Ondo egindakoak eskertu eta oker egindakoak parkatu
Ezer baino lehen, eskerrik asko danoi Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa egiten dogunon partez; benetan gustora gagoz 0 zenbakiak izan dauen erantzunagaz eta, antza, irakurleak be pozik zagoze -guk jaso doguzan eretxien arabera bai behintzat-; egia esan, proiektua baino gehiago da honezkero Bizkaie!, jaiobarria bai, baina sustraiak ondo sakon dituana eta, hori guztia, neurri handi baten zeuoi esker.
0 zenbakia aproba moduan atara genduan eta, jakina, gauza asko egozan oraindino egiteko, aldatzeko eta hobetzeko; serbidoreagaz izan genduzan arazo tekniko batzuk tarteko, badakigu banaka batzuek ezin izan zenduela aldizkaria ezagutu www.bizkaie.biz helbidea tekleauta, amaieran .com jarrita baino; domeinu barria da .biz hau, baina oso interesgarria begitandu jakun gure proiekturako, eta eutsi egin gura izan deutsagu; arazoak konponduta dagoz eta badakizue beraz, aldizkariaren helbidea aurrerantzean be www.bizkaie.biz izango dana.
Beste alde batetik, irakurleen eretxi guztiak kontuan hartu doguz eta, geldiro-geldiro baino ez bada be, eskabide guztiei erantzuna emoten joango gara; hizkuntza ereduaren ganean be era guztietako kontuak edo kritikak entzun doguz eta, arlo horretan be ahalegin berezia egiten gagoz, kontuan izanda, bizkaierearen normalizazino eta batasun prozesua ez dala amaitu. Bestetik, kirolaren faltea hartu dozue aldizkarian; baina trankil egon, ze kirolaren gaia be ez dogu ahaztu eta laster, ganera, kirolari handi bati egindako alkarrizketa zabala irakurriko dozue 'Barriketan' atalean.
Bestetik, bizkaierazko txata beharko litzatekela be esan deuskuzue, eta aurreratu behar deutsuet txataren asmoa buruan geunkala aspalditik; aukerak, baliabideak eta kostuak aztertzen gabilz, baina denpora gitxi barru txata erabilgarri egongo da. Dakizuenez, 'Irakurlearen Txokoa' be hor dozue aldizkarian, txataren bapatekotasunagaz ez, jakina, baina 'Euskera batua bai, euskalkiak be bai' gaiaren harian, eztabaidea sortu da irakurleen artean; horixe da asmoa, eta hemetik aurrera be gai polemikoak eta hain polemikoak ez diranak, baina batez be, interesgarriak diranak jorratuko doguz; edozein gairen ganean eretxia emoteko, salaketak egiteko eta bestelakoetarako, bateren batek zeozer idatzi gurako baleu, badaezpada, gogoratu e-maila: irakurlea@bizkaie.biz
Lehenengo pausuak emoten gabilz, baina honek ez dauka atzera bueltarik eta, ganera, indarra hartzeko bada bai, baina bestela atzera begira egotea ez da komenidu, aurrera begira egonda be nahikoa behar dagoalako egiteko.
Kolaboratzaileen taldea be polito dabil lanean, geure antzean, ilusino handiz; baina aurkezpen egunean aurreratu genduanez, gure asmoa ez da gora adi egotea eta lantaldea handitzen joateko ustea dogu, era horretara, atalak gehitu edo osotu ahal izateko, ahalik eta produkturik onena eskaintzeko hain lehiakorra dan Internet Sarean. Dana dala, ez dogu geure burua eta inorena estutu gura: 'hoba geldiro baina seguru, arin eta hankaz gora baino'; epe zehatzik ez dogu finkatu baina buruan asmo, ideia eta helburu asko dabilz bueltaka eta nonoiz helduko jake ordua, txarriei San Martin heltzen jaken moduan.
Azken buruan, eskerrak barriro guztioi eta ekin, danona dan horri, zuok zeuonari eta guk geureari, hau da, euskereari, bizkaiereari.
Koldo Isusi Zuazo,
Bizkaie! Aldizkariko zuzendaria.