Nancy Zubiri kazetariak 'A Travel Guide To Basque America' liburu-gida eguneratzeari ekin deutso
Atal barriak eta datu gehiago
Nancy Zubiri oso pozik dago Nevadako Unibersidadearen aginduagaz eta bete-betean dabil ikerketa beharrean ahalik eta gida osotuena atarateko. Zubiri and.ak iragarri dauenez, euskal koloniaren jatetxe, jarduera eta ospakizunen eguneratzeaz ganera, gida barriaren nobedadeetako bat Internet Sareari buruzko atala izango da, bere esanetan, Sareak eragin sakona eta positiboa izan dauelako euskal diasporan.
Nancy Zubirik adierazo dauenez, 'A Travel Guide To Basque America' liburu-gida gaztelaniaz eta euskeraz argitaratzea ameseta gozoa izango litzateke; Zubiri and.aren esanetan, segurutik euskal herritarrek be gustora irakurriko leukiez etorkinen gorabehera guztiak eta, horrezaz ganera, AEBetan senideak izan eta arrazoi bategaitik edo besteagaitik hartu-emonak galdu dituenentzako oso erabilgarria izan daiteke, euren senitartekoen historia edo nondik norakoak ezagutzeko.
Nancy Zubirik etorkizun ona iragarri dau AEBetako herri, uri, mendi, rantxo eta edozein bazterretan euren ohitura, kulturea, musikea, dantzak eta tradizinoak ezagutarazoten eta euskal nortasunaren ezaugarri horreei eusten jakin izan daben euskal-amerikarrentzako.
'A Travel Guide To Basque America' liburu-gida barria 2005ean argitaratuko da bost urterik behin Idahoko Boisen egiten dan Jaialdian hain zuzen be. Gogoratu, Californian gehien eta gero Idahon dagoala euskal-amerikar gehien.
Bizkaie!
Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa
Nancy Zubiri Californiako kazetariak goitik behera berrikusi eta eguneratu dau 1998an, Nevada-Renoko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuaren laguntzinoagaz argitaratutako 'A Travel Guide To Basque America' liburu-gida, honezkero best sellerra dan liburua. Gida baten egitura eta ezaugarriakaz, Zubiri kazetariak errepaso sakona egin dau urteetan zehar euskaldunen presentziak arrasto garbiak itxi dituan AEBetako parajeen ganean.
2000ko erroldearen arabera, AEBetan 60.000 mila lagun inguru dira euskal jatorrikoak; horreen arbaso gehienak 1900 eta 1964 bitartean heldu ziran AEBetara bizimodu hobearen bila; gehienbat artzaintzan ibili ziran baina arinago be, 1848an askok hartu eben ameriketarako bidea eta, batez be, Californiako meategietara hurreratu ziran urrearen bila. Artzain horreetako bat Jean Zubiri izan zan, Nafarroa Behereko Aldudeko semea; Euskal Herritik Californiara arteko bide luzea egin eta, geroago, Peruko emakume bategaz ezkondu eta alaba bi izan zituen.
Jean Zubiri hil eta zazpi urte beranduago, alaba horretako batek, Nancy Zubiri kazetariak Euskaldunak AEBetan liburua idatzi eban, euskaldunen bizimodu, ogibide, tradizino eta bizipenak kontetako. Orain bost urte argitaratu eta berehala sekulako erantzuna lortu eban, oso denpora tarte txikian, Nevadako Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako euskal libururik salduena eta irakurriena bihurtu zan. Aitatutako unibersidadeak oraintsu eskatu eutson Zubiriri liburu-gidaren eguneratzea eta honezkero buru-belarri dabil beharrean.