Bidaide  II. urtea // 32. zenbakia - 2003ko abuztuaren 15a

Hegoafrika: kontinente oso baten esentzia


Erraztasun horreek mesede ala kalte egiten dabe gehiago?

Bidaiari bakotxak bere gusto eta xelebrekeriak ditu eta hor sartzerik ez dago; nire aukerea nekosoa izan daiteke beste turista batentzat eta alderantziz. Hori bai, Afrika basatiaren bila dabilenak beste parke edo herrialde batzuk aukeratu beharko ditu. Gogoan izan, Hegoafrika sano mendebaldurik dagoala eta horrek alde onak eta txarrak dituala. Gura izan ezkero, hor dagoz Kongo edo Botswana baina komenidu da jakitea leku horreetako gerrilleagaz 'arazoak' izan geinkezala eta nik neuk behintzat holakorik ez dot gura.

Hegoafrikako urietan seguridade faltea dala nagusi entzun dogu. Arriskua benetako da?

Johannesburgo uri basatia eta arriskutsua da. Egunero istilu edo matrakak izaten dira eta zaurituak eta hildakoak be egoten dira sarri. Onena uriak baztertzea da, izan be, leku horreek handiegiak, desatseginak eta eskaintza larregi bakoak dira. Nire uste apalean, beste herrialde batzuetan topauko ez doguzan Hegoafrikaren seguridadeagaz eta prezio egokiekaz, onena naturearen handitasunaz difrutetea da, basanimaliakaz eta landarediagaz gozetea hain zuzen be. Dana dala, niri Kenia askosaz gehiago gustetan jat.

(Bizkaie-ren lehenengo zenbakian Fernando Roblesi Keniaren ganean egindako alkarrizketea irakurri zeinkie).

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Fernando Robles eta Zigor Aldama

Bidaide atalean barriro geugaz dogu Fernando Robles bidaiari amorratua; oraingo honetan, kontrasteez ganezka dagoan herrialdearen ganeko kontuak ekarriko deuskuz: Hegoafrikako uriburu basatia dan Johannesburgotik Afrikako herrialde garatueneko sabanara bitarteko jakingarriak; esan leiteke deskolonizazino prozesuaren eragina ez dauela horrenbeste igarri Hegoafrikak eta, oro har, kontinenteko herrialderik gehienetan pobreziak eta tribuen arteko burruka gogorrek bizimodua hankaz gora ipini dabe ehundaka edo milaka hildako eta baztertu eraginez. Edozelan be, uda sasoitik kanpo bidaiak egitea maite daben turistentzat oso erakargarriak izaten diran safariak aitatuko doguz zenbaki honetan.

Safarietarako beti entzun doguz Kenia edo Tanzania baina Hegoafrikan badago horretarako aukerarik?

Bai, jakina. Ni neu herrialdeko parke ezagunena dan Kruger izenekoan ibili nintzan eta familiarteko oporretarako aukera ederra otu jatan, baita ume txikiekaz joateko be. Leku horretan, turisteak erraztasun guztiak ditu, parkeko azpiegiturak oso onak dira eta edozein ibilgailu erabili daiteke parkean zehar ibilteko. Hori bai, abentura zaleak bazarie, lur guztietarako ibilgailuekaz egiteko ibilbide bereziak dagoz eta benetan ikusgarriak dira. Bestalde, deskantsua hartu behar danerako maila eta prezio guztietako hotelak dagoz.

Zein da sasoirik onena Hegoafrikara joateko?

Nire ustez denporaldi sikua da onena, uda ostean beraz, ze basoetako arbolak eta landaredia ez dagoz hain jantzita eta piztiak errezago ikusten dira. Kruger parkea neurriz erraldoia da; astebete egon nintzan bertan eta geratu barik ibili arren batera eta bestera, leku asko itxi nituan bisitau barik. Hegoaldetik iparraldera ibili nintzan eta uste dot hanka sartzea izan zala hori ze parajerik ederrenak eta pizti gehinak hegoaldean dagozalako. Halan da guztiz be, ingurualderik sikuena izan arren, iparraldea be oso erakargarria da eta haitz formazino zoragarriak eta baobabs ezagunak hantxe dagoz.

Piztiak ikustea erraza da?

Bai, normalean erraza da 'zazpi handiak' ikustea, hau da, leoia, leopardoa, jirafea, elefantea, hipopotamoa, bufaloa eta errinozeroa. Guztien artean, ikusteko gatxena leopardoa da. Prisa barik, patxada handiz dabilen turisteak ez dau arazo larregi izango aitatutako pizti guztiak ikusteko. Dana dala, paisajea bera be zoragarria da eta pizti barik be, horreek ikusteko joatea merezidu dau.

Basapiztiak hain hur izatea arriskutsua ete da?

Bai, zeozelango arriskua egoten da. Egia esan, hotelen baten argazki ikaragarriak ikusi nituan: bidetik normal joanda, ibilgailuen 'erasoak' ziralakoan, elefanteek txikitutako ibilgailuen argazkiak berbarako. Dana dala, gitxieneko neurri batzuk hartu ezkero, ezbeharrak ebitauko doguz, besteak beste, gidarien oharrei zorrotz jaramon egitea eta piztiakanako distantzia gordetea aitatuko neukez. Piztiek euren burua arriskuan ikusten dabenean baino ez dabe jarrera erasokorra erakutsiko eta, beraz, zentzunez jokatzea da seguruena istripuak ebitetako. Kumeakaz kontu handia izan behar da ze emeek kumeak ostu edo bereizteko ahaleginetan gabiltzala pentsau leikie. Egia esan behar badeutsut, sekula ez dot arrisku egoerarik bizi eta bufalo taldeen artean be ibili naz...

Familia osoentzat leku egokia izan daitekela dinozu baina jateko kontuan zer?

Bueno, Afrikako jatekoak ez dauka zerikusirik gureagaz baina han Afrika osoko jatekoa topau zeinke eta gustu edo zapore guztiak probau gura dituanarentzat paradisua da. Horrezaz ganera, mendebaldeko jatekoa eta kalidade onekoa be topau daiteke eta turista asko dabilenez, bertako jentea oso ohituta dago mendebaldeko ohitura eta jokerez. Gauzak holan dirala, sarritan komodidade guztiekaz, haize zabaleko zoo baten zagozala pentsau zeinke. Basatia baina eskuraerraza eta erosoa aldi berean.