina eztabaidan luzaroan ibili ondoren, atxakiak alperrekoak zirala ikusita, han hasi ginan tontoarena egiten. Gure mobimentu erridikuluakaz barre algara galantak egin zituen gure kontura baina guk geuk be ederto pasau genduan.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Hauxe dozue lagunok pobrezia gorriak, gerrak eta sistema politiko ustelek jotako India, Nepal eta Bangladeshen zehar egindako pare bat hilebeteko bidaiaren kontakizuna; Asiako herrialde horreetako lekutako parajeak, edertasun naturala eta jentearen berotasuna ezagutu doguz.

Orain urtebete inguru Asiako hego-ekialdearen ganeko kontuak eskaini genduzan Bidaide atalean eta orain, barriz, sakonean aztertuko dogu Indiako azpikontinentea; danetara, lau kapitulu izango dira eta gure abenturan bizitako anekdota eta pasadizuak kontauko deutsuedaz.

Thailandiako iparraldean, Chiang Raiko ostaturik txarrenean, Fernando Robles Madrileko biadairia ezagutu nebanean jaio zan abentura hau. Edorta nire bidaialagunaren eta bion lehenengo sentsazinoa nahaspila eta konfidantzarik eza izan zan. Fernando trekking batetik etorri barri egoan eta astebeteko bizarragaz eta erropa zikinakaz, itxura negargarrian ezagutu genduan. Dana dala, ez dakit zelan baina alkarrizketa mamitsua izan genduan beragaz eta laster alkarregaz joan ginan ibilaldian okasinorako alokatutako jeep baten.

Bilbora bueltan etorrita, Asiako hego-ekialdean Fernando eta bion artean jaiotako laguntasunari eutsi deutsagu eta alkarregaz abentura asko bizi izan doguz; behin Nepalera joiala eta bertan umezurtz-etxe bat bisitetako eta eztei-ospakizun baten parte hartzeko gonbitea eukala kontau eustan. Arin itaundu neutsan ia lagunik onartuko leukean eta erantzuna baiezkoa izan zan. Beraz, Indonesiara joateko neukan amesa bazterrean itxi eta India, Nepal, Sikkim eta Bangladesherako bidaia preparetan hasi ginan.

Azkenean, zoraldi garbian, Kazetaritza fakultadeko nire lagunik onena be geugaz joateko prest agertu zan. Demelsa Gonzalezi otu jakon galdu ezinezko aukerea zala penintsulatik lehenengoz urtetako eta erabagia hartu eban egunean bertan Delhirako txartela patrikeran eukan.

Delhi

Indiaren ganeko lehenengo irudia negargarria izan zan. Delhi uriburura goizaldeko ordubietan heldu ginan eta aurrez preparauta joan arren, esperientzia benetan gogorra izan zan. Aireportuko inmigrazino-kontrola pasetako ordu bi emon genduzan, izan be, poliziak banan-banan sartzen zituen bidaiarion datu guztiak Fernandoren esanetan, Juverreko nire lehen ordenagailuaren antzekoetan. Zutunik horrenbeste denpora egoteaz kantsauta, jentez ganezka egoan beste gela batera eroan gintuen eta hor prest egozan danak edozein zerbitzu eskaintzeko: jatekoa, edatekoa, garraioa, ostatua...; dana dala, arriskuak ebitetako aurrez pagautako taxi zerbitzuaren leihatilara hurreratu ginan eta txanpon trukea egin ostean, 60. hamarkadako kotxe bat eskaini euskuen. Kotxea dotorea zan, antigoalekoa eta gidariak gazte BI ziran. Leihatilan esan euskuen gauza arrunta zala hori baina kontua da ze, justu-justuan sartu ginala hirurok atzeko partean. Egoera hori 'nahiko normaltzat' hartu ondoren, benetako arazoak sortu ziran; martxan gengozala, gidariek esan euskuen ez ekiela gure hotelera zelan joan. Goizaldeko hirurak ziran eta batek daki non geldi, alkarri begira geratu ginan. Azkenean, ostatu merke batera eroateko eskatu geuntsen eta makinatxu bat buelta emon ondoren, segurutik euren senitarteko edo lagunen batena zan ostatura heldu ginan. Gelea 15 dolarrekoa zala esan euskuen eta karu eretxi arren, kantsau-kantsau eginda gengozala kontuan hartuta, onartu egin genduan. Biharamunean esan euskuen 15 dolar lagun bakotxeko zala eta sekulako hasarreagaz pagetea beste konponbiderik ez genduan ikusi. Horrezaz ganera, egun osoa galdu genduan Nepaleko muga ingurura eroango gintuan edozein garraioko txartela lortzeko. Jai berezia ospatzen egozan bertan eta garraiobide merkea lortzea ezinezkoa zan; azkenean, Indiako uriburu hautsez betetakoan astebete alperrik galdu gura ez genduanez, taxian joatea erabagi genduan 120 dolar pagau ondoren; jakina, guk pentsauta geunkana baino askosaz gehiago zan dirutza hori.

Nepaleko paradisuan

Nepaleko mugatik hur, landa giroko Banbassa herrira heldu ginanean, arin ahaztu genduzan uriburuko esperientzia txarrak. Hori bai, euro biko gelak zituan ostatua inoiz ezagutu dogun txarrena izan zan baina uriburukoagaz konparauta hobea.

Hurrengo egunean, India eta Nepal bitarteko muga pasau genduan; etxola antzeko baten uniforme zahar-zaharragaz jantzita egoan inmigrazinoko ofizial batek zigilua jarri euskun pasaportean. Nepalen hilebete inguru pasetako asmoa geunkan eta jentez josita joian autobuz zahar baten heldu ginan herrialdeko mendebaldean dagoan Mahendranagar urira.

Fernandok ondo ezagutzen eban herria ze lehenago pare bat hilebete egin zituan bertako umezurtz-etxean, 4 eta 17 urte bitarteko 60 gaztetxuei laguntzen; Demelsa eta biontzat esperientzia barria eta bidaia honetako pizgarrietako bat zan ume horreen bizimodua ezagutzea.