Euskerea berbagai  I urtea // 1 zenbakia - 2002ko maiatzaren 1a - Hamaboskaria

Arrain txikiak


Jan daigun arraina, gauza ona da-ta, baina hori bai, legearen barruan. Txikiak errespetetan ez dabezan pirata asko dagoz gure artean, arrain kontuan zein osterantzean.

Eneko Barrutia,
Irakaslea, idazlea.

Bermeon eta Mundakan 'arrain txikidxek' lebatzetan egozanean harrapetan ziran arrain txikiei esaten jaken: txitxarroa, besegua, txilloa, lirioa, itsukia. Antzeko berbea “arrain zantarrak”, “arrain lohiak” eta holakoak dira. Lebatzetan joaten zanean, haxe gura izaten zan, eta ez balio gitxiagokorik edo osterantzekorik.

Baserriko animaliakaz pasetan dan moduan, batzuetan handiek eta kumek edota txikiek izen desbardina eukiten dabe: behia-txahala, ardia-bildotsa, axuria, artxoa, bekerekea, ahuntza-aumea; umerria, giberria... Ba, bardin pasetan da arrain batzuekaz be; ikusi daiguzan holako batzuk:

LEBATZA. Txikitik handira: PITILLOA, KLABITOA (honeek biok arraina txiki-txikitxua danean esaten dira), ANTXOBILLEA (ez da antxoba txikia gero), KARIOKILLEA, KARIOKEA, PESKADILLEA, MEDIANEA (hiru kilora ailegetan ez dana). Orain peskadilleari be lebatza deitzen deutsie askok, baina ikusten dogunez, zehaztu gura izan ezkero, badaukagu zelan. Honeek berbok arrastakoak dira gehiago bajurakoak baino, arrastan espezie eta tamainu gehiago ataraten dira-eta.

BESEGUA edo BESIGUA. Txikiena: PANTXOA, TXILLOA (Bermeon eta Mundakan). Handitxuagoa: TXILLOA, BESEGU-TXILLOA (Bermeon eta Mundakan, 500-700 gramoko arraina).

ATUNA. Txikitik handira: ZINKOKOA (bost librakoa, kilo bi eta erdikoa, Ondarroan), TOMATEROA (kilo bi eta erdi, hirukoa), ATUN BIRIBILA (bost kilotik zortzi kilorako atuna), ATUN HANDIA (hamar kilotik gorakoa).

TXITXARROA. Txikia: TXITXARRO KUMEA, TXITXARRILLOA.

BERDELA. Txikia: PELIKATOA. Santurtzin “biruelo” edo “pelicato”, biak esaten dira.

ANGIREA edo AINGIREA. Txikiak: LATIGOAK. Castron “chicotes”.

ANTXOBEA edo BOKARTA. Txikia: TXINTXIÑE Bermeon eta Mundakan, TXITXIÑA Lekeition, ALISE Elantxoben. Zierbenan “bocartillo”.

SARDINEA. Txikia PARROTXEA da leku guztietan.

SARDITEA edo AINGIREA. Txikiak: ANGULAK.

BALLENEA. Txikia: ZEROIA edo BALLENA KUMEA.

MAKALLO KUMEA be esaten jako erderazko 'bacaladilla'-ri.

Beste arrain askok ez daukie izen bat baino, batzuk txikiak diralako, beste batzuek balio handirik ez daukielako beharbada, edo batek badaki zergaitik.

Erderazko beste kasu kurioso bat JIBIÓN – CHIPIRÓN da, 'chipirón' txikitxua da.
COMESTINA da Santurtzi eta Zierbena aldean erabilten dan beste berba bat. Badirudi ez dala arrain espezie bakarra, txitxarro txikia, boga txikia, atunetan edo zimarroitan joateko egiten dan karnatea izaten da.

OBISPO. 'Cabracho' txikia.
Beste asko be entzuten dira arraindegietan, jatetxeetan, 'sapito, relojito' zapo kumeari; akorduan daukat Asturiasen akula bidegardearen (pez espada) kumeari 'chupete' esaten deutsiela Tapian. Holako asko eta asko dagoz euskeraz zein erderaz.

Txoriakaz ez da horrenbeste pasetan hau, baina kasu bat ondo kontuan hartzekoa da:
ITXASTXORIA edo SANTZEA. Erderazko 'gaviota' da, eta txikiak KAIOAK dira, ez gaur egun askok erabilten daben moduan 'han egozan kaio zuriak'; kaioak ez dira zuriak, iluntxuak edo marroiak baino. Herri batzuetan espezie desbardintzat daukie, baina nire eretxiz ez da holan.
Adjektibo moduan 'gazte' esaten da txikia adierazoteko: lapa gaztea, lebatz gaztea, berdel gaztea... Honen antonimoa 'zaharra' da: tximinoi zaharrak... Esakera modura, 'atun zaharra' be esaten da: 'Atun zaharra zara zu, txo, atun zaharra', asko dakiana, azeria.