Barriketan  II. urtea // 33. zenbakia - 2003ko irailaren 1a

Urtzi Urrutikoetxea: 'Literaturako Nobel saridunaren liburua euskeratzea nekosoa baina ederra izan da'

Urtzi Urrutikoetxea, 25 urteko bilbotar kazetaria idazle gazteen belaunaldian sartu geinke baina honezkero arlo asko jorratu ditu.

Ikasketaz, kazetari, ikus-entzunezkoetan lizentziatua, prentsa idatzian eta telebistan ibilitakoa; ogibidez, kazetari, gidoigile, idazle eta itzultzaile.

Prosa eta poesia jorratu dituan idazlea da eta hor dagoz 'Borroka galduetatik gatoz', 'Gaur ere ez du atertuko' eta 'Utzidazu karmina kentzen' poema liburuak eta 'Auzoak (hiriaren sinfonia)' nobelea (proiektua).

Itzulpengintza arloan, XVI. Jokin Zaitegi saria irabazi ostean, oraintxe irailean aurkeztu behar dau Urtzik Imre Kertesz literaturako azken Nobel saridunaren 'Sorstalansag' nobelearen euskerazko itzulpena. Elkar argitaletxeak aurtengo Durangoko Azokan argitaratuko dau. Atxaki ederrak beraz santutxuar gazte honegaz berbalditxua egiteko.

1. Orain 16 bat urte Arrasate Euskaldun Dezagun Alkarteak sortutako Jokin Zaitegi itzulpen saria beka modukoa eta Literaturako Nobel saridunen lanen bat euskeratzeko izango da aurrerantzean. Aro barriko lehen deialdian zu zeu izan zara irabazlea eta Imre Kertesz idazle hungariarraren eleberri bat euskeratzeko ardurea emon deutsue 3500 euroko saria tarteko. Zer dala eta aurkeztu zinan?

Bai, aurrerantzean Literaturako Nobel saridunen lanak euskeratzeko izango da Jokin Zaitegi itzulpen saria eta pozik nago aro barriko lehenengo irabazlea nazalako. Igaz Alemanian egon nintzan EITBko korrespontsal beharra egiten eta bidebatez alemaniera ikasten eta, beraz, erronka legez hartu neban Imre Kerteszen liburua itzultzeko aukera hori. Hiru orriko proiektua aurkeztu behar zan eta gogoz ekin neutson beharrari; ganera, igaz, gabonak bueltan astitsu ibili nintzan eta nahikoa erraza otu jatan testua. Hori bai, lar ezagutzen ez dogunaren aurrean, errespetuz jokatu behar dala argi daukat baina, berez, nik itzulpengintzarik, filologiriak eta antzekorik be ikasi ez arren, nire burua holako behar bat aurrera atarateko kapaz ikusi neban; edozelan be, itzulpen behar gitxi batzuk egindakoa naz, besteak beste gustoko olerkienak eta lagun galiziar batek bere liburu txikia Interneten hizkuntza askotan ipinteko gogoa eukala eta, gustora euskeratu neutson. Dana dala, liburu hau itzultzea sano gogorra izan da.

2. Liburua potoloa da baina saria be bai. Diru hori oporretan gastauko zendun segurutik?

Bai eta ez. Egia da bidaiak egitea asko maite dodala eta ahal dodanean, eskapadatxuak egitea asko gustetan jatala; hau esanda, bai atrapau nozu, libre izan dodazan egun batzuetan ibili naz bai hor zehar. Dana dala, mundu honetan gorabehera handiak izaten dira, batzuetan beharra dago beste batzuetan ez eta, jakina, zeozer gordetea be ona izaten da momentu txarrei aurre egiteko.

3. Zu lako sortzaile batek zelan hartu dau itzulpen behar hau?

Lehen be zeozer esan dot. Autortu behar deutsut atrebentzia puntu bategaz sartu nintzala saltsa honetan. Proiektua aurkezteko hiru orrialde baino ez ziran euskeratu behar eta burukomin handiegirik barik ekin neutson beharrari. Ganera, literaturearen barruan, beste esparru bat da itzulpenarena eta aukera handiak dituana; esan gura dot, azken urteotan literatura unibersaleko klasiko asko eta beste liburu batzuk euskeratu badira be, oraindino behar handia dagoala egiteko, obra asko dagoz euskerara ekarteko eta mundu honetan, espezialista onak dagozala badakit baina jente ona egon arren, ez dot uste inoiz behar dan beste egongo danik.

4. Itzulpenerako jatorrizko hizkuntzea hungariera da baina antolatzaileek alemanierazko bertsinotik abiatzea proposau dabe. Itzulpen beharra zelako esperientzia izan da? Zeintzuk izan dira arazorik larrienak?

Hungariera gurean larregi ezagutzen ez dalako proposau eben alemanierazkoa. Dana dala, Imre Kertesz egileak berak alemaniera ondo daki eta hurren egoan bertsinoa horixe zanez, horregaitik etorri zan aholku hori.

Itzulpen beharra gogorra izan da, alde batetik, ez dalako jatorrizko bertsinoa eta alemaniera hurren dagoan hizkuntzEa izan arren, batzuetan ganerako bertsinoak aztertukeran sekulako nahasteak sortzen diralako. Hiru itzulpen edo hiru bertsino izan dodaz aurrean beti (frantsesezkoa, ingelerazkoa eta alemanierazkoa) eta, normalean, hiru horreetatik bitan antzekotasunak topau ezkero, horrexeri jarraitu deutsat. Tarteka, gaztelaniazko itzulpena be aztertu dot baina ez dago jatorrizkotik eginda eta ez deutsat jaramon larregirik egin. Danari adi ibiltea nekosoa eta luzea izan da ze jatorrizkoa dozunean, zeurera artez egin behar dozunean, horri kasu egitea, beste aukerarik ez da izaten; kasu honetan, barriz, hiru bertsino, hiru hizkuntza egon dira jokuan eta nekosoa baina esperientzia ederra be izan da.

Beste alde batetik, 'Sorstalansang' irakurteko gatxa ez bada be, esaldi luze-luzeakaz ibili behar izan dot jolasean. Ironia gogorra edo krudela darabil Imre Kerteszek eta hori be geurera emoteko orduan nahiko gogorra izan da, batez be, 15 urteko gazte baten ikuspegia dalako; ustezko sinpletasun horretan dagoan guztia adierazotea ez da uste bezain erraza izan. Sarritan gauzarik sinpleenak gatxenak izaten dira.

Horrezaz ganera, euskereari jagokonez, neure mugakaz be burrukan egin behar izan dot, izan be, askotan ulertzeko zailtasunik izan ez arren, benetako arazoak ideia horreek euskerara aldatzerakoan sortu jataz. Momentu batzuetan, gabezia horreezaz jaubetzea be gogorra izan da baina zelan edo halan akulu efektua be izan da niretzako gauzak aztertu, galdetu, kontsultau eta ikasteko.


5. Liburu potoloa da 'Sorstalansag' izeneko hori, 260 orrialde oso oker ez bagagoz. Izenburuak zer esan gura dau?, ze gai jorratzen da?, zelan itzuli dozu izenburua?

Bertsinoen arabera, orrialde gitxiago edo gehiago dira baina beti be liburuotako orrialdeen neurria kontuan hartuta. Nik erabili dodazan bersinoetatik frantsesezkoa da luzeena baina orriak txikerragoak diralako, hor ez dago beste misteriorik.

Gaiaren harian, 'Sorstalansag' nobelea ez dala autobiografikoa dino egileak berak baina bere bizitzako zati batzuk, ez dakit alter egoa dan baina bizi izandako pasadizuak kontetan ditu. Imre Kertesz, Hungariako uriburuan, Budapesten jaioa da eta familia judutar batean. Gaztetan, 15 urte zituala, gerrea tarteko, alemaniarrek konzentrazino esparruetara eroen eben, Auschwitzen eta Buchenwalden izan eben eta historia hori kontetan dau, gerrearen gogortasuna gazte batek kontauta, ikuspegi 'naif' bategaz beharbada, batzuetan insultantea be bada, gero ondorioak ikusi doguzanontzako; sasoi haretako giroa azaltzen dau, etsipena, gauzak ondo zein txarto egin ez dauela ardura, zigorra ez datorrela ona edo txarra izateagaitik, Alemaniako kulturearen mirespena...; tragedia hori guztia darabil Kertesz jn.ak.

Liburuaren izenburuak badauka bere korapiloa. Ingelesez 'Fateless' da, frantsesez 'Sans destine' eta alemanieraz be antzekoa. Itxura baten horixe da, 'patu edo gerorik eza...': 'Sors' horrek esangura bi ditu: patua eta orainaldia; batzuek etorkizunik eza, gabezia aitatzen dabe baina egileak orain aldirik ez dagoala adierazo gura izan dauela pentsetan dot, gerorik be ez baina orain aldirik ez dagoala Auschwitz lako deusestatze esparruetan. Euskerazko izenburua zehaztu barik dago baina ezezkoan jarri beharko da: patu, orain, gero eza, gabezia..., horren bueltako zeozer.

6. Imre Kerteszen eleberria euskeratzeko lehiaketan 15 proiektu aurkeztu ziran eta epaimahaiak zurea aukeratu eban. Itzulpena amaituta, Karoly Morvay, euskeraz dakien hungariarrak gainbegiratuko dau baina azken hitza Joxe Azurmendik, Ibon Uribarrik eta Xabier Mendiguren Bereziartuk osotutako epaimahaiak izango dau. Zer espero dozu?

Aurkeztu neban proiektuaren haritik dator itzulpen osoa be eta, beraz, ha gustokoa izan baeben behar osoa be gustauko jakelakoan nago. Dana dala, Xabier Mendigurenegaz hartu-emonetan egon naz eta itzuli ahala, zatiak irakurten izan ditu; ganera, berenberegi azpimarrau gura neuke Karoly Morvayren kolaborazinoa, ze denpora guztian laguntzeko prest egon da eta niretzako lujoa izan da holako aditu bategaz behar egitea. Kapituluak amaitu ahala, irakurri eta behar bezelako ohar eta gomendioak egin deustaz eta sekulako ahaleginak egin ditu, testuan agiri ziran datuak behar bezela ulertzeko argazkiak edo bestelako dokumentuak lortzeko.

7. Sortzaile legez, sari garrantzitsuak jaso dozuz prosa zein olerkian, besteak beste, Ernestina de Champourcin, Irun Hiria eta Joseba Jaka beka. Poesia ala prosa gurago?

Itsasoa ala mendia...? Oro har literaturea maite ezkero, ezin dot bata kendu eta bestea ipini. Gauza diferenteak dira, momentu diferenteetarako, estilo biak erabilten dodaz azken bolada honetan olerkia apur bat ahaztuta daukadan arren. Halan da be, aitatu dozuzan sari biak poesian irabazitakoak dira eta, akaso hor ikusten dot nire burua seguruago. Prosan, barriz, pausu sendoak emon guran nabil.

8. Euskal literaturEak arazoak ditu kanpora atarateko. Egiten diran itzulpenak bakanak eta asistematikoak dira. Itzulpengintza politika sendoa beharrezkoa dala pentsetan dozu?

Bizi dogun egoera eta gizarte honetan, ez da txarra itzulpen batzuk egitea modu sistematikoan ez bada be; seinale ona da, hau da, kanpoan bateren batzuk erreparetan deutsielako gure beharrari. Politika zehatza eta sistematizazinoa ona izango litzatekez kanpokoa geurera dakargun moduan, geurea be kanporatzeko edo ezagutarazoteko baina horrek arriskua be badauka, produktu ugari bai baina kalidade gitxikoak egin daitekezalako. Merkatu posibleak ondo aztertzea komenidu da. Aspaldion dudea sortzen jaku ze gurean kalidadezko produktuak sortu arren, kanpoan interesik egongo ete da gurea irakurteko? Askotan pentsau izan dogu geu garala zarratuak edo konplexudunak baina akaso ikusten hasi gara, salbuespenak salbuespen, erdaldunek be ez dabela aparteko interesik erakusten geure beharraren aurrean.

9. Jokin Zaitegi bekako itzulpena amaitu ostean, zer dozu orain buruan?

Orain Joseba Jaka bekea daukat eta urtebeteko epean 'Auzoak' nobelea aurkeztu beharko dot. Ez dago lokartzerik baina 2004ko Durangorako ataratea da asmoa eta, beraz, sasoiz nabil oraindino. Proiektua aurkeztu nebanean, gauzak eta ideiak argi nituan, orain be bai baina, suspensearen maisuak, Hithckoock handiak be esaten eban: 'pelikulea eta gidoia argi dodaz buruan baina hori guztia filmau egin behar da...'; niri be holako zeozer pasetan jat.

Koldo Isusi Zuazo