Euskal diglosia: eregiteko dagoan kontua
A ze nolako roiloa bota deuskun Erramunek! Eta honek zertarako balio deusku? pentsauko dau batek baino gehiagok. Bada, diglosia berbearen definizinoan edota zentzua egokituz egin diran hanka sartzeak gorabehera, horreen artean kokatzen dot orain gitxi Euskaltzaindiak argitara emon dauen J. L. Goikoetxea adiskidearen “Euskal diglosia irazia” ('euskal diglosia' eregiteko dagoana eta 'irazia' sobera dagozan berbak dira).
“Irazia deritzagu, ehundegian ehuna egitean lez gauzatzen dalako, euskera batuak, euskalki literarioak eta azpieuskalkiak bata besteari hareen artetik bilbea igarota” (Euskalkia eta hezkuntza. Dakigunetik ez dakigunera euskal diglosia irazian, 56. orrialdea. Iker-13. Euskaltzaindia, 2003). Euskaldunok gure lurraldean indartsu bizi diren erdarak (gaztelania eta frantsesa), euskerea (batua deitutakoa –aldaera jasoa–, tradizino literario jasoa daben lau aldaerak –bizkaierea, gipuzkerea, zubererea, lapurterea– eta tokian tokiko aldaerak) zein Europako bestelako hizkuntzak (ingelesa, esate baterako) kontuan hartuko dituan egoera diglosikoa eregiteko (eta adostasun zabala lortzeko) daukagun premina larria lagaten dabe agirian (zein hizkuntza eta zein aldaera zertarako?). Ezen, zein da etorkizunari begira bila joango garen eta eregitera goazen euskerearen egoera diglosikoa (egonkorra eta hizkuntzen konpartimentazinoa ahalbidetuko dituana)?
Gaia behin baino gehiagotan mahai gaineratu dan arren, gitxi dira erantzuten ausartu diranak (hemen, badakigu jakin, lehenbizi egin, gero, egin dan hori baliagarria eta eragingarria ete dan aztertzea, gerorako itxi!). “Euskalkien aberastasuna eta ñabartasuna erabiliz, gero euskal diglosia antolatu behar dogu (...). Geure endoglosia hori euskerearen barruan antolatu behar baitogu, erderea kanpora aldeko funtzino hutsentzat itxita” (Txillardegi (1990), “Soziolinguistika egunak” in Hizkuntza-Hezkuntza. Bilbo. EHU-UPV).
Herritarren artean egun dan euskerearen ezagutza mailak (ezagutzeari ez eze, erabilereari jagokonez be gehiengo baten hizkuntza ez da euskerea), Euskal Herriaren luze zabalean euskaltzaleenak omen diran indar politiko, sozial zein sindikalek daben indar desorekatuak (horreekaz bakarrik holako adostasun batera heltzea ez litzateke ez nahikoa ez eta komenigarria izango) Txillardegiren proposamen hori ahalbidetzen daben ez dot uste, baina euskal herritarron artean holako akordio bat hazurmamitzea garrantzi handiko kontua da.
Fishman gogora ekarriz, euskereak aurrera egin ahal izateko, belaunez belaun segidu ahal izateko euskerea-erdaren arteko oreka puntu hori (konpartimentazinoa) bilatzea premina larrikoa da eta ganerakoa noraezean ibiltea da; ingurumari horretan sakonduz, adostasun horretara helduta (euskaltzaleok ez eze, herritarrok -oro har- horretarako gauza ete garen zalantza handiak ditut, baina euskerea iraunarazoteko ez eze, indarbarritzeko be hil ala biziko kontua da) hizkuntza politikaren nondik norakoak aldatu behar izatea leitekeen kontua da.
Erramun Osa
“Diglosia es un término que ha alcanzado una merecida difusión, y que por cierto hace furor por estas latitudes durante los últimos años. Ahora bien, a esa palabra, como cualquiera otra, se le puede dar el contenido que se desee, siempre que no haga caer en confusión” idatzi eban Mitxelenak (1985, Lengua e historia. Madrid. Paraninfo). Ez naz ni eretxi berekoa, ostera. Izan be, urte dezente pasau dira Ferguson (1959) linguista amerikarrak Greziatik mailegautako diglosia terminoa formulazino soziolinguistiko garaikidera ekarri ebanetik. Fergusonek zein, gerora, Fishmanek (1965) diglosia (luze-zabaleko elebitasuna) bariedade linguistiko biren arteko hartu-emon egonkor (bata Low (behe) eta bestea High (goi)) lez definidu eben (egun L eta H ikurrak hizkuntza beraren aldaerea izan beharra albo batera laga da eta meneratzaile eta meneratuarena dalakotik gertuago dabil). Aldaera bakotxak beste aldaerak hartzen ez dituan funtzinoak hartzen ditu, bada, osogarriak dira eta hiztunak burutu edota garatu beharreko funtzinoaren arabera bata edo bestea erabilten dau.
Gorago aitatutakoa argitzeko arabiera klasikoa eta lekuan lekuko aldaerak hartu geinkez. Arabiera klasikoak nazinoarteko hizkuntza izatearen izaerea dauka, ganerako aldaerei jagokenez (magrebiarra, e.a.), lekuan lekukoak erabilten dira, ostera. Hiztunek, tokian tokiko aldaerak dabez ama-hizkuntzatzat, arabiera klasikoa gerora ikasten dabe (eta ez danek). Bada, besteak beste, egonkorra izatea eta hizkuntzen edota aldaeren konpartimentazinoa (hiztunak funtzinoaren arabera aldaera edo hizkuntza ezbardinetara salto egin beharra) izango litzakez diglosiaz berba egiterakoan kontuan hartu beharreko bi ezaugarriak.
Diglosia berbeari emon jakon definizinoa nabarmen itxuraldatuz, diglosiaren egonkortasunik eza azpimarrau eban Ninyolesek (hau ez da soziolinguistika katalanak segidu dauen bidea). Alabaina, guzti-guztiak ez zituan konbenzidu. “Rafael Ll. Ninyoles ha improvisat una doctrina que fonfon indegudament la substitució amb una certa noció de “diglosia” (radilcalment diferent del concepte de Charles A. Ferguson), el simplisme efectista de la qual ha fet fortuna en cerdes i regions poc avançats” (Aracil, L.V. (1982) Papers de sociolingüística. Barcelona. La Magrana). Gu, sasoi batean, hizkuntzea soziologiaren eremuan regions poc avançats-en multzoan sartuta egon gara (eta zenbaitetan holan dihardugu), beharbada, Ninyolesen definizinoak gurean izan dauen arrakastea kontuan hartuta, are gehiago.