Barriketan  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

Txus Dominguez (skaterra): 'bizimodua monopatinagaz ataraten dabenak asko dira gurean'

Getxoko Udalak oraintsu erabagi dau Arrigunagako skate pistea zabaltzea


Aspaldi entzunda geunkan Getxoko Arrigunagako skate pistea Europako onena dala. Holan dinoe behintzat adituek eta ezustekorik ez bada, Getxoko Udalak 90.000 euroko inbertsinoa egingo dau Arrigunagako skate-gunea zabaldu eta hobetzeko. Lanak urte amaieran edo hastea da asmoa.

Orain urteak, 86an edo Arrigunagako skate-gunearen ardurea izan eben legez, orain be proiektuaren idazketearen ardurea Javier Labad Cortadi, arkitekto eta skaterrarena izango da eta diseinua eta ideia, barriz, Txus Dominguezena. Alkarregaz hasi ziran monopatinagaz patinetan orain 28 bat urte eta, gaur egun, Gestalt, oro har ekipamenduez arduratzen dan enpresan dihardue skate arloan, pisten diseinua, aholkularitzea eta eraikuntza beharretan. Espainian era horretako enpresa bakarra da eta behar askogaz dabilz.

Skate munduaren gorabeherak ezagutu guran, Arrigunagara hurreratu gara eta bertan topau dogu Txus Dominguez gure galderei erantzuteko prest.

1. Ezer baino lehen, kontaiguzu noiztik zabiltzan zu patinetan eta zer eraginda sartu zinan mundu honetan.

Sei bat urtegaz edo hasi nintzan eta, beraz, 28 edo daroadaz patinetan eta mundu honetan buru belarri sartuta. Txikitan monopatina erregalau eustienean sekulako poza hartu neban eta lagunekaz batera, arin hasi ginan aldatzetan behera lehenengo pausuak emoten ze dakizun legez, Getxon aldatz asko eta onak dagoz. Egia esan, ez genduan kanpoko eraginik izan mundu honetan sartzeko, beste barik, gustoko kontua zalako sartu ginan. Txikitan ezagutu neban Javier Labad, gaur egun nigaz behar egiten dauen arkitektoa. Ordurako, ni baino pare bat urte zaharragoa zan lagunak egurrezko arlanpa batzuk eginda zituan eta hortik aurrera geratu barik ibili gara, patinetan eta tarteka gure tramankuluak sortzen. Bizi guztia egin dogu patinean eta txapelketa batzuetan be parte hartu izan dogu. Asko kostata, guretzat egitada handia izan zan Arrigunagako skate-gune hau egitea, izan be, sasoi haretan erreferentzia bakarra izan zan, Europako skate-gunerik onena.

Sarreran adierazo dozun legez, gaur egun, bete-betean gabilz pisten diseinu eta eraikuntza munduan eta eskabideak gure mugetatik kanpo be ugari jaso doguz. Kanpotik modulu batzuk ekarten ditue batzuk baina diseinuan eta eraikuntzan bakarrak gara penintsulan.

2. Skate mundua, bizitzeko filosofia da ala kirola beste barik?

Kirola dala esango neuke. Gaztetxua zaranean, modak eta marketingak indar handia izaten dau eta, beharbada, errazagoa izan daiteke bizitzeko estilo baten zurrunbiloan sartzea baina, geroago, urteetan aurrera zoazenean, kiroltzat hartzen dozu, frontoira edo mendira joan beharrean, patinetan zoaz.

3. Eneko Acero, munduan ezaguna dan Algortako surflariak skate mundutik egin eban salto surfera. Badago zerikusirik surfaren eta skate-aren artean?

Bai, orain urte asko Enekogaz ibilitakoa naz haur-parkeetan patinetan. Egia esan, surfer gazteak monopatinean ibilten dira, batez be, surf egiteko olatu nahikorik ez dagoanean. Edozelan be, skate mundua surfa baino gogorragoa da eta batzuk baztertu egiten dabe. Hori bai, monopatina surf mundutik jaio zan, olaturik ez egoanean, zeozelan denporea emoteko; hasieran, surf taulei gurpilak ipini eta hor sortu ziran lehenengo monopatinak. Hortik aurrera, ondo bereiztutako munduak izan dira baina datu legez, esan behar deutsut surfak berak skate munduaren gauza batzuk kopiau dituala, besteak beste, hegaz urtetea eta bestelako maniobra batzuk. Skate, surf eta snow munduak nahikoa lotuta dagoz.


4. Skate mundutik snowboard-era pasau diranak be ezagutzen doguz. Euskal Herrian maila handia dago aitatutako bi espezialidade horreetan, ezta?

Snow arloan munduko onenetakoa donostiar bat da eta skate arloan be, oro har jenteak horren barri izan ez arren, oso maila handia dago; Getxon berton, Europa eta Munduko onenetako batzuk doguz, bizimodua monopatinagaz ataraten dabenak hain zuzen, kopuruaren aldetik, surf munduko izarren parean esango neuke. Surfa akaso komertzialagoa da eta horregaitik ezagunak egiten jakuz Acerotarrak, Yarritu...; skate arloa esan leiteke orain dagoala indartzen.

Dana dala, gurean azpiegitura faltan dagoan kirola da ze urte osoan entrenetako, neguan patinean ibilteko beharrezkoa izango litzateke estalitako pistea; ganera, txapelketa asko estalitako guneetan egiten dira eta abar; gai honen harian, estalitako parke baten proiektua aurkeztu geuntson bere momentuan Udalari baina oraingoz geldi dago.

5. Emakume surflariak gero eta gehiago dira. Emakumezko skaterrak badabilz?

Bai duda barik. Bakioko neskato bat munduko onenen artean dabil. Gero eta neska gehiago dabilela monopatinean esango neuke.

6. Getxon ondo sustraitutako kirola da skate-a. Gaur egun, zenbat skater ibilten zarie Arrigunagan?

Kopuru zehatza emotea ez da erraza. Dana dala, 300 inguru izango gara segurutik. Afizino handia egon da beti Getxon. Gero eta ume txikiagoak hurreratzen dira ganera eta oso pozgarria da hori; gehienak 10 eta 15 urte bitartekoak dira.


7. Sarritan ikusi doguz skaterrak pistetatik kanpo: aldatzetan behera, sekulako abiadan edo eskudel eta kaleko bestelako toki batzuetan itzulipurdiak egiten. Skaterrentzako pista larregi be ez dago, ezta?

Badagoz egon. Ia-ia udalerri guztietan dagoz gune txikiak baina egia da ez dirala lar onak. Dana dala, kontuan hartu behar da patinaren kirola ezin dala mugatu skate gunera; eskaladan legez, rokodromoak ondo dagoz baina benetako hormak izaten dira erakargarrienak; patinagaz be bardin antzean, sarritan aldatzetan behera edo kaleetan zehar ibiltea be gustetan jaku: eskaileretatik salto egitea, eskudeletara igotea...; egia da, tarteka, espaloi ertzak eta uriko altzariak hondatzeagaitik eta parkeetan jente artean monopatinean ibilteagaitik salaketak eta atxiloketak be jasan behar izan doguzala baina gauza txarragoak be badagoz. Udalerri askotan galarazota dago monopatinen ibiltea eta ez dot pentsetan neurri egokia danik. Alkarri errespetua zor deutsagu, hor ez dago dudarik eta, horregaitik, edadekoak edo ume txikiak inguruan dagozanean, patina ez erabiltea da egokiena; kontua da ze patinatzaile gazteenek ez deutsela jaramon larregi egiten kontu horreei.

8. Euskal Herritik kanpo be jenteak deitzen deutsue skate pisten diseinu eta proiektuak eskatzeko. Gero eta indartsuago dagoan mobimentua da hau?

Bai, duda barik. Jakina, urteetan zehar momentu onak eta txarrak be bizi izan ditu mundu honek baina ganerako arloetan pasetan dan moduan. Orain urteak beste batzuek egiten ebenaren zain gengozan eta, gaur egun, barriz, gurean be indar handia dauka monopatinak eta erreferentzia be bagara beste batzuentzat; esangura horretan, diseinu eta proiektu asko egiten gabilz Euskal Herritik kanpo be. Gure inguruan, laster Sopelan skate-gune ederra eregiko da. Guk aurkeztutako proiektua onartuta dago eta ezustekorik ezean, Sopelakoa Arrigunagakoa baino gune hobea izango da.

9. Skaterren artean janzkera berezia dago: XXL neurriko praka eta kamisetak...

Bai, surf munduan legez, skate arloan be estetika berezia dago baina XXL modea uste dot pasauta dagoala honezkero. Gaur egun, zabal dabilz surf eta skate moda eta estetika bereziak eta ez bakarrik kirol hau egiten dabenen artean, jente askori gustetan jakoz mundu horreetako janzkerak eta egia da negozio handia dagoala tartean.

10. Moda kontua bazterrean itxita, patinetan hasteko ze ekipo beharko geunke?

Oinarrizkoena, monopatina jakina. Gitxi gorabehera, normaltxu bat erosteko 180 bat euro beharko doguz eta protekzino kontuan, barriz, praktikauko dogun skate mota kontuan hartu beharko litzateke ezer erosi aurretik. Arlanpa handietan ibili gura izan ezkero, protekzinorako ekipo osoa erosteko 100 euro edo beharko doguz. Gero, jakina, zapatila bereziak be badagoz, 125 eurotik gorakoak, markako kamisetak...


11. Orain gitxi, Skater Jaia antolatu zenduen Arrigunagan eta, besteak beste, munduko txapelduna be etorri zan. Urtean zehar bestelako ekitaldirik antolatzen dozue?

Orain urteak Arrigunagara etorteko dagoan aldatzean jaitsierak antolatzen genduzan baina urbanizazino arazoak eta bestelako kontu batzuk tarteko bertan behera itxi behar izan genduan. Azken aldian, urtero San Juan egunez, Pool Jaia antolatzen dogu. Aurten, inguruetako eta kanpoko 2000-3000 lagun hurreratu dira eta oso pozik gagoz.

Koldo Isusi Zuazo