Euskaldunok munduan  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

'Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria'

Euskerazko lehen kazetaren historia argitaratu barri dau Xipri Arbelbidek

Xipri Arbelbide

Heletan, Nafarroa Beherean sortua da 1934an. Teologian lizentziatua, 1960an abadetu zan. Hamabi urtez Afrikako Boli Kostan misiolari ibili ostean, Pariseko Ecoel des Hautes Etudes en Sciences Socialeseko diplomea eskuratu eban. Baionako Gure Irratiaren sortzaileetako bat izan zan eta bertan ibili zan beharrean 1982tik 96ra bitartean. Herria astekarian hasi zan euskeraz idazten eta dagoeneko hamabost bat liburu daukaz argitaratuta euskeraz eta frantseseraz. 1987tik Euskaltzain urgazlea da.

Bizkaie!

Xipri Arbelbide Mendibururentzat izan da 2002ko Mikel Zarate Saria. Zeozelan, euskerazko lehen kazeta edo egunkariaren historia dakar Nafarroa Beherean, Heletan jaiotako idazleak. Xipri Arbelbidek sekulako ikerketa beharra egin dau eta Pariseko Biblioteque Nationala, Baiona, Pabe eta Euskaltzaindiaren liburutegiak, Californiako Artxibo Nazionala, Los Angeleseko Liburutegi Publikoa eta Natural History Museuma eta makinatxu bat liburu, 35etik gora irakurri eta aztertu ditu.

Gauzak holan, liburu honetan, Jean Pierre Goytino (1860-1920) eta honek Los Angelesen sortu eban 'Californiako Eskual Herria' astekariaren ganeko jakingarriak dakarz, gaia argazki, agiri, irudi eta gutun ugarigaz horniduta.

Jean Pierre Goytino mugazainen semea zan, Ainhoan sortua. Fraile eta eskola publikoko irakasle izan ondoren, Ameriketara joan zan. Euskerazko aldizkaria sortu ebanean, 'Le progres' Los Angeleseko frantsez kazetaren zuzendari zan eta hor ebilela, 5 urte iraun behar eban 'Californiako Eskual Herria' sortu eban 1893an, garagarrileko 15ean. Astekari hau euskera hutsean argitaratzen zan baita publizidadea be eta euskereari emon eutson lehentasun eta indar horregaitik esan daiteke Jean Pierre Goytino aitzindari izan dala euskal prentsaren munduan.

Goytino Los Angeleseko frantsez ospetsuenetarikoa izan zan. Halan da be, ez da erreza jakitea zelan pasau ebazan bere azken 22 urteak; badakigu jakin, miserian eta bakardadean hil zala 1920ko apirilaren 14an.

Euskal herritik oso urrun, beraz, euskera hutsezko prentsa.

Xipri Arbelbideren liburuaren hasieran, honako datuak irakurri zeinkiez:

'Euskerazko lehen astekaria ez da 1887an Louis Etxeverri Donazahartarrak sortu eban Escualduna. Euskera hutsezkoen artean, Uscal Herrico Gaseta eta Escualdun Gazeta aitatu behar dira. Agozti Xahok bi aldiz baino ez eban argitaratu Uscal Herrico Gazeta 1848an, Ariel frantsesezkoaren ondoan, hauteskunde kanpaina baten karietara. Geroago, Bizkailuz abokatuak 1885eko abenduaren 24an, Escualdun Gazeta atara eban Los Angelesen. Hiru ale baino ez ebezan argitaratu. 1893an, barriz, Goytinok Californiako Escual Herria sortu eban euskera hutsean.'

Sasoi haretako euskaldunen mundua ezagutzeko beste kontu topauko dozuez 'Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria' liburuan.