Euskalduntze-alfabetatzea hizpide (I)
Bolada batean nagusi ziran ikasle eta langabetuen multzoak arian-arian urritu egin dira eta lanean ari diran eta helduagoak diran lagunak hurreratu dira helduen euskalduntze alfabetatze sektorera. Bada, ikasleen tipologian eta beharretan aldaketa esanguratsuak ari dira gertatzen. Sasoi batean emoitza akademikoak indartzeko, titulu bat eskuratzeko edo/eta lan merkatuan aukerak ugaltzeko asmoz euskerea ikasten etorren jente multzo andana murriztu egin da, gizartean bestelako lehentasunak nagusitzen ari diranez, besterik barik euskerea ikastera datorren jentea apaldu egin da. Guzti horri, euskerazko ereduen bilakaerea zein eragina (hezkuntza arautuan euskerazko ereduek gora egin ahala gazteagoak diran ikasleen kopuruak beheranzko jokera etenik bakoa erakusten dau), maisu maistren euskalduntze plangintzak edota sektore publikoa euskalduntzera bideratutako egitasmoek aspaldi goia jo ez ezik gainbehera datozela gaineratu beharko geunskio. Kontuak kontu, oro har hartuta, eskariaren unadura begi bistakoa da. Beraz, sektoreak, hurreko etorkizunean, egoera barrira egokitu eta doitu egin beharko dau, eremu barrietara ez eze, eskari poltsa barrietara be ikasle bila jo beharko dau, bere burua espezializatuz eta, horretarako, egitasmoak beren beregi diseinatuz.
Erramun Osa
Helduen euskalduntze eta alfabetatze eremuan ez da giro. Izan be, HABEren zein euskaltegi sareen agerraldiek, bakotxak bere zehaztasunakaz, helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreak bizi dauen krisi sakona, oinarri-oinarrizkoa esango nuke nik, agirian itxi dabe. Halan da be, sektoreko batzuek holan nabarmendu arren, sektorearen arazo nagusia ez da dirulaguntzen moduluan izandako bilakaerea huts-hutsean, ez eta profesionalek irakaskuntza pribatuko hitzarmenagaz alderatuta emoten dabezan eskola ordu gehigarriak edo lan sarian diran aldeak. Arazoa askoz sakonagoa da, egiturazkoa. Geroz eta jente gitxiago hurreratzen da euskaltegietara.
1993-94 ikasturtetik aurrera sektoreak ikasleen %21,47 galdu dau. Alabaina, jaitsierarik handiena 1995-96 urtetik aurrera igarri da. Izan be, 1995-96 eta 2001-2002 epealdietan (2002-03 ikasturtean be jaitsiera egon da, alabaina, lerro honeek idaztean ikasturtea amaitu barik dagoanez, emoitzak ezin izan dira bildu) 10.862 ikasle gitxiago hurreratu dira euskaltegietara (%24,22 gitxiago). Gauzak holan, epealdi horretan sektore publikoak talde orduen %23 galdu ditu. Pribatuen multzoari erreparau ezkero, epealdi berean, talde orduen %23,82 galdu dira. Jaitsierea, gehienbat 25 urtez azpikoen adin tartean gertatu da, ganerako adin tarteetan matrikula kopuru orokorrak mantendu –beheranzko joeragaz– egin dira eta, horregaitik, sektorea –oro har– jaitsi dan ezkero, ehunekoan gora egin dabe. Jaitsierea ez da EAEn bakarrik izan, Nafarroan eta Iparraldean be behera egin dabe matrikulautako ikasleen kopuruek. Bada, 1986-90 epealdira egin beharko geunke atzera helduen euskalduntze-alfabetatzeak holako egoera gatxa bizi eta neurri bereko gainbehera antzemateko.
Euskaltegietara hurreratutakoen adinaren batez-bestekoak gora egiten dihardu azken urteetan, era berean, geroz eta ikastaro apalagoak eskatzen ditu jenteak (sasoi batean ez bezela egungo gizarteetan denporea emoteko aukera ugari dago bazterretan eta euskerea ikasteari denpora gitxiago eskaintzen jako), behe urratsetan hasten diranen kopurua gero eta urriagoa da eta euskalduntze prozesua burutzeko asmoz geroz eta jente gehiago hurreratzen dira bitarte edo goi mailetako ikastaroetara, era berean, hasierako mailetan hasten diranen artean ikasten hasi eta ixten dabenen kopurua altuagoa da bitarte eta goi mailetan matrikuletan diranen aldean.