Zinea  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

Nowhere in Africa


Film honek nazien antisemitismoaren ganeko beste atal baten barri emoten deusku; kasu honetan, kontakizuna Kenyan girotuta dago. Senar-emazte judutar batek eta alabeak herrialde honetara egin behar izan dabe iges, Hitler-ek boterea eskuratutakoan Alemanian sumatzen dan egoera arriskutsuaren ondorioz. Halan, nekazaritza-ustiapen bateko buru bihurtuko dan abokatu bat ikusiko dogu, bai eta hasikera baten Alemaniatik bota dabenen antzeko jokera arrazistea dauen andra bat be. Aldi berean eta kontrapuntua ipiniz, integrazino eta maitasunaren adibidea izango dan ume bat ikusiko dogu, Afrika baltzeko biztanleen ontasun eta abegikortasuna ikusten jakingo dauena.

Hasikera-hasikeratik, off-eko abots gozo bati esker, ume honek joan-etorriko bidaia honen gomutak kontauko deuskuz, bertan topautako adiskidetasun eta alkartasuna jatorrizko herrialdean sentidutako bildur eta norberekeriari kontrajarriz. Beraren bitartez, Afrikako paisaia zoragarriak ikusi, bertako kulturearen eta tradizinoen barri izan eta, are garrantzitsuagoa dana, Mendebaldeaz jaubetu dan handigura eta intolerantziaren zipriztinik bape ez daben persona bihotz zabalak ezagutuko doguz. Sano hunkigarriak izango dira ume honen eta sukaldariaren artean sortuko diran hartu-emonak; izan be, kultura desbardin bi buztartzeko gauza izan ez eze, gizakien arteko sensibilidade eta orekea lortu leitekeala gogorarazoko deuskue, maitasuna tarteko dagoanean. Edozelan be, bikote protagonistearen ganean bilbaturiko hari nagusiak batzuetan indarra galduko dau eta euren erreakzinoak askotan ez doguz lar ondo ulertuko.

Kontraste handiko filma da, Alemania beteten dauen iluntasuna eta Afrikako zeruaren argitasuna horren adibide argiak dira, bai eta helduen mundu korapilatsuari ederto kontrajarten jakon umearen ikuspuntu baikor eta alaia be. Beste alde batetik, pelikuleak kultura ezezagunekanako errespetuaren eta personen duintasunaren aldeko ikasbide ederra emongo deusku. Ganera, filmean erabilitako argazkigintzea eta musika sinfonikoa zoragarriak dirala azpimarratu behar da.

Veneziako zinemaldian arrakastarik jadetsi ez arren, ingelesez eginda ez dagozan pelikulei emon ohi jaken Oscar saria eskuratu eban. Film ona da, errealidadea ume baten adikune zorrotz baizen baikorraren bitartez erakutsiko deuskuna. Horretxek lagunduko deusku sarritan hain gatx, korapilatsu eta ulertezina dan helduon mundua dudatan jarten. Ez da gitxi, benetan.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Caroline Link
- Herrialdea: Alemania.
- Iraupena: 141 minutu
- Antzezleak: Juliane Köhler (Jettel Redlich), Merab Ninidze (Walter Redlich), Lea Kurka (Regina), Regine Zimmermann (Käthe), Matthias Habich (Süsskind)...
- Gidoia: Caroline Link; Stefanie Zweig-en nobelan oinarritua.