Eretxia  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

Guggenheim efektuaren beste aldea

Burua beharrean ipini eta arin akordauko gara orain denpora asko ez dala Domekea egun "sakratua" zala. Goizeko mezea entzutea eta arratsaldean "Katedral"-eko futbol partidua ikustea ziran eginbehar bakarrak. Nahiz eta urteak joan egin jakuzan, mentalidade bardin antzekoagaz jarraitzen dogu eta gauza barrietara ohitutea gatx egiten jaku. Sarri ikusten doguz turistak Bilbon zehar noraezean zer egin jakin barik. Bilbo zerbitzu uriburua dala aldarrikatzea oso erreza da. Benetako eta kalidadezko zerbitzuak eskaintzea, ostera, ez horrenbeste.

Gauzak holan, urteak emon ditu Guggenheim museoak astelehenetan bere ateak zabaldu barik (bisitari ospetsuen kasua alde batera itxita). Uda honetan, ostera, astelehenetik astelehenera zabalik dago Bilboko ikurra. Hau da, turistea museoaren beharretara ipini barik, museoa bisitariaren zerbitzuan jarri da. Zorioneko erabagia, zalantza barik.

Orain arte esandakoaren harian, hor dagoz jatetxe, taberna edo dendak be eta lehen esandakoa aplikau geinke. Legeak eta legegileak oso modu zarratuan jokatzen dabe alor honetan: ordutegiak, baimen bereziak...; badago oraindino zabaltasunez eztabaidatu beharrekorik, izan be, uste baino gehiago dago jokuan, besteak beste, Guggenheim efektuaren epe luzerako arrakastea.

IƱaki Atxutegi

Ez dago ukatzerik, Guggenheim efektuak goitik behera aldatu dau Bilboko irudia. Munduan zehar oso ezaguna da euskal uriburu ekonomikoa Frank Gehryren ikonoari esker. Zer da ba ikonoa? Paris, London, edota Berlin aitatu eta Eiffel torrea, Big Ben eta Brandenburgoko atea etorriko jakuz gogora. Bilbok be badauka berea euskaldun guztion gozamenerako.

Makina bat uri dabilz holako ikono mediatikoa lortu gurean. Askok gura dabe Bilbok lortutako arrakastea euren uri edo herrietara eroan, badakie eta asmau ezkero, munduan zehar ezagunak izango dirala eta, besteak beste, turismoa eta dirua erakarriko dabezala. Bilbok erabagia hartu ebanean, eztabaida sutsua izan zan. Akordau zaiteze politikoek eta kultur eragileek sekulakoak esan ebezala egitasmo "faraoniko" horren kontra. Dagoeneko ahaztuta dago eztabaida bero hori. Guggyren arrakasteak isilarazo egin ditu.

Halan da guztiz be, ezin da lortutakoagaz konformau eta gora begira geratu. "Guggenheim efektuak" luzaroan jarraitzea nahi badogu, eraikin modernoa Abando Ibarran ipintea baino zeozer gehiago behar da. Bisitan datoz turista andanak eta konturatu ala konturatu ez, gure bizimodua zeharo aldatuko dabe.

Euskadik ez deutso eskaintzen turisteari etenik bako udarik. Hondartzak ez dagoz txarto (uda honetako galipota ahazten badogu) baina aurten salbuespena bizi badogu be, goiko "Lorentzo" horrek ez dau behar beste lan egiten. Gure herriak paisaiak, kulturea eta gastronomia eskaintzen ditu. Zorionez ala zoritxarrez, kultura arloko turismoak ez dauka egutegi finkorik. Gurera datozen horreek ez datoz hilabete osoa pasetan. Eta ez datoz uda partean bakarrik. Egunero eta ia orduoro dabilz zerbitzu eske.