Etorkinen integrazinoa: derrigor egin beharreko beharra
Batek baino gehiagok esan izan dau: herri pobreek garapen ekonomikoa ezagutu ezkero akabo pobrezia. Egia biribila da hau. Gure burua zuritzen gabilz behin baino gehiagotan alkartasunaren ganean berbaz. Baina ez ete da hoba izango lanpostu jakin eta zehatzak etorkinei artez-artez eskaintzea? Ez ete da hoba izango gizakioi zor jakuzan baldintza duinak eskura jartzea? Ez ete da hoba gaur kainaberak eskaini arrainak gaur bihar eta etzi emon barik?
IƱaki Atxutegi
Inguruan doguz. Oso denpora tarte txikian hamaikatxu etorkin hurreratu jakuz. Baltzak, zuriak eta indiarrak. Paperdunak eta paperbakoak. Kolorez beteta dagoz gure kaleak, azal eta arropen kolorez beteta.
Gure Jaurlaritzearen bozeroaleek ozenki esaten deuskue: Europako errentearen batez bestekoa gainditu dogu. Herri aberatsa gara, beraz, Alemania eta Frantziaren pareko. Eta euren modura, ez dogu edozelako beharrik egin gura, gitxieneko soldatea gure eskubidea dala badakigu eta lan eskubideak zor jakuzala argi eta garbi esaten dogu. Labur eta argi esateko, gura ez doguzan lanak beste batzuentzako lagaten doguz ezelako erreparo barik.
Halan, gero eta sarriago ikusten doguz etorkin horreek garbitzen, umeak, aitite eta amamak jagoten edota kaleetan edozer saltzen. Ez daigun pentsau etorkin horreek guztiak betiko geratuko diranik. Batzuek urte gitxi emongo ditue gure artean, diru apur bat irabazi eta etxera bueltauko dira. Baina badagoz herrimina alde batera itxita bizi bitartean hemen hil arte geratuko diranak.
Historiari errepasoa egin ezkero, gogoratu daigun XX. gizaldian zehar milaka ta milaka etorkinek hartu dabela gure herria bizileku. Gura ala gura ez, gure kultureak eta bizimoduak kanpoko ezaugarri asko hartu ditu. Onerako aldaketak dirala uste dot, euren ondorioz mestizaje ospetsu hori zer dan ikasi dogu eta euskaldunok.
Halandabe, ez dogu inoiz ahaztu behar Iraultza Industrialaren ondorioz izandako inmigrazinoa traumatikoa izan zala. Kanpokoak mesfidantza, bildurra eta bestelako sentimendu ezkorrak sortzen ditu. Nekez onartzen da kanpotik etorritakoa.
Baina orain arte ikusitakoak gauza bi erakusten deuskuz: lehenengoa, pobrea danak leku aberatsetara joateko jokerea dauka. Bigarrenez, kanpokoa errespetuz eta ondo hartzen dogunean, errazago sartuko da gure gizartean. Bestela, biziten jarriko dan herriaren kulturaren ganeko kontrako sentimentuak izango ditu.
Estaduko gobernuaren jarrerea ikusita, euskal instituzinoen lana da etorkinen ganeko ardurea hartzea. Neurri positiboak hartu behar dira, izan be, ez dot pentsetan etorkinen uholdea Europa zuria itotzeraino helduko danik. Ekonomikoki eta kulturalki indartsuena danak horrenbesteko bildurra izateak ez dauka zentzurik.
Begiak zabaltzen badoguz, Europatik kanpoko etorkin ugari ikusten doguz leku ez-ofizialetatik etxera deitzen, dirua euren senideei bialtzen, paseoan, beti bildurrez, beti izkutuan.