Euskerea berbagai  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

Euskalduntze-alfabetatzea hizpide (II)


Kontua, bada, nire eretxi apalean honakoa da: egungo sarea berrantolatu behar dogu, egun gatibu doguzan bitartekoak askatuz eta bitarteko horreek ondorioztatzen dan sarearen normalizazinoa indartzeko erabiliz ez eze Euskerea Biziberritzeko Plan Nagusiaren ezarpenak, hiztunek euskerea erabili dagien aukerak ugaltzeko berariaz sortu dan plan estrategiko horren gauzatzeak behar dituan udal mailako zerbitzuak indartzeko be erabiliz, horretarako HEAko profesionalak birzikletako pausuak eginez.

Horrezaz ganera, teknologia barrien erabilerea zabalduz ikasleen autonomia indartzeko eta merkatua bera zabaltzeko urratsak egin behar doguz, gurasoak, kolektibo profesionalak, etorkinak, hizkuntza trebatzaileak, e.a. euskerearen ikaste prozesuak erabilerea ahalbidetuko daben egitasmoekaz buztartuz. Era berean, euskerea ikastera hurreratzen diran persona helduen konpromisoa saritzeko mekanismoak be ezarri behar dira (lortutako mailak eta asistentzia kontuan hartuz beka sistemak, zertifikazino sistema homologatuak –sarean lortutako mailak titulu bat eskuratzeko aukerea ez eze titulu hori administrazinoek onartzeko bidea eginaz, horretarako, kontrol mekanismoak ezarriz–, e.a.). Testuinguru horretan, sektorea sustatzeko zein ezagutzera emoteko kanpainak antolatzea komeniduko litzateke.

Beraz, euskalduntze-alfabetatzeak etorkizunik izango badau, besteak beste, euskerearen normalizazinoa lortzeko xedez paradigma aldaketea ahalbidetu, eskari poltsa barriei erantzuteko preparau, urteetan preparau diran irakasleak beste eginkizun batzuk burutzeko birziklau behar dau. Ganerakoa, oinarrizko eztabaideari iges egitea baino ez da, errealidadeari itzuri egitea da.

Erramun Osa

Aldi barri honek plazaratuko dituan erronkei era egokian erantzun ahal izateko sektorea nahitaez berrantolatu behar da. Izan be, dagoan eskaria aintzat hartuta euskaltegi gehiegi dago, bada, sareen osogarritasuna, maila guztiak eskaintzea, ikastaroak malgutzea, lortutako maila ziurtatuko dauen kanpoko ebaluazino sistemea ezarriz zertifikazino sistema abian jartzea (orain arte indarrean egon diran zertifikazino sistemak –hizkuntza eskakizunak, hizkuntza eskolako mailak, euskaltegietako mailak, e.a.– bateratzeko urratsak eginaz), materialen erabarritzean zein irakasleen formazinoan inbertidutea izango litzatekez, besteak beste, berehalakoan abian jarri edo indartu beharreko eremuak.

Berrantolaketak sektore publikoa osotzen daben Udal Euskaltegi sarea zein Hizkuntza Eskolen bidez egiten ari dan eskaintza aintzat hartu beharko leuke ezinbestean. Sarea egituretako, homologetako eta normalizetako eginahalak egin diranean, erritmo bizkorragoko ikastaroak lehenesteko ahaleginak egin diranean, egungo sarearen ondo-ondoan, Hizkuntza Eskolen bidez, diru baliabide publikoak xahutuz, sektorean baztertu gura diran (ezpada asmo berezietarako egitasmoen kasuan) erritmo apalagoko ikastaroak eskainiz, beste eskaintza bat zabaltzeko egiten ari dan ahalegina ez da ulertzekoa. Halaber, helduen euskalduntze-alfabetatzeaz kargutzen dan egitura administratiboak Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailetik zertifikazino sistema ezartzeko izan ohi dituan arazoak eta Hizkuntza Eskolen bidez ziurtagiri sistema bat egotea ez dira ezelan be etorkizunera begira mantendu ahal dan egoera desiragarria.

Baina, berrantolaketak sektore pribatua be hartu behar dau kontuan, sektore publikoa danean, osagarritasunez jokatuz eta uri handi eta uriburuetan dagoan gehiegizko euskaltegi sarea eskarira egokituz. Osterantzean, berrantolatu ezean, euskaltegi sare ahula geratuko baita etorkizunean, erronkei erantzuteko ez-gauza eta eguneroko jardunbideari besterik barik eutsi ahal izateko (bitartekoak gehitu arren honek lan baldintzen eta normalizazino bidean ekarpenik egin danik ez dau adierazo gura) bitarteko ugari beharko dituana. Egungo sarea aurrealdean daukagula, zenbat talde geratzen dira sortu edota bideratu ezinean, euskaltegi bi edo gehiagoren artean ikasleak barreiatzen diralako? Egoera horrek be ez deutso euskalduntze-alfabetatze sektoreari laguntzen, zinez.