'The Last Link': Pete Camino artzainaren historia kontetan dauen filma
AEBetako mendebaldeko Folk Ondarearen Zentruak oraintsu aurkeztu dau Nevadan 'The Last Link', AEBetan eta Euskal Herrian filmautako pelikulea eta Pete Camino, Iparameriketako Wyoming Estaduko Buffalon jaiotako euskal jatorriko artzainaren historia kontetan dauena. Aitagarria, Wyoming-eko rantxuetan jaio eta bizi osoa emon dauen artzainak 80 urtegaz egin ebala lehenengo bisitea Euskal Herrira 2001ean; Camino artzaina da pelikulako protagonista nagusia.
Kontuak kontu, Pete Caminoren historia oinarritzat hartuta, bidebatez, Ben eta Tim Kahn, filmaren egileek AEBetako artzaintza jardueraren gainbehera, mundu horrek inguruan dituan baloreen galbidea eta galera horrek AEBetako gizartean eragin dauen pobretzea kontetan dabe.
Dokumentalak 'Artemesia Wildlife Foundation' ospetsuaren laguntzinoa euki dau eta, esandako moduan, Ben eta Tima Kahnek idatzi, zuzendu eta ekoiztu dabe. Bestalde, oso eragingarria izan da Willie Nelsonen parte hartzea, izan be, abeslari ezagun horren ardurea izan da dokumentalaren narrazinoa.
'The Last Link' dokumentalaren estrainaldia Nevadan izan zan, Elkoko "Western Folklife Center' aretoan baina aurrestrainaldia Californian izan zan Sonoma Film Festivalean hain zuzen be. AEBetako ekialdeko kostan, Vermonten be ikusgai egon da eta garagarrilaren amaieran Buffalon aurkezpen berezia izan zan, kontuan hartuz, bertan bizi dirala dokumentalean parte hartu daben gehienak.
Ekoizleak hasi dira Euskal Herriko EITB eta Europako beste telebista batzuekaz hartu-emonak bideratzen eta leitekeana da laster EITBk emotea Pete Caminoren historia kontetan dauen dokumentala.
Bizkaie!
Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa